Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Zer gara ni? Ezkurra!

Zer gara ni? Ezkurra!

Markos Zapiain 2008/11/05 19:09
Ignazio Aiestaranen "Munstro abertzalea"z

Arestiz ari dela, hauxe dio Koldo Izagirrek: “poeta zibil bikain baten premia daukagu, orain, hemen, bere isolamendu tragikoan, bere desmasia elekarian, ezintasun nazional hau modu eraginkorrez salatzeko.” Aiestaranek Gabriel Arestiren “Harri eta Herri”ko bertsogintza libre kontundentea darabil, aliterazio eta paralelotasun martxosoz zipriztindua; halaber, bai “Harri eta herri”n eta bai “Munstro abertzalea”n, bat eta bera dituzu gizona eta poeta. Ordea, Arestik badaki nor den, bere borondatearen kemenak sortu baitu bere burua, eta gainera uste du “nire izena nire izana dela”.

Bien bitartean, baina –Joxe Azurmendi filosofo poeta helduak, Aiestaran poeta filosofo gaztearen liburuari emendatu dion hitzatze mardul eta zolian iradokitzen duenez–, borondatea ahuldu egin da indar poetiko erabakitzaile gisa. Batetik, atzemana dugu nortasun ororen –demokrata, abertzale, legezale, bakezale– mozorro izaera. Bestetik, poeta, mozorroak noizean behin “erortzen zaizkiona” da, “puskatzen zaizkiona”. Alegia, ez “eranzten dituena”, edo “erauzten”.

Kontua da Aiestaranek arazo duela izena, bere gurasoei “Iñaki” jartzea debekatu zietenez geroztik. Berak “Ignacio” izenpetzeari eutsi dio, juduek naziek markatu zenbakia daramaten legez. Ingurukoen ispiluek ere, ez diote izena eta izana biltzen laguntzen, frantsesentzat espainiar baita, espainiarrentzat basko, baskoentzat nafar, nafarrentzat putobasko, erdaldunentzat euskaldun, euskaldunentzat euskaldunberri...; orobat, abertzale den heinean, hainbatek du munstrotzat.   

Ez alferrik. Behin mozorroak hautsirik, ispilura hurbildu eta Aiestaranek berak ere gauzaki estrainio fantastiko bat aurkitzen du, alegiazko elementu izugarria.

Identitatearen arrakalak Aiestaranen herriari ere erasaten dio. Euskal Herriaren idealizatzaileei  gogorarazten die putakumeak bere ama amabirjinatzat duela maiz, eta geu ere euskal urdangaren bastartak garela, abiapuntu egokia poeta zibil bikain honek gure ezintasun nazionalaren berri eman ahal izan dezan: torturak hemen gorputzak gorpu bihurtzen ditu –baina demokrazian ez da torturatzen; auzitegietan egia elektrodoz, hematomaz eta bainuontziz sortzen da; gure gudarien oldar aldizka koldarrek Euskal Herria hilerritu digute; gazteak pikutan dauzkagu; enpresek kiebra jotzen dutenean, Aiestaranen aita lako hirurogei urteko langileak, egunero hamabi orduz lan egindakoak, karrika gorrian jartzen ditugu, baina enpresa horietako nagusien txalet eta oporrek egundo ez dute kiebra jotzen....

Munstroa barne-muinetan, munstroa paperetan, munstroa edonon, munstroa lagun.

Izan ere, munstroa ez da nahitaez txarra. Azurmendiren iritziz, anbiguotasuna berez positiboa da, erdietsi beharreko zerbait, eta Aiestaranentzat soilik munstro ukituren batek sor dezake askatasuna, koka gaitzake sailkatze orotatik at. Zeren esklabotza, askatasuna definitzeaz batera agertu baitzen. Eta herria zer den ulertuagatik, inork ezin du mugatu. Rhin eta Elba ibaien artekoa Alemania da guretzat, baina Aturri eta Ebroren artekoa, berriz, bihotza. Hortaz, euskal munstroaren berri emateko, poesia behar da, ez silogismoa. Aiestaranen abertzaletasuna emozio isil iheskor batek bizi du: abertzale da, Lurreko txoko honetatik ilargia nola ikusten den gustuko duelako, baina bost axola zaizkio Rh negatiboa, ikurrina eta Gernikako arbola.

Joxe Azurmendik Kolonian idatzi dio Aiestarani bere erantzun librea. Dirudienez, “kolonia” eta “klon” izenek jatorri bera dute: koloniak inperioaren ahalegina gauzatuko luke, metropoliaren biki bat eraikitzeko. Azurmendik, “unibertsalismo” eta “mestizaia” kontzeptuak, nagusiek beren klongintzaren iskilu mozorrotu gisa zelan erabiltzen dituzten aztertzen du, txiki eta ahul izan arren diferente jarraitu nahi duen baten ikuspuntutik. Euskaldunaren gogoeta eta herri boteretsu baten kidearena desberdinak dira, arazo desberdinak dituztelako.

Esate baterako, Clément Rosset filosofo frantsesak ederki defenditu du “Loin de moi” liburuan ez dagoela nortasun pertsonalik, egiazko identitate bakarra nortasun-agirikoa dela, paperetakoa; ez zaio burutik pasatzen, paperak ere gatazkatsu izan daitezkeela. Frantsesek ez dituzte Aiestaranen gurasoen kalapitak nortasun agiriekin, kalapita arruntak gurean; identitatearen gaineko beren filosofiek ere, horrenbestez, gureak ez bezalakoak behar dute baitezpada.

Behin batean, etxera bueltan, paper batzuk betearazi zizkiguten Sondikan: nondik gentozen, zertan ginen ibiliak eta halakoak. “Izena” atalean, “Markos” idatzi nuen, betiko legez, inongo asmo probokatzailerik gabe. Polizia batek irakurri eta “te has confundido, Markos se escribe con ce de cabrón” esan zidan. Baina tira, nahastu naiz, euskal arazo bat ilustratu nahi eta gure zori onaren beste adierazpen bat irten zait ezustean, gure agenteen grina pedagogiko ederra, ortografiaren eremu zailera ere hedatzen dena!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.