Zeharka (IV)
Aurreko txandan igotako Kanten irudimen produktiboari buruzko testuaren harira, beste lotura bat egin liteke: Kantek jakintzaren apriorizko baldintzak aztertzen ditu; ez du galdetzen soilik zer ezagutzen dugun, baizik eta nola den posible zerbait ezagutzea. Horretarako, sentsibilitatearen formak, adimenaren kategoriak eta irudimenaren eskematismoa aztertzen ditu. Arazoa: ez ditu aldakortasuna eta historikotasuna kontuan hartzen. Azurmendiren hitzetan:
“Egiazko ezagutza ezagutza edo judizio ziurra da; edo, ezagutza zinezko edo zientziaren ezaugarri behinena ziurtasuna da (Kanten aburuz); beraz, unibertsaltasuna, aldaezintasuna, betikotasuna. Horrek esan gura du Kanten ustetan, hau da, Kanten ezagutzaren eta zientziaren kontzeptuan, Newtonen ondoren Einstein, edo Euklidesen ondoren Gauss/Lobatschewski edo Riemann, ez bakarrik de facto ezinezkoak, baizik eta pentsaezinezkoak ere bazirela”. (12)
Kanti Hegelek eginiko kritikaren arabera ere, ezin dira ezagutzaren baldintzak behin betiko finkatu, ezagutzaren garapen historikotik kanpo. Kontzientziaren formak bere ibilbide dialektikoan eratzen eta gainditzen dira. Hegelek eta Kojèvek galdetzen dute ea nola heltzen den kontzientzia historikoa bere burua eta bere jakintza ulertzera.
Humboldtek beste dimentsio bat eransten dio auziari: pentsamenduaren eraketa linguistikoarena, hizkuntza-jardueran eratzen baita haren ustez pentsamendua. Azurmendik, Humboldten irakurketa garatuz, dimentsio horren ondorio filosofikoak aztertzen ditu, bereziki hizkuntza-aniztasunari eta pentsamenduaren unibertsaltasunari dagozkionak. Uste du pentsamenduaren izaera linguistiko eta historikoak ondorio larriak dituela gizakiaren autoulermenari begira, eta unibertsaltasunaren auziari.
Gogora dezagun: behin onarturik filosofiaren aldeetako bat izan litekeela jakintza partikularren arteko loturak eta oinarri kategoriko komunak argitzea, Kojèveren planteamenduak beste eskakizun bat dakar: jakintzen arteko lotura horiek aztertzean, filosofiak ezin du bere jarduera bera kanpoan utzi.
Eta Humboldtek eta Azurmendik, beren aldetik, sakondu egiten dute zeharkakotasun filosofikoaren zentzua: filosofiak, fisikaren, biologiaren eta ekonomiaren arteko harremanak aztertu ez ezik, jakintza horien kontzeptuak sortzeko eta erabiltzeko moduak ere azaldu behar ditu. Adibide bat: biologian “organismoa”, “funtzioa”, “informazioa” edo “egokitzapena” erabiltzen dira. Ekonomian ere baditugu “funtzioa”, “informazioa”, “sistema” eta “egokitzapena”.
Zer esan nahi dute kontzeptu horiek jakintza bakoitzean? Benetan partekatzen al dute egitura kategoriko bat, ala antzekotasun linguistikoak desberdintasun kontzeptualak ezkutatzen ditu? Hor ere egin dezake filosofiak lan transbertsala.
Dena den, beste galdera hau ere egin lezake: zientziaren kontzeptuak hizkuntza batetik bestera eramatean, zer gordetzen da, eta zer aldatzen? Esate baterako, “organismo” hitzaren bidez adierazten dugun kontzeptua eta Humboldten Organismus ez dira baliokide osoak. Testuinguruaren arabera, organismo biologikoa, osotasun antolatua edo garapenaren printzipioa adieraz litzake Humboldtenak. Eta Humboldten hizkuntza-filosofiak arreta jartzera behartzen gaitu kontzeptuen mugimendu horretan. Halatan, filosofia transbertsala ez litzateke soilik zientzien arteko metajakintza; gainera, jakintza horiek ahalbidetzen dituzten hizkuntza-jardueren gaineko gogoeta litzateke halaber.
