Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Zisne beltza

Zisne beltza

Markos Zapiain 2020/05/07 22:15
Black Swan, egokia Nahaste psikologikoak gaia ilustratzeko

Hemen dago

Hemen gaztelaniaz

1-Askotarikoak dira Ninaren haluzinazioak: logelako hormetako margolanak, amak egin dizkionak, bere kabuz mugitzen; ispiluetako irudi engainagarriak, autonomia hartuko dutenak; azaleko arazoak, sarpullido edo legena, zauriak, hatzetako azal-zerrendak kentzeagatik odola, atzazal hautsiak; Leroy eta Lily larrua jotzen eta Leroy Rothbart bilakatua; Lilyk printzearen zakila ferekatzen; Beth bere aurpegia labankatu eta masailak zulatzen; azaletik zisne beltzaren lumaxkak ateratzen; palmipedoa bailitzan, behatzetako azalak elkartzen zaizkio; Ninaren doble satanikoa… 

Haluzinazio horiek gauza asko izan daitezke aldi berean: gaixotasun mentalaren sintoma, Txaikovskiren obraren imitazioa bizitza errealean, mehatxuak… Halaber, Ninak bere lan artistikoa bikain egin dezan estimulu psikologikoa. Lily printzearekin edo Leroyrekin maite kontuetan haluzinaturik, sakonkiago barneratuko du printzea zisne beltzarekin joan dadin mehatxua, hobeto sartuko da antzeztu behar duen rolean. 

Uste duzu Nina gaixorik dagoela? Zertan da haren gaixotasuna, nola definituko zenuke, zeintzuk dira buru gaixotasun horren ezaugarriak? Nondik etorri ote liteke?

 

2-Gupidagabea izaten da goi-mailako artisten arteko lehia. Arteak bizitza exijitzen dizu, odola xurgatzen dizu; Ninaren aktuaziorik gogoangarriena odolusten eta hiltzen ari denekoa izango da. Artearen historia aztertuta bistan da oso ohikoa dela arteak artistari zoriona eta bizitza sakrifikatzeko exijitzea. Bizitza arteari eskaini, horratx eskakizuna. Perfekzioak bizitzaren sakrifizioa eskatzen du. Bizitzak akatsak ditu, zimurrak, inperfektua da berez, zikina. Bikaintasun artistikoaren bila, beren burua eta gorputza, oreka psikofisiologikoa, apurtu egingo dute artistek. Nina bezalako perfekzionistek pairatzen ohi dute anorexia. Heriotzaz ordainduko du Ninak “Zisneen lakuan” lortuko duen arrakasta itzela. Merezi du perfekzio-une artistiko goren bat lortzeko bizitza bera sakrifikatzea?

 

3-Anorexikoaren ezaugarrietako bat perfekzio-irrika da. Ninak ez du jan nahi. Akatsez betea ikusten du beti bere burua ispiluetan. Buru-belarri bizi da bere arteari emana. Anorexiko batzuen ezaugarria da amarengandik datorkiena ez onartzea, ama elikatzaileari ukoa; halatan, Ninak ez du amaren opila nahiko, ahal bezain gutxi jaten ahaleginduko da. Begiratu sarean zeintzuk diren anorexiaren kausa gisa maizenik aipatzen direnak.

 

4-Leroy zuzendaria poztu egiten da Ninak jenio gaiztoa ateratzen duen aldiro. Ninak zisne zuria eta zisne beltza, biak antzeztu behar ditu. Leroy kezkatuta dabil, ordea: Ninak ez du lortuko zisne zuri izatetik zisne beltz izatera igarotzea, uste baitu Ninak alde beltza zanpatua duela, gehiegizko autokontrolagatik; koldarkeria leporatzen dio, bere alde ilunari aurre egiteko orduan. Lilyri ez bezala. Lily naturalagoa da, hobeto onartzen ditu bere baitako alde iluna zein argia. Alde ilunaren indar suntsitzailearen bila, Ninak, besteak beste, haurtzaroko panpinak desagerraraziko ditu. Amak umetu nahi duela sentitzen du. Amak ez dio barkatzen bere karrerari uko egin behar izana Nina bera edukitzeko. Alaba hiperbabestearen eta alaba zapaltzearen arteko mugan bizi da. Ninak amarekiko lotura ebaki beharko du bere barruko indar artistikoari bide emateko. Amak ez du nahi Ninak ondo pasatzea. Saiatuko da eragozten alabak estreinaldian paper nagusia dantzatzea. Alderatu Ninak eta Lilyk alde ilunarekin duten harremana.

