Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bergetxeko ataipian

Tribuen berbak

Aintzane Agirrebeña 2007/07/06 12:07

Herri guztietako jentia ikusi leike ETBko Mihiluze programatik pasatzen eta herri guztietako etxietako telebisiñuetan ikusiko da seguramente. Gure etxian be zain-zain egoten gara, lehiaketia noiz hasiko, batez be “tribuen berbak” izena dakan atala. Uste dot bati baiño gehixagori gustatzen jakon atala dala hau. Gure herrixetako berba kuriosuak, barregarrixak, originalak... asmau ezinda ibiltze hori asko gustatzen jaku eta batzutan barre galantak egitten doguz halako edo bestelako berbiakin. Urriñekuak diranian "Zelako berba xelebria" edo "berba hori adierazteko ze modu xelebria" pentsatzen dogu; baiña hurrekua danian? Ezaunak egitten jakuz hor azaltzen diran berbak? Lehiaketan bertan be ikusten dira partehartzailliak euren herrixetako berbak azertau ezinda; eta guk asmatzen ete doguz geure herrikuak?

Sarrittan ez dakit ze kutxa edo armaixotatik etaratako berbak izango dira hor ipintzen dittuenak, baiña beste batzutan biharbada ez dira hain aspaldikuak izango, eta ez gara konturatzen hori altxorrori denpora gutxixan galdu egin dogula. Galdu eta, gaiñera, oin barre egitten detsegu horreri berbori, beste planeta batekuak izango balitzaz moduan.

Egixa esan, Mihiluzeko atal horrek ondo ipinitta daka izena: “Tribuen berbak”. Izan be, horrek berbok lehenagoko “tribuak” erabiltzen zittuen berbak dira, ez dake gurekin zerikusirik, ez dake zerikusirik gu garan “hiritar zibilizauekin”.

Mª Dolores Pradera (2)

Aintzane Agirrebeña 2007/07/06 11:58

Ekainaren 16an Maria Dolores Praderaren kontzertua zegoen Durangon. Azkenengo momentuan jakin nuen, baina, hala ere, ezin joan, Durangon bertan ezkontza genuen eta. Leirek egin zuen kontzertuaren kronika irakurri eta gero ezin nere esperientzia kontatu gabe geratu.

Niri ere beti gustau izan zait Maria Dolores Pradera. "Arraroa" naizela horregatik pentsa dezake jendeak, baina, egia esan, ohituta nago, beti pentsatu izan dut-eta ez naizela kanonetan sartzen. Ermuan ikusi nuen nik Maria Dolores Pradera orain dela urte batzuk. Ze ederra izan zen! Ze dotorea den bere larogetaka urterekin ere! Beti bere zapi dotore horiekin! Eta ze musika ederra. Ze ahots ederra.

Durangon ezin izan nuen ikusi. Larunbat horretan ezkontza; kasualitatez, Durangon bertan, hotelean. Gauean juerga lasai egin ahal izateko bertan geratu ginen lotan koadrilako gehienok.

Kaletik bueltan hotelera heldu eta hantxe zegoen bera! Butaka haundian eserita, beti bezain elegante! Aldamenekoari esan nion: "Maria Dolores da! Maria Dolores da!". Bihotza azkar-azkar hasi zitzaidan eta guztiz alteratu nintzen. "Zein? Amona hori?" galdetu zidan. Baina ni ordurako berarengana hurbiltzen ari nintzen. "Derrigorrez berba egin bihar dot berakin, zenbat gustatzen jatan esan bihar detsat, autografua eskatu bihar detsat", besterik ez nuen pentsatzen. Eta pentsatu eta egin. "Dame dos besos" esan zidan eta amarentzat autografoa eskatu nion.

Dagoeneko ekainaren 17a zen, nire urtebetetze eguna. Opari ederra izan zen niretzat. Eta nire amarentzat ere hala izan zen biharamonean autografoa eman nionean. Zelako ohorea gurea.