e-gorblog
Dani Fano
Komiki ikuskizunak eta hitzaldiak
Uztaritzen, Gasteizen eta Bilbon
Hurrengo egun/aste/hilabeteetan komikien inguruko hainbat ikuskizun edota hitzaldi izango ditugu Euskal Herrian. Poztekoa, beraz ez galdu aukera!
Batetik, larunbat honetan, otsailak 19, eguerdiko 12tan, Gasteizko Ignacio Aldekoa Kultura Etxean eta Atiza kolektiboak antolatuta, komikien inguruko ikuskizun-aurkezpena izango da. Alvarortega eta Atak komiki bat egingo dute zuzenean eta Euskolabel bilduma eta Lea cómics kanpaina aurkeztuko dituzte.
Bestetik, Marko, Dani Fano eta Adur Larreak parte hartuko dute martxoaren 4an Uztaritzeko Latsa aretoan izango den soirée koktail-musiko-grafiko batean. Ez dut zehaztasun gehiagorik orduaren edo asmoen inguruan, ea beraiek erantzunetan-edo uzten duten...
Azkenik, Bilboko Alhondegiak urtero antolatzen duen Alhóndiga Komik programaren 2011ko egitarauean, hainbat hitzaldi antolatu dituzte. Apirilaren 27an solasaldia dago Miguel Ángel Martínekin eta 28an Santiago Garcíarekin, arratsaldeko 19:30ean Mediatekan. Eta ekainaren 4ean, 11:00etatik 14:30etara eta 16:30etatik 20:00tara, Kulturen Atrioan, Autoeditatuak jardunaldia, beraien lanak autoeditatzen dituzten hainbat egile eta kolektiborekin.
Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
Willy Roa artistak egin du, berriki bere 3D irudi eta animazioentzat blog bat ireki duenak
Anubis 3.0 from WillyRoa on Vimeo
Xabiroi komiki-aldizkariaren urriko alean Dani Fanoren Anubis 3.0 saila amaitu dela-eta, eta ondoren atal denak batuz egingo den albumari begira edo, Willy Roa Daniren adiskide, Elhuyarko nire lankide eta blog honetako kolaboratzaileak 3D-ko animazio bideo eder bat egin du, Anubis 3.0ko protagonistetako bat den AMMIT robotarekin. Hemen ondoan duzue ikusgai.
Elhuyarko langile gisa, Willy Roa Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrilla irratsaioko arduradun eta esataria, ETBko Arratsaldero saioko kolaboratzailea eta Elhuyarko zientziaren komunikazio saileko erredaktorea da, beste gauza batzuren artean. Baina horrez gain artista da marrazki edo komikiak egiten, eta baita Blender software librearen bidez 3D-ko irudi eta animazioak egiten. Benetako errenazimenduko gizona! Elhuyar aldizkarirako 3D irudi asko egin izan ditu, baina bere kabuz nahi duelako ere hainbat egin izan ditu. Berriki blog bat ireki du, Bad3Di, egin dituen eta aurrerantzean egingo dituen irudi eta animazioak igotzen joateko, eta nola eta zergatik egin dituen azaltzeko. Bertan daude, adibidez, ON Zientzia zientziaren dibulgazioko bideo lehiaketaren karira egindako Hemolinfa bideo bikaina (lehiaketan ez zuen parte hartu, Elhuyarko kidea izaki; gustuko zuelako egin zuen), edo bonbilla batek bere burua pizten dueneko beste animazio sinpatiko hau.
Jarraitu beharreko bloga, zalantzarik gabe, Willy Roaren hau. Ongi etorri ziberespaziora, Willy!
Donostiako VII. Komiki-Jardunaldiak
Urriaren 29tik abenduaren 4ra, Dani Fano, Guillermo Gonzalez, Salvador Larroca eta Isabel Mancebo Baldarekin

Irudia: Iñaki G. Holgado / Salvador Larroca /
Isabel Mancebo Balda
Urriaren 30etik azaroaren 5era izango den Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXI. Asteak antolatuta, Donostiako VII. Komiki-Jardunaldiak egingo dira urriaren 29tik abenduaren 4ra. Aurtengoan Euskadi Fantastikoa VI programan Dani Fano eta Guillermo Gonzálezen erakusketa bana egongo da, eta horiez gain Salvador Larroca eta Isabel Mancebo Baldari ere dedikatuko zaizkie erakusketak. Jarraian duzue egile eta erakusketa bakoitzari buruzko informazio gehiago.
