Ispiluan zerria
Elefantea, hiena eta erbia baino askoz ere sakonkiago barneratu da zerria monoteisten ariman eta eguneroko bizitzan. “¡Come jamón!” agintzen diete futbolari musulmanei harmailetatik. Christopher Hitchensek ederto baten azaldu ditu monoteismoen eta zerrien arteko harreman harrigarriaren zenbait ezaugarri.
Erlijio gehienek dute debeku dietetikoren bat. Hinduistek behia gurtzen dute, animalia sakratu eta ukiezintzat dute. 1990eko hamarraldian behi eroen izurriteak Europa durduzatu zuen, azienda mordoa jarri zuen hiltegira bidean. Orduan, Indiako gobernuak bere burua eskaini zuen behi ero oro inportatzeko eta babesteko, baina Munduko Osasun Erakundeak ez zuen nahi izan.
Franko eroagoa da gure hiru monoteismoen zerriarekiko jarrera behi koitadu haiek baino. Hitchensek ez du ulertzen: Jainkoak sortu bazuen zerria, orobat gizakia, bere dastamen finarekin, zergatik debekatu zion Jainkoak urdaiazpikoa gizakiari?
Zirkunzisioarekin batera, zerrikiari ukoa erabili izan da judua bereizteko seinale gisa, eta mundu islamiko osoan nabari da zerriaren izua. Arazorik gabe berenganatu zuten islamdarrek tabu judu hori, Koranak juduak heriotzara kondenatzen baditu ere, gainerako fedegabeekin batera: zimino eta zerri hutsak ei dira fedegabeak.
Hitchensek azpimarratzen du txit argiak direla zerriak, izurdeek bezain handia dutela inteligentziaren proportzio determinatzailea omen dena: garunaren pisuaren eta gorputzaren pisuaren arteko proportzioa. Ingurura egokitzeko ahalmena ere inteligentziaren araberakoa da, eta eskerga dute zerriek; horren erakusgarri dira basurdeen eta apote basatien bizimoduak.
Gaur egun badakigu zerria gure lehengusu hurbilenetako bat dela. DNAren zati handi bat partekatzen dugu, eta, azken aldi honetako transplanteek darakutsatenez, gizakiek primeran onartzen dituzte zerrien azala, bihotzeko balbulak eta giltzurrunak. Zirrosiak eta gibeleko minbiziak jotako 71 urteko gizon bati zerri baten gibela transplantatu diote berriki. Genetikoki aldatua zegoen zerria; hau da, laborategian aldatu zuten bere DNA, ingeniaritza genetikoa erabilita. Lau hilabetez iraun du gizonak bizirik. Lehenbiziko saio arrakastatsua izateko, ez da gutxi.
Ia zerri osoa zaigu baliagarria aldez edo moldez: miresmenez aipatzen ditu Hitchensek okela —delikatua bezain elikagarria—, azala —kartera, gerriko, poltsa, txaketa eta zapatak egiteko aparta—, edota ileak —pintzelak egiteko bikainak. Baserritarrei eta hiltegietako langilerik zailduenei bereziki gogorrak egiten zaizkie hiltzera doazen zerrien garrasiak, kakoetatik zintzilik ateratzen dituzten txilioak. Hitchensen ustez, zeharo humanoak direlako sortzen digute larridura hori.
Esanguratsua iruditzen zaio Hitchensi: errabinoek eta imamek txerriak behingoz bakean uzten dituztelarik, haurrak beren kasa hurbiltzen zaizkie, batez ere haur txikienak, kide ezin hurbilagoak balituzte bezala. Bestalde, suhiltzaileei ez zaie gustatzen txerri erre edo kurruskaria jatea. Ginea Berrian eta beste leku batzuetan, gizaki errea izendatzeko erabiltzen den hizkuntza zaharreko terminoak “zerri handia” esan nahi du, antzekoa delako giza haragiaren eta zerrikiaren zaporea.
Arrazoi horiek kontuan hartuta, Christopher Hitchens ez ditu jatorrizko debeku juduaren azalpen “sekularrak” onartzen. Esaten da debekua hasieran zentzuzkoa zela, zeren arriskua baitago zerrikia klima beroetan kirastun bilakatu eta trikinosiaren larbak elika ditzan. Objekzio hori, agian itsaskiaren kasuan zentzuzkoa —koxer arauek ez dute itsaskia baimentzen—, absurdoa da, datu eta baldintza errealak aztertuz gero.