 

5-Ninak bere burua amaren aurrean sendotzeko beharra dauka: “ez naiz umemoko bat, honezkero ez ditut 12 urte, intimitatea behar dut”. “Non dago nire ume goxoa?” galdetuko dio amak Ninari. Erantzuna: “Ni naiz Zisne nagusia, zu inoiz ez zinen ezertara heldu.”   

Ninaren ama ere dantzaria zen, baina 28 urte zituela utzi zuen dantza, Nina eduki eta behar bezala hezteko. Halatan, Nina ez bezala, ez zen izar bat izatera iritsi. Ninak sentitzen du hori dagoela amaren jarrera zapaltzailearen azpian: mendekua, mendeku inkontzientea. Bat ote dator Ninaren sentimendu hori egiarekin? 

Zer iruditzen zaizu zeuri Ninaren amaren jarrera? Gogaikarria bezain kontrolatzailea da lehen begiratuan, Ninak gainean dauka beti, etengabe deitzen dio mugikorrera, ez dio Lilyrekin irteten eta dibertitzen utzi nahi, engainuz eragotzi nahiko du “Zisneen lakua”ren estreinaldira joatea. Frustratua eta hotza du aurpegia. 

Kontuan hartu behar da, ordea, Lilyk emango dion drogak Ninaren psikosia suspertuko duela, eta hain zuzen estreinaldi horretan hilko dela Nina. 

Hortaz, faltsua da esatea amak beti alabaren alde jokatzen duela? Ikusita Ninak nola amaituko duen, ez al da ulergarria eta zentzuzkoa amaren beldurra?

 

6-Zure ustez, egia da gurasoek beren gabeziak, frustrazioak eta nahiak seme-alabengan proiektatzeko joera dutela? Zilegi al da? Zer egin behar du seme-alabak bere burua gurasoengandik babesteko?

 

7-Are gehiago, gaizto-itxurak gorabehera, amak, Leroyk eta Lilyk ez ote dute azken batean onena nahi Ninarentzat, bakoitzak bere moduan? Leroyk Nina seduzitzen duenean, zer du helburu nagusi, sexu gozamena ala Ninaren indar ilun artistikoak ateraraztea?


8-Zailagoa zaio Ninari gizonengana hurbiltzea neskengana baino? Haren familian ez dago figura maskulinorik. Zer iruditzen zaizu indartsuagoa Ninarengan, joera homosexuala ala heterosexuala? Edonola ere, ematen du Ninaren benetako maitea bere artea dela. Transferentzia bat dago giza maiteagandik unibertso artistikora. Leroyk mamitzen duenez unibertso artistikoa, Leroyri emango dio Ninak filmean ematen duen benetako musu bakarra. Baina Leroy ez da sinbolo bat baino. Gizon bati baino gehiago, arteak dakarren emozio eta edertasunari emango dio Ninak musu sutsua. Ados zaude? 

 

9-Lilyren begirada zuzena da, argia, baita besteari begietara luzaro begiratu behar izaten dionean ere; Ninari berriz zaila egiten zaio edonori begietara begiratzea. Ez al da Lily lagun fidagarria? Ninari etengabe piztuko zaizkio susmoak, baina Lilyk funtsean egia diotso beti. Naturala da, ez du tolesik, ez du Nina amarruz ordezteko asmorik, ezta haren maitea lapurtzekorik ere. Konforme?

 

10-Ninak ez du Lily hil, ez du Lily zauritu, baizik eta bere burua. Jungen ustez, gerra guztiak dira barne gerrak. Norbaiten ezaugarri bat jasangaitza bazaigu, normalean gure baitako zerbait erakusten duelako gertatzen zaigu. Guri ez zaigu gustatzen. Erreprimitzeko lana hartzen dugu. Eta txoro horrek, berriz, batere lotsarik gabe erakusten du jendaurrean. Gustura akabatuko genuke. Etsaia beti dago barnean. Bat zatoz?

 

11- Darren Aronofsky Zisne Beltzaren zuzendariak jakinarazi du Dostoievskiren "Doblea" liburuak eragin handia izan zuela filmean. Lily eta Beth Niniren dobleak dira nolabait; baita ama ere, neurri batean. Bethengan eta Lilyrengan bere burua ikusten du. 

Ninak ispiluetako irudiekin dituen arazoek bere buruarekin eta identitatearekin dituenak sinbolizatzen dituzte. 

