Zuhaitzetik sabanara
Humboldti loturiko gaizki-ulertu batzuk zuzentzen ditu Azurmendik: jende askok uste izan du Humboldtentzat hizkuntza betaurrekoaren kolorezko kristala bezalakoa dela: euskaldunak betaurreko berdeekin bizi dira, alemanak urdinekin, txinatarrak gorriekin... Berbera lukete guztiek mundua, baina hizkuntzak dakarren kolorez ikusiko lukete.
Azurmendik zehazten duenez, Humboldtenean hizkuntza ez da mundu objektiboaren gainean jartzen den iragazki bat, ezta munduaren ispilua ere, baizik eta mundua eraikitzen duen jarduera, mundu bat egiteko modu bat.
Beste zehaztapen bat: Humboldten irakurketa aizun baten arabera, aurreko paragrafoan esanikoa kontuan hartuta hizkuntza bakoitzak bere mundua egiten badu,
orduan ezinezkoa litzaiguke elkar ulertzea.
Beste baten arabera, mundu bakarra dago; hizkuntzak ez dira izen desberdinen bildumak baino, etiketa-sistemak.
Okerrak dira Humboldten bi irakurketa horiek.
Futbol-partida batean, hogeita bi gorputzen mugimendua ikusiko du matematikariak; taktika eta espazioen okupazioa, berriz, entrenatzaileak; poetak, tragedia; haurrak, baloia.
Partida bera ikusten dute guztiek, baina ez dute mundu bera bizi.
Azurmendirentzat, horrelako zerbait litzateke Humboldt: ez dago alde batetik objektu hutsa, eta bestetik interpretazioa. Kultura baten barruan dago beti ikustea bera.
Dena den, bada errealitatea. Argi adierazten du Azurmendik: Humboldt ez da muturreko idealista, ez du kanpoko mundua ez dela existitzen aldarrikatzen. Esaten duena da gizakiak ezin duela mundu hori hizkuntzatik kanpo ezagutu. Ez dago Jainkoaren ikuspunturik, edo inongoa ez den edo inondik ez datorren begiradarik; alferrik bilatuko duzu Thomas Nagelen the view from nowhere. Sarritan egiten du Azurmendik Nagelekin bat. Bientzat da arrazoi hutsa ilusio huts, eta objektibotasun absolutua ezinezko. Azurmendik maiz erakutsi du modernitateak jainkoaren ikuspegi absolutu eta panoptiko hori sekulartu eta zientziaren objektibotasun puru bihurtu nahi izan duela: Gottes Schauen edo Das Auge Gottes, Jainkoaren begiaren oinordeko sekularra litzateke objektibotasun zientifikoa.
Izaki kontingentea eta mugatua da gizakia: gure kontzientzia beti dago bizimodu eta bizimundu edo Lebenswelt jakin batean txertatua, eta, Hans Blumenbergek dioenez, errealitatearen absolutismoaren aurreko ahalduntze gisa garatzen da hain zuzen giza kontzientzia hori.
Hans Blumenbergek Absolutismus der Wirklichkeit edo “errealitatearen absolutismo” esamoldearekin adierazi nahi du gizakiak hasieratik munduaren aurrean bizi duen zaurgarritasuna eta menderakuntza. Metafora politiko bat da: errege absolutu baten azpiko herritarra nola, halaxe dago gizakia errealitatearen indar itzel, axolagabe eta kontrolaezinen mendean.
Arbeit am Mythos edo “Mitoari buruzko lana” liburuan garatu zuen Blumenbergek errealitatearen absolutismoaren kontzeptua. Zimino-gizakiak oihanetako zuhaitz ezagun babesleetatik jaitsi eta sabanara irten zeneko fikzio antropologikoa irudikatzen du alemaniarrak. Horixe ei du gizakiak jatorrizko egoera naturala. Sabanako irekigune berri horretan, gizakia izututa dago: ez du mundua ulertzen, mehatxuzkoa zaio, ez ditu bere bizi-baldintzak kontrolatzen. Adibidez, sabanan zutituta, ez daki ziur hogei metrora dakusan gizakia laguna ala etsaia ote den.
Bestalde, bost axola zaio errealitateari gizakia. Errealitateak ez du zentzurik, ez digu jaramonik egiten eta ez da gure beharretara moldatzen. Absolutismoaren beste alde horrek ere eragiten digu izua eta larridura (Angst).
Halatan, gizakiari ezinezkoa zaio absolutismo indiferente horretan zuzenean bizitzea; suntsitu egingo luke. Horregatik asmatzen ditu kultura, mitoak, metaforak eta hizkuntza. Mundu arrotzari izenak jarriz, eta beldurgarria kontakizun bilakatuz, bere burua errealitate gordinarekiko distantzia egokian kokatu, eta hura jasangarri eta eramangarri egiten saiatuko da.
Blumenbergen ustez, hortaz, errealitatearen absolutismo sarritan krudelari aurre egitea da hizkuntzaren, mitoen, zientziaren eta kulturaren helburu nagusia. Halakoen bidez erdiesten du gizakiak nolabaiteko ahalduntzea eta baiesten du bere burua (Selbstbehauptung).
