Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Zelibatua tribu agrafoetan

Zelibatua tribu agrafoetan

Markos Zapiain 2026/07/09 13:15

Joan den larunbatean UEUk Euskal, Euzko eta beste Pizkunde zenbaiti buruzko jardunaldia eskaini zuen Baionan. Lévi-Straussen gainean esan nituenak hobeki ulertzeko, ederra da Bernard Pivotek egin zion elkarrizketa. Euskaraz ipini ditut elkarrizketako ideia gutxi batzuk.

Lévi-Straussen ustez, ahaidego-harremanek osatzen dute jendarteko estruktura nagusia; etnologoek aztertzen dituzten herrietan, behintzat. Halakoetan, nolabait esateko, edo senide zara, edo bestela arrotz. Tribuaren barnean jende oro da senide. Ahaidetasuna izan zuen Lévi-Straussek aurreneko aztergai.

Harrigarria badirudi ere, oso ezkontza-arau konplexuak ezartzen dituzte, kide gutxiz osaturiko tribu lehen begiratuan natural horiek. Denak direnez senide, eta senideen artean ezkontzen direnez, zehaztasunez erabaki behar izaten da senide horien artean norekin duzun ezkontzeko baimena, edo norekin zauden ezkontzera behartuta, edota, alderantziz, norekin duzun ezkontzea debeku.

Gizarte-harremanen mekanika eta geometria oso bat ageri da hor, eta horixe ulertzen ahalegintzea da Lévi-Straussentzat jendarte osoaren funtzionamendua ulertzera hurbiltzeko bide eraginkorrenetako bat, kontuan hartuta edozein gisaz hurbiltzea ezin dela egundo amaitu.

Gure gizarteetan ere badira arauak. Hurbileko senide batzuekin ezin gara ezkondu. Hala ere, Amazoniako tribu agrafoetan baino leku zabalagoa uzten diogu zoriari.

Adibidez, bakarrik bizitzea eta zelibatua ez zaizkigu batere deigarriak; gaur egun ez, bederen. Aitzitik, Lévi-Straussek1983an argitaratu “Begirada urrutiratuan” kontatu duenez, behin batean Bororo tribuan gizon bat ezagutu zuen, zikin eta malerus zebilena. Pentsatu zuen eri izango zela. Inguruan galdetu eta zelibea zela erantzun zioten. Tribu agrafo askotan dute zelibatua higuingarri eta gaitzesgarritzat. Arras ezohikoa izaten da ezkongabea gizarte horietan, zeren, ezkondutako bikotea, ugalketa-unitatea ez ezik, ekoizpen-unitatea ere bai baita. Ezkon-bikoteak sortzen duenez unitate ekonomiko hori, ezkongabeak ezin du materialki iraun, eta zentzu horretan ere jotzen dute anormaltzat. Ez da ahaztu behar tribu horietan zenbait zeregin zehazki maskulinoak direla, eta beste batzuk zehazki femeninoak, eta, beraz, sexu biak elkarturik eta baturik baino ezin daitekeela bizimodu normala gauzatu. Bororotarrenean, konparazione, andrea arduratzen da baratzaz. Piura tristeko gizonak ezin zituen baratzeko fruituak eskuratu, ezta andreen esku zeuden gainerako ondasunak ere.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
Ondo ekarria. Adibidez, ez Mitxelena ez Brassens ... Markos Zapiain, 2026/06/16 10:25
Georges Brassens (1921-1981) kantari ... Amatiño, 2026/06/11 14:50
Mila esker, Urko! Irakurri ditiat Mastodonen gai ... Markos Zapiain, 2026/06/10 21:03
Txillardegik eta Jorge Luis Borgesek hizkuntzari ... Urko Azpitarte Zubizarreta, 2026/06/09 18:42
Beharbada bai, Amatiño. Hori bai, ... Markos Zapiain, 2026/05/28 07:35
Ebidentziaren bost paradigma horiek egia ... Amatiño, 2026/05/27 18:16
Arrazoia, Amatiño, kar-kar-kar.   Josu Goikoetxea ... Markos Zapiain, 2026/05/02 22:56
Von Neumannek, matematiko eta informatiko ... Amatiño, 2026/05/02 12:11
Euskal abeslari ospetsu batek pertsona ilegabeen ... Markos Zapiain, 2026/03/12 17:55
Andoni Ortuzar zara? Markos Zapiain, 2026/01/07 17:50