Gainera, esan bezala, etengabe ikusten du bere irudi errepikatua, bere doblea, bere mamu bikia. Aurrena, tren-geltokiko nasan bere buruarekin gurutzatuko da; Lilyrekin sexu harremanetan, ametsean, halako batean bere aurpegia ikusiko du Lilyrenaren ordez; Bethek ospitalean bere masailak labankatzen dituenean halaber, bere aurpegia ikusiko du Ninak. Heriotza ekarriko dion labankadak sexu-harremanetakoa erepikatuko du: itxuraz, Lily ari da labankatzen, eta lantzean behin bere doblearen irudia ikusten du. Baina alderantziz gertatzen da benetan: Lily ez da haluzinazioa baino, bere buruaren kontra jo du benetan Ninak, beraren sabela urratu. Horrela ikusten duzu zuk ere?

12-Pelikulan etengabekoak dira ispilu-jokoak artearen eta errealitatearen artean, naturaren eta kulturaren artean. “Zisne beltza” filmean, bizitza errealak Txaikovskiren “Zisneen lakua” imitatuko du: ez da, ohi bezala, artea natura imitatzen duena, alderantziz baizik. Artea imitatzen duen errealitateari buruzko artea da. Txaikovskiren obran, neska goxo, garbi eta birjina zisne baten gorputzean harrapatua gelditu da, zisne bilakatu dute. Neskak libre izan nahi du, baina soilik maitasunak hautsi dezake sorginkeria. Neskaren nahia ia beteko da, printze batek maite baitu. Ordea, printzeak neskari bere maitasuna aitortu baino lehen, neskaren doble lizunak, neskaren lehiakideak, Zisne Beltzak, Printzea engainatu eta seduzituko du. Etsita eta jota, Zisne Zuriak bere burua amildegi batetik behera botako du. Heriotzarekin batera, baina, askatasuna ere aurkituko du. Bizitza errealean, amak Nina balletera bultzatu du, bere frustrazioa konpentsatzeko. Ninak zisnearena egin beharko du. Nina neska goxo birjina zisnearen gorputzean dago harrapatua. Printzea bere dantza-kidea da. Gauzak apur bat gehiago konplikatzeko, Natalie Portman eta printzearena egiten duen aktorea errodajean maitemindu eta ezkondu egin ziren. Ez, beraz, filmeko bizitza errealean, baizik eta gurean. Filmean ordea, dantza-kidea Lilyz maitemindu dela sentituko du Ninak, “Zisneen lakua”n printzea zisne beltzaz bezala, eta azkenik bere burua amildegira bota eta hilko du, Txaikovskiren protagonistaren ildotik. Aldi berean hilko dira zisne zuria eta Nina. Bat zatoz interpretazio horrekin? Bilatu sarean zer den “mise en abyme”.

 

13-Zaharrak badoaz, badatoz gazteak. Arte mota batzuetan, kiroletan bezala, adinak ez du barkatzen. Gazteak heldua kanporatu eta ordeztuko du, hori da bizilegea. Ordea, zenbaitek ez darama ondo: Bethen kasua. Ninari behin eta berriro etorriko zaio burura, berak Beth ordeztu duen moduan, Lily bera ordezteko grinak bizi duela. Ninaren beldurren artean dago Leroyk nahiago izatea Lily bera baino. Hasieratik ikusten du Lily lehiakide arriskutsu gisa, bera desplazatu nahian dabilen anbiziotsu kalkulatzaile gupidagabea, lagun-plantak Nina tronugabetzeko darabiltzana. Benetan sentitzen du hori Lilyk? Ez ote da oroz lehen Ninaren sentimenduaren proiekzioa?

 

14-Ninak, goi-mailako artista askok behar duten exijentziaren ondorioz, anorexia eta bulimia pairatzeaz gain, haluzinazioak ere izango ditu. Dantzarien arteko norgehiagokak arazoa larrituko du. Leroy-ren ustez, gehiegizko autokontrol eta perfekzio-grinak frigidotasuna eragiten dio Ninari. Hitzez hitz dio Ninak perfektua izan nahi duela. Leroyk berriz erantzungo dio perfektu izatea ez dela soilik kontrol kontua; zure buruaz ahaztea eta deskontrolatzen jakitea ere bada. 

Frigidoa eta birjina da Nina, aitortzen ez duen arren. Horregatik ipiniko dio Leroyk etxekolan gisa masturbatzea, barrualdea askatzen lagunduko diolakoan. Ordea, masturbatzeko ahalegin biek haluzinazioak eragingo dizkiote: aurrenekoan ama agertuko zaio eta bigarrenean Ninaren beraren mamu bikia. Ninak eta Lilyk sexu harremanak dituztenean ere, etengabe ikusiko du Ninak Lilyren ordez Ninaren beraren doblea. Bestalde, gero jakingo dugu Lilyrekiko harremana amets bat izan dela. Desira larregi zapaltzeak estresa eta eromena ekar dezake?

 

 





 

 

 

 





 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.