e-gorblog
Guillermo Zubiaga
Euskal komikigileen album berriak
Guillermo Zubiagaren "Joanes" sailaren bigarren albuma eta Iñaki G. Holgadoren "Retine" sailaren lehenengoa

Irudia: Guillermo Zubiaga / Iñaki G. Holgado
Euskal komikigileek ateratako bi albumen berri dakarzkizuegu oraingoan. Batetik, Guillermo Zubiagak (http://www.guillermozubiaga.com) Joanes or the Basque whaler sailaren 2. albuma, Whale Island izenburukoa, argitaratu du, Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-en eskutik (lehenengoaren berri eman genizuen duela 2 urte eta piko). Albuma bere webgunean bertan eska daiteke.
Bestalde, Xabiroiko kolaboratzaile den Iñaki G. Holgado errenteriarrak (besteak beste, Harkaitz Canoren gidoiarekin Piztia otzanak albuma eta Zebra efektua saila eta Francis Laboutique-ren gidoiarekin merkatu frantziarrerako 2 albumeko Muraille saila egin dituena), beste album bat argitaratu du Frantziako merkatuan. Retine saileko lehenengo albuma da, Guerilla dans la ville basse du izenburua, Stéphane Piatzszek gidoilaria eta Soleil argitaletxea.
Zorte on bi albumei, eta ea noizbait euskaraz ikusteko aukerarik dugun!
Guillermo Zubiaga Marvel-eko komikigileak argitaratu du euskal balea-arrantzaleei buruzko komikia
Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-en eskutik atera du trilogia bat izango denaren lehenbiziko alea
Iaz eman genizuen blog honetan Guillermo Zubiagaren berri, superheroi amerikarren komikietan euskal erreferentziak sartzen dituen Marveleko komigile euskalduna. Eta han aipatzen genizuen ere euskal balea-arrantzaleei buruzko komiki-liburua ere prestatzen ari zela, Joanes or the Basque whaler izenekoa.
Ba Euskalkultura.com webgunearen bidez jakin dugunez, trilogia horren lehenengo alea izango denak, The flying whaleboat-ek hain zuzen ere, argia ikusi du uztailaren amaieran. Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-en eskutik kaleratu du komikia Guillermok, eta Renon izandako NABO (North American Basque Organizations) erakundearen biltzarrean aurkeztu zuten eta salgai jarri. Eitb-com-en elkarrizketa egin diote argitaratze horren harira.
Orain ea hemengo argitaletxeren bat animatzen den euskaraz ateratzera...
Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
"Joanes" komikia prest du euskaraz argitaratzeko
A ze aurkikuntza egin duen Berriako Idoia Etxeberriak! Gaurko alean artikulu bat egin dute Guillermo Zubiagari buruz, AEBetan komikigintzan dabilen Barakaldoar bat, tartean Marvel mitikoan ere aritu dena. Han aspaldi bizi arren, euskara eta Euskal Herriarekiko loturak ez ditu galdu, eta hemengo eta euskarazko detailetxoak sartzen aritzen da komikietan.
Baina horrez gain, euskal bale-arrantzaleei buruzko komiki-liburua ere egin du, Joanes izenekoa. Trilogia baten lehenengo alea izan nahi duen komiki hau jatorrian euskaraz egin du eta gero ingelesera itzuli. Orain argitaratzaile bila ari da, bai AEBetan eta baita hemen euskaraz argitaratzeko!
Zeren zain zaudete? Sauré, Elkar, Xabiroi... Benga denok Guillermori idaztera! Euskal komikigintzak ezin du aukera hau pasatzen uzteko luxua permititu!


