Zenbatean behin garbitu behar dira bakeroak?
Kanada mendebaldean kokatua dagoen Albertako unibertsitateko ikasle batek, Josh Lek, hogei urte, errekor berezi bat hautsi du, galtza berberak erabilirik hamabost hilabetez, garbitu barik. Halatan, frogatu egin du galtzak oso luzaro garbitzeke edukitzeak ez duela ondoriorik higienean.
Josh Lek praka berak jantzi zituen 2009ko irailetik 2010eko abendura arte, esperimentu gisa; ikertu nahi zuen bakeroak zer zikinkeria kopurua pilatzera hel daitezkeen.
450 egunez eten gabe erabili ostean, eta batere garbitu gabe, Lek galtzaren lagin bat hartu zuen, pilaturiko bakterio-kopurua neurtzeko.
Azkenik, Lek bakeroak garbitu egin zituen.
Gero, beste bi astez erabili zituen, eta ondoren berriro neurtu zuen galtzetako bakterio-kopurua.
Ezusteko handiz, ikusi zuen 450 egunez erabili zein 14 egunez, bakterio-kopurua antzekoa dela. Bakeroak 450 egunez jarraian ez garbitzeak ez du ondoriorik higienean. Edozein kasutan, bakterio-kopururik handiena pubisaren eremuan pilatzen da, 8.500-10.000 bakterio zentimetro koadroko.
Esperimentuaren emaitza harrigarria da, ezen Lek, hamabost hilabete horietan, esperientzia zinez gogorrak sufriarazi baitzizkien galtzei.
Hil oso batez bakeroak jantzirik zituela lo egin zuen, eskuetako izerdia galtzetan kentzen zuen eta janaria galtzen gainera botatzen, berariaz.
Lek berak adierazi du, The National Post egunkarian, muturreraino eraman nahi izan zuela praken erresistentzia.
Alberta unibertsitateko irakasle Rachel McQueen doktoreak ikuskatu eta kontrolatu du esperimentua. Giza ekologia irakasten du eta jakinarazi digu emaitzek frogatzen dutela galtza bakeroak soilik hilabetean behin garbitu behar direla.
Lek aitortu du arazorik larriena kiratsa izan zaiola, bereziki zazpigarren hiletik aurrera; izan ere, Kaliforniara egin zuen bidaia baten ondorioz bakeroak ikaragarri gaizki usaintzen hasi zitzaizkion, goxoa eta hezea baita eguraldia Kalifornian, eta horiexek izaki bakterioak ugaltzeko baldintza perfektuak.