Zelula eta makina
Laster erakarri zuen Txillardegi hizkuntza biologikoaren eta hizkuntza zibernetikoaren arteko parekotasunak. 1972rako adierazia zuen kromosomaren hizkuntzatasunaren aurreko txundidura, eta hizkuntza estrukturalaren hedatzeari lotu zion Anaitasuna aldizkariko “Bi jakintsuren aitorrak” idazkian: zelulako kromosoma, programa zibernetikoa eta liburuko izkribua berdintzen ditu jakintsu horietako batek, François Jacobek, Roman Jakobsonen ideien ildotik. “Materialismo zibernetiko” deitu izan denetik hurbil dabil pasarte honetan Txillardegi:
«Zuntz genetikoaren luzeran “irakur” daitezkeen kimika-erradikalak, eta Fortran-programa baten lerroetan “irakur” daitezkeen sinboloak, benetan zaizkio kide hertsiak [François Jacobi]: bakarka harturik adikizunik ez badute ere, elkarturik “mezu” bat dakarte, operabide bat; eta operabide hau gero Zibernetikaren arabera obratzen da; alegia, azken funts zolan, “bai” ala “ez” arrapostu bikunaren bidez.
Kateko elementu bakar baten aldakuntza edo lardaskak, bai zuntz genetikoan, bai programa elektronikoan, ondorio berbera dakar: programak ez duela eman behar zukeena ematen; edo, huts hori egin delako, beste ondorio bat dakarrela. “Huts” horietaz baliatuz azaltzen ditu gaur Biologiak mutazioak eta eboluzioa».[1]
Txillardegiren testuak erakusten du ordurako aski aurreratuak zituztela gizakiek sorturiko makinak ere mutazioen eta eboluzioaren bidetik sartzeko lanak. Garbi zuen adierazia Jacques Monodek makina elektronikoak eta zelulak izaki bikiak direla, eta zelulen barne-dinamika ez dela mekanika zibernetiko hutsa baizik. Descartesek idatzi zuen gorputza makina bat dela, eta Monodek oihartzun: «zelula makina da».[2] Monoden beste esaldi bat, zentzu berekoa, Txillardegik euskaraturik: «Bizidunen eta makinen zibernetika-sistemen artean ez dago diferentziarik batere».[3] Era berean, François Jacobek idatzi zuen kalkulagailu elektronikoak direla biologiaren programaren eredu, eta programa horrek «arrautzaren material genetikoa eta ordenagailuaren banda magnetikoa parekatzen dituela».[4]
Genomen testua aldatzeko aukera ez ezik, bizi biologikoa artifizialki sortzekoa ere ekarri digute biologiaren eta zibernetikaren hizkuntzen kidetasun horietan oinarrituriko ikerketa-ildo berriek. Nils Aal Barricellik eta John von Neumannek ireki zituzten. Organismo naturalak automata artifizialak baino sotilagoak eta konplikatuagoak diren arren, pentsatu zuten sistema biologikoen antzera beren burua erreplikatzen duten sistema mekanikoak eta digitalak sor ditzakegula. Biziaren funtsezko hizkuntza jokaleku digitalera eramatea ei zen giltzarria. Von Neumannek atzeman eta erakutsi zituen lege logiko komunak, ezinbestez dituztenak oinarrian beren burua erreplikatzeko ahalmena daukaten bizidunek edo izan lezaketen automatek.[5] Von Neumannek bere ikerketen berri eman eta bost urteren buruan aurkitu zuten DNAren helize bikoitza ez da lege logiko komun horien gauzatze posibleetako bat baizik.[6] Von Neumann egundo ez zen prest egon bere ikerketa, aurkikuntza eta asmazioak inongo arau etikoren mugapean bideratzeko, harri astuna ezartzen baitio zuhurtziak sormen zientifikoaren irudimen alaiari.
[1] “Bi jakintsuren aitorrak”, in Anaitasuna, 1972-05-15, 6-7. orr.
[2] Zoria eta beharrizana, 120. or.
[3] “Astetik astera”, in Zeruko Argia, Lasarte-Oria, 1965-12-26, 7. or. “Goihenetxe” ezizenez izenpetu zuen “Astetik astera” artikulu-sorta Txillardegik.
[4] JACOB, François, La logique du vivant, Gallimard, Paris, 1970, 17. or.
[5] BHATTACHARYA, Anando, The Man from the Future, Allen Lane, London, 2021, 229-232. orr.; eta LABATUT, Benjamin, The Maniac, Penguin Press, New York, 2023, 187. or.
[6] The Man from the Future, 231. or.