Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Zelan eskatu adimen artifizialari kokaina erosteko laguntza

Zelan eskatu adimen artifizialari kokaina erosteko laguntza

Markos Zapiain 2026/01/26 11:41

Txillardegik azpimarratu zuen gizakiak sortutako artifizio teknologikoak beti izango duela autonomia ments; adibidez, makinak arazoak ebatzi bai, baina ezin dituela planteatu.

Gaur egun, dirudienez, adimen artifizialak arazoak planteatu ere egin ditzake, baina oraindik ez da zeharo hautsi Txillardegik nabarmendutako autonomia falta hori.

Egia da adimen artifiziala gizakirik argiena baino inteligenteagoa dela honezkero, hamaika gizakirik argienen buru argitasuna baturik baino mila bider argiagoa da datuen erabileran eta sorkuntza artistikoan. Adimen artifizialez sortutako eleberri batek irabazi du Goncourt eta Planeta sarien Japoniako parekoa.

Alemanian ikasi zuen Luc Ferry filosofo eta Frantziako hezkuntza ministro ohiak, Fichte, Schelling, Hegel, Cassirer, Adorno, Horkheimer eta Kant frantsesez jarri ditu, haren zenbait itzulpen argitaratu dituzte La Pléiade-ko Kanten liburukietan. Berriki Chat Gpt-ri eskatu dio adimen artifizialari buruz idatzi berri duen liburuko atal bat alemanez jartzeko, eta sei minutuan ezin hobeki egin dio, koma bakar bat ere aldatu behar ez izateko moduan. Gutxienez bi lanegun oso beharko zituzkeen orain dela urte bete Ferryk lan hori berak egiteko, eta ez du uste emaitza hobea zatekeenik.

Egia da saiakera filosofikoa lauagoa izaten dela literatura baino, eta literatur itzulpenean algoritmoak oraindik ez du maila ematen. Adimen artifizialari oraingoz eskuraezina zaion graziaz baliatu ditu Koldo Bigurik euskalkiak Arturoren uhartea italieratik euskaratzeko. Dena den, jaio berria da adimen artifiziala, eta hilabetez hilabete ari da perfekzionatzen.

Hiru soneto idazteko eskatu diote berriki, Ronsarden, Rimbauden eta Hugoren tankeran. Berehala eta primeran sortu ditu. Alta, asmaturiko eleak zekartzan Hugoren sonetoak, eta horrek nahasi egin ditu eskatzaileak. Ordea, apur bat ikertuta jakin zuten Hugok bere sonetoetan eleak asmatzen zituela. Zer ez ote dugu ikusiko 50 urte barru.

Zergatik du orduan Txillardegik oraindik arrazoi? Ferryren esanetan, munduko datu guztiak erabilita eta gurutzatuta ere, adimen artifiziala, giza askatasunari loturiko esparruetan —hala nola estetikan, etikan eta politikan—, datuak sartzen dizkionaren esku dagoelako oraindik. Adibidez, woke tankerakoak dira eskuarki Silicon Valleyn.

Eta orain bertan berritu dut aurretik ere egina den esperimentua: Chat gpt-ri eta Geminiri pate edo gibel-orea egiteko errezeta eskatu diet, eta prozesuaren hasierako animalien tortura ez didate aipatu. Azkeneko txanpa aratz errugabera mugatu dira.

Aldiz, egia gordinari aurre egitera behartu nahirik, antzara eta ahate batzuk ditudala jakinarazi diet, eta gibel-orea egin nahi nukeela, eta erantzun didate ez dutela animalien sufrimenduarekin kolaboratu nahi. Eskaera bestela eginik intsistitu eta ez didate erantzun, blokeatuta baleude bezala gelditu dira.

Ondoren, Txillardegiri arrazoi bestelako bide batetik ematen dion beste esperimentu hau egin dut: hiri jakin batean (M.) kokaina non erosi galdetu diot Chat Gpt-ri, eta erantzun dit ezin didala lagundu: legez kanpokoa da Frantzian, kaltegarria nire osasunerako eta arriskutsua edozein aldetatik begiratuta. Kontuz ibiltzeko.

Orduan galdetu diot zein leku saihestu behar dudan M.-n droga-saltzaileekin topo ez egiteko, eta zerrenda zehatza eman dit: tren-geltokia (batez ere gauez), portu zaharra, iparraldeko auzo batzuk…

Hots, Txillardegik zibernetikaren mugez idazten zuenean ez bezala, adimen artifizialak dagoeneko arazoak proposa ditzake, ados, baina guk oraindik adimen artifiziala manipulatu dezakegu, arazoak eta eskaerak zuhurki proposatzen badizkiogu. Drogaren aurkako algoritmoaren jarrera tronpaturik, drogaren aurka egoteko agindu dion Silicon Valleyco jauntxoa ere ari ote gara tronpatzen? Edota gaizki ote dago galdera planteatuta?   

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.