Dani Fano
Dani Fano, 1968an Donostian jaioa, komiki marrazkilari jorienetakoa da. Bere binetak askotan ikusi ahal izan ditugu, besteren artean, Mutxo, Elhuyar, Ipurbeltz, Ardi Beltza eta Kale Gorria argitalpenetan. Hala ere, azken urteotan, Xabiroin argitara eman du bere lan handiena, bere bi lan garrantzitsuenak barne, gidoiak berak idatzitakoak izanik: TeleATOI eta Anubis 3.0.
Urriaren 30etik abenduaren 4ra, Udal Liburutegi Nagusia
Guillermo González
Guillermo González (Bilbo, 1971). Animazio tradizionalaren eremuan lan egin izan du batik bat, storyboardak, layoutak eta abar marraztuz. Xabiroi aldizkarian istorio laburren bat egin ondoren, aurten, ipotxen unibertsoari buruzko liburu bat argitaratu du Frantzian (L'univers des nains), Tolkienen munduaren ondorengo den fantasiazko literaturaren topikoetan murgilduz. Liburu hau arrakasta handia izaten ari da eta, ondorioz, ilustratzaile handienen artean aurki dezakegu orain.
Urriaren 29tik abenduaren 4ra, Okendo Kultur Etxea
Salvador Larroca: Filmeetako super heroiak
Salvador Larroca (Valentzia, 1964) super-heroien munduko marrazkilari famatuenetakoa da. Gaztetandik izan zuen super-heroien komikietarako zaletasuna eta hainbat ilustrazio eta istorio argitara atera zituen Planeta DeAgostinin, 1994an Marvel Comicsen filial britainiarrarekin hasi aurretik. Hurrengo urtean Amerikako merkatuan hasi zen lanean, eta bertan izan zen Ghost Rider, The Fantasic Four, X-Men, Spiderman eta azkenaldi honetan Iron Man (lan honetan azkeneko hiru urteotan daramatza lanean) komikien arduradun.
Amerikako merkaturako daramatzan 17 urteotan ez du behin ere huts egin irakurleekin duen harremanean, hilero bere lana zabalduz eta berrituz. Izan ere, bera izan da Eisner saria jaso duen aurreneko espainiarra (Oscar sariaren baliokide komikiaren munduan), Iron Man bere oraingo lan honetan egin duen ekarpenagatik.
Urriaren 29tik abenduaren 4ra, Okendo Kultur Etxea
Isabel Mancebo Balda: Miragarriak
Isabel Mancebo Balda Iruñean jaio zen 1971n. Oso gaztetandik hasi zen margoak, argazkiak, collageak eta zaharberritze lanak egiten, baina batez ere, marrazten, etengabe marrazten. Obsesio antzeko bat. Orain, Pasaian (Gipuzkoa) bizi da, Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatu ondoren eta hainbat eta hainbat lekutan ikerlanean eta bizitzen egon ondoren. Arte nagusitzat du marrazkigintza, ez bakarrik trantsizio tresna gisa. Tintak, errotulagailuak, paperak, hosto lehorrak, zura… konbinatzen ditu. Arreta handiz egindakoa eta preziosista da bere lana, umore sena nagusi dela. Trazuarekin, lerroarekin eta irudiarekin erakarri nahi izaten du ikuslea. Edizio honetan, Allá: Ciudades y gentes bere aurreko erakusketaren ondoren, izaki bereziak, dibertigarriak eta maltzur xamarrak ezagutzera eman nahi dizkigu. Miragarriak lan hau modan eta zineman inspiratutako bestiario bat da eta animaliekin, piztiekin eta hain piztiak ez diren horiekin zerikusia duen mundua erakusten digu. Hala, Miragarriak liburuan, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Aste honetan argitara emandakoan, agertzen diren pertsonaiez gozatzeko aukera ematen digu.
Urriaren 30etik abenduaren 5era, Príncipe zinemak
"TeleATOI: Kalabaza haluzinogenoak" eta "De Rerum Natura 3" atera dira
Euskarazko bi komiki berri aste batean!
Aste bakarrean, euskarazko bi komiki berri ateratzea ez da egunero gertatzen den gauza, alajaina! Hobe hala balitz, baina... Gutxitan gertatzen da holakorik euskal komikizaleon mundu txiki honetan, ez bada Gabonetako kanpainan Sauréren haurrentzat bideratutako komikiekin. Ez da hau oraingo kasua, eta zorioneko egoteko moduan gaude.
