Zein Ehule?
Luis Martin Santos lagunaren heriotzaren berri hunkitua eman zueneko testua aipatu izan da Mitxelenak fede kristaua zuela aldezteko:
“Azkeneko aldiz elkarrekin izan genuen hizketaldia datorkit gogora: mundu honetako gertariak, alegia, txindurritegi bateko txindurrien lanen gisa, asmoz eta buruz doazela ustekabeko ezbeharren batek nahasteka zoro bihurtzen ez ditueino.
Horrelako zerbait dirudi Luisen heriotzak ere: kanpo-aldetik, txindurrien usteak eta biziak zapalduaz, datorren ostiko zentzugabea. Baina, txindurriek oin zapaltzailearen berri ez dakitelarik, iragazki nahasia eta urratua ehun ederragoren baten gai bihur daiteke goragoko Ehule haren eskuz eta arduraz. Sineste hori da gure ezinaren sustengua:
Ezin aal baledi, Jaun errukiorra,
barkatu zaiozu zizukean zorra.”
(Idazlan guztiak XIII, 473)
Dena den, amor fati esapidea doiago dagokion bezala estoizismoari kristautasunari baino, Ehulearen metafora ere sarriago erabili izan da Moira eta Parka patugileen iruteari loturik, Jainko kristaua izendatzeko baino.
Ez bakarrik estoikoen artean: mundu greko-erromatarrean Ehuntzea zen unibertsoaren funtzionamendua azaltzeko oinarrizko irudia. Aldiz, gutxitan darabilte kristauek, gogokoago baitituzte Jainkoarentzat Buztinlari, Arkitekto edo Artzain bezalako konparazioak.
Moirek Grezian eta Parkek Erroman biziaren hariak josi eta unibertsoa den oihal handia fin bezain gogor ehuntzen zuten. Kloto, Lakesis eta Atroposen ehundura hori Olinpoko jainkoek ere ezin zuten aldatu.
Estoikoek mito horri perspektiba razionala eman zioten: kausa-ondorio kate hautsezinez osatua dago unibertsoa; gisa berean eratzen dute hariek oihala. Jakintsu estoikoaren xedea Ehulearen obra bere horretan onartzea da, “Logos” ere baden unibertsoaren ordenak erabaki baitu.
Moirek ez bezala, Jainko kristauak ez du patu itsu aldaezinik iruten. Giza borondate librea defendatzen du kristautasunak. Jainkoak giza askatasuna errespetatzen du, eta bere salbazio-egitasmoa historiaren hari askeekin josten du.
Ene ustez, Mitxelenak Ehulea aipatu zuelarik, estoikoen Patua zuen gogoan, ez Jainko kristaua. Ulertzera hel ez gaitezkeen modu batez, guk orain oinaze eta desastre gisa sentitzen duguna —hala nola adiskidearen heriotza istripu ergel batean—, osotasun handiko zati ederrago bihur lezake Logosarekin identifikaturiko Patuaren Ehuleak. Ez dakigu hala den; bageneki, ez genuke sinesmenik behar. Edozelan ere, sineste horrek eusten gaitu hondamendiaren putzuan.
Katolikotasunean hazi eta hezi bazuten ere, uste dut errazago ezkon litekeela Mitxelenaren aiurriarekin Logosarekin bat letorkeen Adur inpertsonalean noizean behin sinesteko joera, Jainko pertsonalaren fedea baino.
