e-gorblog
Bruselako komikiaren museoa
I'm back!
Bruselako Komikiaren Museoa, Watchmen katalanez eta Persepolis Oscar sarietarako hautagai
Badira bi hilabete baino gehiago azken artikulua idatzi nuenetik (bloga hasi nuenetik inoiz ez nuen hainbeste denbora pasatu idatzi gabe), eta aurretiko azken hilabeteetan ere ez nuen gehiegi idatzi... Uztaila eta abuztuan lan kontuak izan ziren: hiru kongresutan lau aurkezpen egin nituen (Amsterdameko SIGIRen EusBila aurkeztu nuen, Birminghameko Corpus Linguisticsen ZT Corpusa aurkeztu nuen eta Louvain-la-Neuveko WAC3n Kimatu eta CorpEus aurkeztu nituen) eta UEUren udako ikastaroetan AJAX ikastaroa eman nuen. Irailean aldiz, hilabeteko oporrak izan ditut Korsika eta Flandrian (hain opor luzeak hartu barik nengoen azken urteetan).
Orain oporretatik bueltan nago eta lanean ere lasaixeago, beraz berriz lehengo maiztasunarekin (astean post bat) idazten hasiko naiz (edo saiatuko naiz behintzat). Eta bi hilabete hauetako lehortearen ordainetan, post honetan hiru gai: Bruselako Komikiaren Museoa, Watchmen katalanez eta Persepolis Oscar sarietarako hautagai.
Bruselako komikiaren museoa
Oporretan Belgikan egonik, derrigorrezkoa nuen Bruselako komikiaren museotik (Centre Belge de la Bande Dessinée) pasatzea, urtarrilean Angulemako Centre National de la Bande Dessinée et de l'imagerekin hasitako erromesaldia jarraitzeko. Haurrekin joanik, beraiek segituan aspertu eta ni ia ezer ikusi gabe gelditzearen beldur nintzen, baina keba! Beraiek ere, etxean irakurrita, jada pertsonaia piloa ezagutzen dituzte (Asterix, Tintin, Pitufoak, Johan eta Pirluit, Lucky Luke, Spirou eta Fantasio, Marsupilami...) eta museoa horien gauzez beteta egonik (erakusketak, dekoratuak, estatuak...), hiru ordu eman genituen bertan! Nik askoz denbora gehiago pasatuko nuen, baina tira, ezin kexatuko naiz.
Aipatutako pertsonaia horiez gain, helduagoentzako beste pertsonaia eta autore asko ere badaude: Moebius, Blueberry, Valérian, Pratt, Tardi, Satrapi, Giardino... Sekzio bat marrazki bizidunei dedikatuta dago, eta komikietako pertsonaietan oinarritutako marrazki bizidunen proiekzioak ere badaude. Liburutegi ikaragarri bat dago, bi atal dituena: bat komikiak bertan irakurtzeko (gehienbat haur/gaztetxoentzako komikiekin), eta beste bat ikerketarako (ordainpekoa eta helduentzako soilik, benetako joiekin). Eta amaitzeko, noski, denda, edozein komikizale arruinatzeko modukoa.
Museo benetan gomendagarria komikiak gustuko dituen edozeinentzat.
Watchmen katalanez
Watchmen, hemen hainbestetan aipatu dugun Alan Moore jeinuaren gidoia eta Dave Gibbons-en irudiak dituen komiki bikaina, euren hizkuntzan gozatu ahal izango dute katalanek, Absolute edizioan gainera. Normalean ez naiz inbidiosoa, baina komiki kontuetan katalanekin... Honi buruzko gehiago La cárcel de papel blogean duzu.
Portzierto, Watchmen filmarena badirudi jada geldiezina dela... 300 filma zuzendu zuen Zack Snyder izango omen da zuzendaria, eta kasting-a ere nahiko aurreratua dago.
Persepolis, Oscar sarietarako hautagai
Hemen sarritan agertu den beste komiki bat Marjane Satrapiren Persepolis da, egileak berak zuzendutako filma inspiratu duena. Ba berriki jakin da film hau izan dela Frantziako Zine Akademiak Oscar sarietan herri hori ordezkatzeko aukeratu duena. DDT-n dioten moduan, ez zen askotan gertatuko herrialde batek Oscar sarietarako bere hautagaitzat animazioko film bat aukeratzea...
Berri pozgarria, komiki ederra baita zinez. Eta ea filma noiz estreinatzen duten hemen...


