Zigor bide desberdinak?
Stehen Jay Gould-ek erakutsi du txiripa arraro bat zein erabakigarri izan daitekeen biziaren bilakaeran, zein desberdina zatekeen gure izaera behinola biziak oso gertu zeuden aukeretatik bestea hobetsi izan balu, gure artean nagusi den ezagumenari zein ulergaitza litzaiokeen.
Orobat, giza historian, ohituretan, esaterako zigorgintzan, ulergarriak zaizkigu begia begi truk, heriotza zigorra, tortura, espetxea, isuna; baita beste masaila ipintzea ere, ezaguna zaigu mintzamolde hori, barkatzea eta etsaia maitatzea. Normalak zaizkigu jarrera horiek, naturaltasun gisako batez hornitzen ditugu ohartzeke, gure kulturari baitagozkio. Samuel Butler-en Erewhon-en eritasun fisikoa delitutzat jotzen zuten, baina zientzia fikzioa zen. (Errealitatean ere hasiak dira eritasuna zigortzen: gero eta nekezago ordaintzen dira bajak.)
Ordea, txiripa arraroren batek erabakiko zuen beharbada zigor molde horien hedatzea eta gailentzea, eta txiripak bestelako bide bat hartu izan balu zeharo desberdinak lirateke gure gaur egungo burubide eta jokabideak kaltegileari eman beharreko erantzunari dagokionez.
Juliaz ari dela, Saizarbitoriak dio ezen “batzuetan, Martinek eskatu gabe, ahuspez jartzen da ohean eta, belaunikatuz, ipurdia eskaintzen dio, nonbaiten irakurri duelako, Horneyri uste du –The Neurotic personality of our Time-n beharbada?– neurotikoei atzetik egitea gustatzen zaiela, eta beharbada bulkada hori erreprimitu egiten duela pentsatuz.” (415 or.) Zer esan nahi du, uzkia eskaintzen diola, ala alutik baina zakur-jarreran?
Gaztelaniaz: “A veces, sin que Martin se lo pida, se pone boca abajo en la cama y se incorpora ofreciéndole las nalgas, porque en algún sitio ha leído, cree que a Horney –¿en La personalidad neurótica de nuestro tiempo?–, que a los neuróticos les gusta hacerlo por detrás y quizá reprime ese impulso.”
Nalgas… bigarren aukeraren alde, itxuraz.
Erabateko zehaztasuna helburu, Horneyren liburua goitik behera irakurri dut, aipamen hori aurkitu barik, ihes egingo zidan. Aldiz, biziki interesgarriak diren beste zenbait ideia topatu ditut; besteak beste, datu hauxe: inuitei ez zaie iruditzen hiltzailea zigortu behar denik; eta, beste herri batean, ama bati semea hiltzen bazioten, orduan hiltzailea adoptatu egiten zuen, familian txertatu, asasinatutako semearen ordezko edo.
Nolatan irits daiteke da giza talde bat burubide eta jokabide horretara? Zeinen ulergaitzak zaizkigun historiaren bideak. Edonola ere, ez ote da hainbat aldetatik jakintsuagoa gure espetxea, amorru etengabea eta begia begi truk baino, ez ote estrategia azkarragoa biziraun duten senideen oinazea baretzeko orduan? Ez da mina errazago gainditzen eta ahazten kriminala, patu ankerraren mamitzea, egunerokoan alboan duzula? Norbera hobeto bizi dadin ez da gorrotoa eta mendekua baino egokiagoa deabrua onartzea eta itzala argitzea, ahalegintzea bederen?
Dena den, pentsa liteke, halaber, kriminala etxera ekartze horren bidez amak tai gabeko mendeku mantso bati ekingo ziola, erruduna behin eta berriro irainduz, gosari nazkagarriak zerbitzatuz eta txerri-kortan lo eginaraziz. Egiantzekoagoa da, hobeki dagokio giza arrazaz dakigunari, gizaki gehienek garbi sentitu izan baitute sufrimendua apaltzeko biderik bizkorrena eragin digun morroia zehatzea dela.