Hitchens: trikinosia edozein klimatan ageri da, eta maizago hotzetan goxoetan baino. Gainera, arkeologoek aisa bereiz ditzakete Antzinateko asentamendu juduak Kanaango lurretan, hondakin-gordetegietan ez dagoelako zerri-hezurrik; aitzitik, hurbileko beste komunitate batzuetan bai, agertu egin dira. Bestela esanda, judu ez zirenak ez ziren gaixotzen eta hiltzen zerrikia jateagatik. Horregatik hil izan balira, ez zegokeen inongo beharrik Moisesen Jainkoak agindu zezan zerrikia jaten zuten fedegabeak hiltzeko.
Horrenbestez, bestelako soluzio bat aldezten du Hitchensek zerrikiaren aurkako jarrera erlijiosoak azaltzeko. Antzinateari buruzko hainbat autoritateren arabera, lehenbiziko semitarren jarrera, zerriari zegokionez, batera zen beneraziozkoa eta nazkazkoa. Zerrikia jatea berezitzat zuten, are pribilegiotzat, erritual jakin batzuen markoan. Sustrai antropomorfikoa zeukaten aldi bereko erakarpen eta arbuio horiek: zerriaren itxura, zaporea, garrasi agonikoak eta inteligentzia nabarmenak kezkagarriki oroitarazten zioten gizakiari bere burua. Eta, apotropaikoki, antzekotasun deseroso hori uxatzeko bilakarazi zuen erlijioak zerria deabru.
Hitchensen esanetan, homosexualtasunetik adulteriora, ezer ez da zigortzen, baldin eta zigortzaileak ez badu delituan parte hartzeko desira bortitza bere baitan zapaldu behar. Zenbat eta zerri-zaleago barrualde gordean, zenbat eta zerriago, orduan eta zerri-fobikoago. Shakespearek Lear erregean idatzi zuenez, prostituta jipoitzen duen poliziak behar konpultsiboa izaten du, zartailuarekin zigortzen duenak ahalbidetuko liokeen bekatu horixe gauzatzeko.
Zerri-filia ere helburu zapaltzaile eta errepresiboetarako erabiltzen da. Erdi Aroko Espainian, non juduak eta musulmanak kristautasunera konbertitzera behartzen baitzituzten —erbestearen, torturaren eta heriotzaren mehatxupean—, agintari erlijiosoek susmoa izaten zuten —arrazoi handiz—, ez ote ziren benetan sentitu gabeak konbertsioetako asko. Inkisizioa, neurri batean, ikara saindu baten eraginez sortu zen: fededun faltsuek betetzen zituzten apika mezetan elizak, non, are higuingarriago, Kristoren beraren haragia, odola eta pertsona jan eta edaten ari zirela sinesteko itxurak egiten baitzituzten. Ikertu behar.
Hitchensek oroitarazten duenez, giro hartan sortu zen zerri-azpikia eskaintzeko ohitura, ekitaldi formal zein informaletan. Etxeratu berriari urdaiazpikoa eta txorizoa eskaintzen zaizkio. Hospitalitatea dirudi, eta gaur egun bizirik dirau. Ordea, ohitura horren jatorria heresiari antzemateko borroka ilunean dago. Erne egon beharra zegoen beti, nazka-adierazpen salataria non agertuko. Hitchensen eleak baliatzearren, kristau fanatiko haien eskuetan, urdaiazpiko iberiko goxoa bera ere tortura gisa erabiltzen zen.
Zaharberriturik dakusa Hitchensek gaur egun ergelkeria hura: musulman fanatiko batzuek ez diete umeei hiru txerritxoen, Miss Peggyren eta Peppa Pigen berri izaten uzten, ez liburuan ez pantailan; tabu dituzte halaber Piglet, Winnie-the-Pooh eta antzeko txerri-maskota tradizionalak. Ingalaterrako basotxo batean, bandalismo islamikoak basurde baten estatua suntsitu du.