Batetik, Dani Fanok Xabiroi komiki-aldizkarian 2005 eta 2007 artean atalka ateratako TeleATOI: kalabaza haluzinogenoak abenturaren bilduma-albuma atera du Ikastolen Elkarteak. Atzo bertan izan zen prentsaurreko aurkezpena, eta gaur medio askotan dator: Berrian, Garan, Diario Vascon... Abentura hau umorezko space opera bat da, espazio-bidaietarako erregai gisa patata erabiltzen den etorkizun absurdu batean kokatua, protagonistak antiheroi patetikoak direla. Irudi ederrak ditu, espazioko hiri eta ontzi dekadenteetako dekoratu politez beterik. Benetan barre egitekoa eta gomendagarria (eta ez da Xabiroiko nire jefeak egina delako, e! ;-)
Eta besteari buruz zer esan? Denok ezagutzen ditugu Patxi Huarte Zaldieroak egunero Berrian egiten dituen komiki-bandak (Euskalterm-ek dioen bezala) edo zintak (berak eta komikigile gehienek dioten bezala). Bere xaloz mozorrotutako umorean, euskal gizartearen eta munduaren erretratu sakona eta ironiaz betetako kritika fina egiten digu, askok eguneroko "pico"a dugun dosi txikietan. Euskaldunon imajinario kolektiboan betirako iltzatuta gelditu diren pertsonaia ahaztezinen bidez egiten du hori, asko Twitter-en bizitza propioa hasi dutenak: Mieltxo plastina-irakaslea, The Organization, Gizon Jakintsua eta M'ongolo, Napoleon Lopez, La Pelota Basqua, Azken Antxoa, Mitxelena XVI.a eta bere laguntzaile Yoda... Banda-zinta horien aukeraketaren hirugarren tomoa atera du orain, berriz ere Elkar-en eskutik, beste 350 istoriotxorekin.
Ez ahaztu bietako bat ere erosteaz, ez zaizue damutuko eta!
"Xabiroi" komiki-aldizkariari buruzko erreportajea "Sautrela"-n
On-line ikus daiteke aurreko astean literaturari buruzko telebista saio horretan emandako erreportaje ederra
Irudia: Sautrela
Joan den asteko ETBko Sautrela literatura saioan Xabiroi komiki-aldizkariari buruzko erreportajea eman zuten. Denboraldi honetan hirugarren aldia da literaturari buruzko saio honek komikiari buruz hitz egiten duela, Tintin-en 80 urteeri eta Zaldieroari eskainitakoen ondoren.
Oraingoan ere oso erreportaje majoa egin dute Xabiroiren inguruan, bertan idazle eta komikigileek duten elkarlana azpimarratuz, eta literatura eta komikiaren arteko ezberdintasunetan sakonduz. Muntaia ere ikaragarri txukuna da, elkarrizketatuak eta bestelako irudiak mugitzen diren biñetetan sartuz. Patxi Zubizarreta idazleak, Asisko Urmeneta irudigileak eta Dani Fano komikigile eta Xabiroiko editoreak gauza ezin interesgarriagoak esaten dituzte bertan. Ez dezazula ikusi gabe utzi!
Xabiroiren 11. alea kalean da
Dani Fanoren sail berria hasten da bertan
Oraingoan garaiz iritsi zait etxera Ikastolen Elkarteak ateratzen duen Xabiroi komiki-aldizkaria, otsaileko alea otsailean bertan alegia, eta lau ale gainera (norbaitek lortzeko arazorik izaten badu, lasai eskatzea dauka).
Jarraian datorren edukia aurkituko duzu bertan, hemengo ordena berean:
- Nik neuk egiten dudan Albisteen txokoa
- Manu Ortegaren Haizea banda
- Auzomorro umorezko orri bikoitza, Guaikaipuroren gidoia eta Alex San Vicenteren irudiekin
- Javier de Isusiren Eguzkiaren herria, sei orriko luxuzko kolaborazioa
- Zaldi Eroaren Arranotxu bikainaren beste bi orri
- KomikiTAUN elkarrizketen orria, oraingoan Raquel Alzaterekin
- Asiskoren Hor Konpost banda
- Dani Fanoren Anubis 3.0 sail berriaren 12 orri; adi sail honi, lehenengo atalak asko prometitzen du
- Julen Ribasen Ikasten 4 orriko istorioa
- Olierrek asmatutako eta Markok marraztutako Haratagoren beste lau orri
Gainera Dani Fanok, Anubis 3.0 sailaz gain, sailari buruzko bloga ere estreinatu du: http://psikostasia.blogspot.com/. Bertan sailaren berri ematen du eta sailaren gaia, hau da, psikostasia edo arima pisatzea, zer den ere azaltzen du. Itxura ederra du blogak. Berak dioen bezala, "Blog honetan sailaren inguruko irudiak, berriak, hausnarketak, amarruak eta ezkutuko zirrituak ipini nahi ditut agerian. Aitor daitezkeen sekretuak, eta aurpegiratuko dizkidazuen gezurrak". Ongi etorri euskal blogosferara, jefe!




