Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan

Eibarko auzoak

Elena Laka 2006/01/27 10:25

Eibar aldizkariko hurrengo alean argitaratuko den idatzia.

Eibar rebistaren 50. urtehurrena ospatzeko erakusketa txukunean izan nintzen. Eskerrik asko bide batez erakusketa antolatzeko eta prestatzeko lana hartu zutenei. Horri esker ikusi ahal izan genuen Eibar nola aldatu zaigun azkenengo mende erdian. Erakusketako argazkietan agertzen da nola ziharduten auzoak eraikitzen. Artikuluetan nabarmentzen da 50-60 hamarkadako etxebizitza eskasia zegoela, kanpotik zetozen biztanleak zenbat ziren, eta hauen jatorria.

Idatzi eta erretratu horietatik atera daitekenez, orduko eibartarrek harrituta eta kezkatuta begiratzen zioten herriaren hazkunde azkarrari, eraikinei eta biztanle berrien uholdeari. Baserriak eta mendia baino ez zegozen tokian **Amaña, Urki, San Cristobal auzoak** eraiki zituzten. Orduan Eibarko kanpokaldea zen inguruetan, Ipurua eta Barrena. Eta auzo hauek, ehundaka etxez josita, berehala bete ziren etorkinez.

Orduko eibartar peto-petoek ez zituzten auzo hauek ezagutu. Bertako biztanleak, beste erremediorik izan ez zutenean ezagutu zituzten. Urtehurreneko erakusketan eraikitzen ari diren argazkiak daude, udan Espainiako herrietara joaten ziren autobusen zerrenda. Ostera, gogoratzen dudanez, ez nuen inongo erretratoetan ikusi jende gaztez osatutako auzo horiei buruzko erreportairik, argazkirik, testurik. Ez zegoen, antza, inongo kurisotaterik.

Ni Urkin hazi nintzen. Han ez zen Eibarko euskararik hitz egiten. Auzo guztia Eibartik kanpotik etorritakoekin bete zen. Etxe bakoitzen bi, hiru ume. Baten batek lau, ez gehiago. Andaluziatik, Galiziatik eta Gaztelatik etorrita ziren gehienak. Etorkin euskaldunak ere bai: Azpeitia, Mutriku, Markina, Durango... Euskaldunen artean, bakoitza bere euskalkian. Aitek tailerretan egiten zuten lana: Orbea, GAC, Agirre y Aranzabal... Ez dut gogoraten inor Alfan aritzen zenik, etorkin-etorkinen auzoa zen gurea.

Ume asko ibiltzen ginen kalean, 60-70 hamarkadetan oraindik errepidean baloiarekin jolastea bazegoen. Kalean eta bertan geneukan mendian jolastu ginen. Gurasoen diruarekin eta lanarekin egin zen elizan korriketan ibili ginen. Leiho eta kolore argietako habeak zituen lokala zen eliza. Nahiz eta parkerik egon ez, beti topatzen genuen jolaserako tokiren bat.

Lehenengo auzoan egin ginen gu eibartar, artean eibartar-eibartarrik ezagutzen ez genuela. Gero eskoletan eta Txantxa zelai baino beheragoko kaleetan. Gure artekoekin eta eibartarrekin nahastu ginen, eibartar peto-petoak iritxitako lekuetara ailegatu ginen. Eibarko euskera ikasi eta estimatu genuen. Eibartartasuna hartu genuen eta gure mestizaiaren aberastasuna ekarri genion herriari.

Gaur egun badago eibartar peto-petorik Polonia Etxeberria edo Wenceslao Orbea kaleak non dauden ez dakitela.

Elkarrekin elkartzen

Elena Laka 2006/01/23 13:08

Milaka lagun elkartu dira BECeko atarian oztopoak gainditzeko gertu. (…) Barakadora joan ziren eragileen artean, beraz, elkaralnerako gogoa antzematen zen. Bai hitzetan, bai elkarrekin jokatzeko moduan. BEC kanpoko zelaian jarritako 1.500 jesarlekuetako lehen lerroak bete zituzten eragileek. Berria,06-1-22

Jakina da Europako bazter honetan bizi garenok (bazterrarena noizean behin gogora ekartzea neurri profilaktikoa da zilborkeriak sahiesteko) elkartzeko joera dugula, alegia, animalia elkarzaleak garela.

