Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Zure buruaren eta besteen gaineko boterea

Zure buruaren eta besteen gaineko boterea

Markos Zapiain 2022/06/25 09:10

Esanahi gehiegi dauzka “botere” hitzak. Ez da gauza bera iraganaren boterea, grabitatearen legearena, modarena, supermanena, gazteari aljebra irakasten dion irakaslearena edo bere prostituta kontrolatzen duen txuloputarena. Agintea eta boterea bereizi izan dira, boterea eta ahala, baina hiztegiek eta erabilerak erakusten dute sinonimoak direla. Ezintasunari, koldarkeriari, inertziari kontrajartzen zaie.

Gure ahalmen bat gauzatzean boteretsu sentitzen gara. Euforia sumatzen zaio umeari, ohartzen delarik gurasoaren eskua utzi eta bere kabuz ibiltzeko gai dela, edo igeri egiten edo bizikletan ibiltzen ikasten duelarik. Baita irakurleari ere, sumatzen duenean autore zail baina garrantzitsu baten obra osoa ulertzera heldu dela, hau da, menperatzera. Esanguratsua da testuinguru honetan ulertzea eta menperatzea sinonimoak izatea. Jabetzea eta konkistatzea hitzak boterearekin lotuta daude. Igeri egiten ikastea elementu berri bat konkistatzea da nolabait. Zentzu horretan, bat datoz bizitza eta boterea.

Ohikoa da boteretsu sentitzea, halaber, zure buruari balio etikoak betearazten dizkiozunean. Hipotesi absurdoa da, baina demagun egoera batzuetan egoista eta mendekatia izateko joera naturala dudala, instintuzkoa, eta hotzean pentsatuta uste dudala eskuzabala eta barkabera izan beharko nukeela kasu horietako askotan. Nire buruari eskuzabala eta barkabera izateko agindu, eta giza harremanek mendekatia izateko betiko atakan jarri eta eskuzabalki edo barkaberaki erantzuten badut, orduan ere boteretsu sentitzen naiz.

Desberdina da besteen gaineko botereak dakarrena. Botere politikoaren bila dabilen jendeak, edo besteak zerbait egitera behartzeko giltza ematen duen edozein botereren bila, sarritan ezin izaten du bere ahala gauzatu. Ahituriko ahala edo barruko ezina konpentsatzeko bilatzen du besteen gaineko botere mota hori. Horregatik izaten da hain ohikoa agintari psikopata. Eta horregatik da filosofia politikoaren helburu nagusietakoa boteretsuak kontrolatzeko mekanismoak asmatu eta bermatzea.

Botere politikoak sarritan oposizioa sortzen du, antiboterea, eta bitxia da nola botere ofizialen aurka ikaragarri sutsua den zenbait jende zeharo otzana eta sumisoa den bikotekidearen jarrera eta agindu apetatsu eta zentzubakoen aurrean, eta alderantziz.

Amatiño
Amatiño dio:
2022/06/25 16:27
Eta gero eta gehiago aipatu ohi den "ahalduntzea" non geratzen da? Ez soilik emakumeen ahalduntzea, baita adimen artifizialaren ahalduntzea ere.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
Bai, izebarekin zein aitarekin bihotzez ... Markos Zapiain, 2022/08/03 10:38
Hala ere, umorea galdu behar ez den moduan, eta ... Amatiño, 2022/08/03 07:48
Kar-kar-kar, zein poliedrikoa den giza ... Markos Zapiain, 2022/08/02 16:39
Aukeran datorkidan gaia. Aurretiazko Borondateen ... Amatiño, 2022/08/02 16:11
Filosofiaz kanpo ere bai, zoritxarrez. Bestela, ... Markos Zapiain, 2022/07/18 17:10
Sergio Ramos andaluziarra da, eta Darwinek ... Amatiño, 2022/07/17 18:41
Alfonso, idatzi duzun guzti-guztiarekin ados. ... Markos Zapiain, 2022/07/04 11:34
Brabo, Markos!!👌 Izaskun Olaskoaga, 2022/07/03 15:46
Kaixo, Markos: Barrura iritsi zait gai hau. Egoak ... Alfonso Guilló, 2022/07/02 16:35
Gari, mila esker ni pentsalarien artean ... Markos Zapiain, 2022/06/28 11:30