e-gorblog
Miguel Gallardo
Astiberri Bilboko argitaletxeak 5 sari Bartzelonan
7 izendapen zituzten aurten ere
Bartzelonako Komiki-Azokaren (Espainiar estatuko komiki-azokarik garrantzitsuenaren) 29. edizioan 5 sari eraman ditu (7 izendapen zituen) Bilboko Astiberri argitaletxeak. Paco Rocaren El invierno del dibujante komikiak (Bruguera garaiko komikigileen istorio hunkigarria) 2 sari eraman ditu, lanik onenari eta gidoirik onenari ematen zaizkionak hain zuzen. David Sánchezek egile berriaren saria eskuratu du Tú me has matado lanagatik, Santiago Garcíak komikiaren dibulgazioaren saria La novela gráfica liburuagatik eta María y yo filmak (Miguel Gallardok Astiberrirekin ateratako autismoari buruzko izen bereko komikian oinarritutakoak) komiki batean oinarritutako film onenaren saria. Zorionak, Astiberri! Ea saritutako komikiak (eta, zergatik ez, beste denak ere) euskaraz ikusterik dugun!
"María y yo" filma estreinatu da
Miguel Gallardoren izen bereko komiki autobiografikoan oinarrituta dago
María y yo Miguel Gallardok (beste batzuen artean Makokiren egilea denak) Astiberri Bilboko argitaletxearen eskutik 2007an argitaratutako komiki bikaina da, Kataluniako Komiki-Sari Nazionala irabazitakoa. Bertan autista den bere alaba Maríarekiko erlazioa kontatzen du oso modu hunkigarrian. Komiki bikaina da zinez.
Orain, istorio horretan oinarrituta, izenburu bereko film dokumentala egin du Félix Fernández de Castro zuzendariak, orain artean publizitatean sari ugari irabazitakoak. Miguel eta María eurak dira aktoreak. Jada sariak irabazi ditu eta baita kritika oso onak jaso ere. Trailerrak ere oso itxura ona du.
Gaur estreinatu da filma, beraz ahal baduzue ez galdu ikusteko aukera. Tamalez, Euskal Herrian Bilbon eta Gasteizen soilik dago, momentuz behintzat...