Elkartzen gara sagardotegietan, mendira joateko, soziedadeetan, enpresak sustatzeko, biribilketetan, derbiak antolatzeko, danborradak jotzeko, txikiteatzeko, herri ekimenak bideratzeko….Euskaldun bakoitza euri tanta bat da, gainerako tantekin elkartuta horren euskalduna dugun zirimiria egiteko gertu.

Eta gure agintariek, beti prestuak, ondo igarri hori. Euskaldunon elkartzeko grina ase-ezina gauzatu ahal izateko, horretarako, BEC erraldoi, garesti, modernoa eraiki digute bazter honetako bazter batean. Bejondeiela, erabilera ederra ematen ari gatzaio-eta!

Frogatuta geratu delako, herritarron elkarreratzeak, oztopoak oztopo (eta kasu batzuetan oztopoak mendizalerik abilena uzkurtzeko modukoak izan dira) BECen,horren izen ez-euskalduna duen errezinto berrian, arrakastatsuak direla erabat. Berdin in-BEC edo out-BEC, barruan edo kanpoan modalitatean.

Ikus bestela: Bertsolaritza Txapelketarako elkarreratzea, marka jarri duen arrakasta borobila. Ezker abertzalea eta gainerako eragileen arteko elkarreratzea, habe-jartze arrakastatsua.

Apal-apalik proposatzen dut beraz, alardea, Kontituzio plazako bandera igoera, derbia, politikarien sukalde-lana, Legebiltzarra… BECean egin daitezela. Badaezpada BECeko izpiritua, euskaldunen berezko elkarzaletasunarekin irabiatuta bazter honetako sukaldaritzaren platerrik preziatuena bihurtzen oten den.

Laga bakean erosten

Elena Laka 2006/01/05 10:35

Administrazioak, haragitzen duten agintarien bitartez, herritar soilon alde dihardu lanean eten gabe. Horrela dio behintzat autopublizitateak eta horrela izan behar du nonbait. Urte berrian ere, jo eta ke: guregatik erabakitzen du non erre daiteken eta non ez, erabakitzen du non semaforoak ipini eta non ez, eta urtero demaseko amorrua ematen didana: erabakitzen du noiz eros daiteken modu konpultsiboan eta noiz ez. Badirudi batzuetan Administrazioak, haragitzen duten agintarien bitartez, buruarintzat edo adingabetzat hartzen gaituela. Hala ere, urtero urtarrileko beherapenak hasten direnean, zuzenean tontotzat gauzkala konbentzituta nago.

Gogoan izan dezagula beherapenetan ez dela modu konpultsiboan erosi behar, dioskue. Egin dezagula zerrenda bat, bakarrik behar ditugun gauzak, fija gaitezela ondo, ez gaitzatela engaina... Gora gu! Eta duela hamabost egun? Duela hamabost egun, Gabon bezperan, Olentzeroren bezperan, dendak lepo eginda zeudenean, guztiok, datak aginduta, zoroen pare erosi behar batean genbiltzanean, erosgaiak gaur baino %30 garestiago zirela, zergaitik ez zitzaion bururatu Administrazio buru argiren bati gogoraraztea ez dela modu konpultsiboan erosi behar?

Jakina, Gabon bezperak erosteko direlako, Gabonetako soldata gastatu egin behar delako, bide batez gastu horren %16a edo %7a Administraziora sartuz BEZaren bitartez. Horretarako ematen dira hiper-mega-erraldoiak ipintzeko lizentziak eta horretarako ipintzen zaizkie hauei sarbide-scalextric hiper-mega erosoak.

Administrazioaren administratu, bezero eta kontsumitzaile garen neurrian, Administrazioak zaindu egin behar gaitu, baina gero eta gehiago dugu artaldearen itxura. Zer jan, zer edan, zer erre, noiz lan egin, noiz jai, zenbat ordaindu agintzen digute. Tira. Ostera, erostea ala ez erostea zergapeko gaixoari geratzen zaion askatasun apurretariko bat da artaldetutako gizarte honetan. Utz dieizaigutela aukeratzen noiz erosi, batez ere merkeago denean erostea aukeratzen badugu, eta batez ere, utz diezaigutela ez erosten, hori bada gure aukera. Hiru hitzetan: laga bakean erosten!

Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.