e-gorblog
Astiberri
Astiberri Bilboko argitaletxeak 5 sari Bartzelonan
7 izendapen zituzten aurten ere
Bartzelonako Komiki-Azokaren (Espainiar estatuko komiki-azokarik garrantzitsuenaren) 29. edizioan 5 sari eraman ditu (7 izendapen zituen) Bilboko Astiberri argitaletxeak. Paco Rocaren El invierno del dibujante komikiak (Bruguera garaiko komikigileen istorio hunkigarria) 2 sari eraman ditu, lanik onenari eta gidoirik onenari ematen zaizkionak hain zuzen. David Sánchezek egile berriaren saria eskuratu du Tú me has matado lanagatik, Santiago Garcíak komikiaren dibulgazioaren saria La novela gráfica liburuagatik eta María y yo filmak (Miguel Gallardok Astiberrirekin ateratako autismoari buruzko izen bereko komikian oinarritutakoak) komiki batean oinarritutako film onenaren saria. Zorionak, Astiberri! Ea saritutako komikiak (eta, zergatik ez, beste denak ere) euskaraz ikusterik dugun!
Euskal komikigileak Zaragozako komiki-azokan
Astiberrik eta Arte Bizkarra Kulturgintzak stand-a izango dute eta bi euskal egile daude gonbidatuen artean
Getxoko komiki-azokari buruzko artikuluan utzitako iruzkin bati esker jakin dugu euskal egileek eta euskarak presentzia izango dutela ostiraletik igandera bitartean egingo den Zaragozako komiki-azokan.
Alde batetik, Astiberrik eta Arte Bizkarra Kulturgintzak standa izango dute bertan. Bestetik, bi euskal egile daude gonbidatuen artean: Aitor I. Eraña gasteiztarra, 2010ean Diábolo ediciones-ekin R.I.P. arrakastatsua atera duena, eta Gorka Velasco barakaldarra, Arte Bizkarra Kulturgintzarekin Gaur egungo BeHIak. Hezkuntzaz hausnartzen eta Cuando el río sueña. Catálogo ampliado de peces gordos argitaratu dituena.
Jean François Sauré eta Astiberri euskal komiki argitaletxeei elkarrizketa bana "Argia" eta "The Balde"-ren azken aleetan
Komikiak euskaraz ere argitaratzen dituzte, Sauré-k batez ere
Euskarazko komiki gehien argitaratzen duen Sauré argitaletxeko jabe, editore eta arima den Jean François Sauré-ri elkarrizketa interesgarria egin diote Argia aldizkarian.
The Balde aldizkariaren azken alean, berriz, Bilboko Astiberri argitaletxekoei egin diete elkarrizketa.
Sauré-k komiki asko ateratzen ditu euskaraz, dozenerdi bat-edo urtean. Itzulpenak eta baita bertako produkzioa ere. Eskertzekoa da argitaletxe honek euskarazko komikien alde egiten duen lana, baita harrigarria ere. Izan ere, komiki argitaratzaile frantses bat komikiak euskaraz kaleratzen ikustea ez da oso normala... Elkarrizketak argitzen du arrazoia. Sauré oso tipo jator eta interesgarria iruditu zait. Komikiekiko pasioa dario Sauréri elkarrizketa guztian zehar, eta ziur naiz egiten duena horregatik egiten duela, komikiekiko maitasunagatik (ez dut uste aberasteko asmoekin hurbiltzen denik inor euskarazko komikien mundura!). Horrez gain, hemen egin izan dugun eta egiten dugun komikien inguruko erreibindikazio ugari egiten ditu. Benetan, horrelako ero zoragarri gehiago behar ditugu...
Astiberri argitaletxea berriagoa da, baina bide onean doaz. Hainbat sari eraman zituzten Bartzelonako Nazioarteko Komiki Jaialdiaren azken edizioan, blog honetan bertan Patxi Lurrak esan zigunez. Tartean Raquel Alzate barakaldoarrak lortutako egile berriaren saria Cruz del Sur lanagatik.
Amaitzeko eta bide batez, duela bi urte baino gehiago The Balde aldizkarian Sauréri egindako beste elkarrizketa bat irakur dezakezue hemen.



