Zapatapean
Alaba bi dauzkagu, Amaia eta Leire. Guztiontzat da biziki garrantzitsua musika. Txikiak zirelarik, musikari dagokionez, planeta desberdinetan bizi ginen. Beraientzat “Kanuto xixilindro” eta Takolo eta Pirritx ziren erabakigarriak.
“Zapatapean” horrekin izan genuen laurok lehenbiziko aldiz aldi bereko estasi estetiko bat.
Garai hartan Amaiari haginetako aparatua ipini zioten. Baina maiz galtzen zuen. Denbora franko igaro nuen Amaiaren aparatu galduaren bila. Oroitzen naiz behin batean gure etxe azpiko mahai batean, Talan, urte betetzeko askaria egin zutela. Bukatutakoan, ordurako ilunabarra, Amaiaren aparatua agertzen ez. Orduan pentsatu nuen jan ahal izateko kendu eta paperezko ezpain-zapi horietako batean bilduko zuela. Ezpain-zapi guztiak kontainer-zakarrontzira boteak zituzten ordea. Han sartu behar izan nuen linterna batekin kontainer barrura eta bilatu. Aurkitu egin nuen azkenik.
Beste batean, autoan sartu Bilbotik Bermeora itzultzeko eta Amaia aparatu barik. Bilboko Zazpi Kaletako Brasil kafetegian egon berriak ginen eta badaezpada ere bertara itzuli ginen. Zabor-poltsa erraldoi bat atera zidaten, bertara bota baitzituzten eguneko hondakin guztiak. Ordurako erdi espezialista, zigarrokin, erdi jandako pintxo eta arrain-zatien artean bilatzeari ekin nion. Aise emango nuen bertan ordu eta erdi. Ez zen agertu. Etsi eta bagindoazela, Amaiak berak aurkitu zuen aparatua tabernako zoko ilun batean.
Etxera bueltatu eta aparkatzerakoan Joseba Tapia “Zapatapean” kantatzen hasi zen. Aparkatu eta isil-isilik gelditu ginen laurok liluratuta. Esan bezala, “Zapatapean” izan zen laurok aldi berean sakonki hunkitu gintuen lehenbiziko kantua. Apo bati buruzkoa da, basatzetako urretxindorra, “ni ez nauzu apoa ni nauzu bihotza”.
Nork irakatsi ziken linternakin zakar artian kapen egin eta sip egiten? je, je... pasadizo ona, Markos! Hondarbiyan "itsasora fan eta kapen, karramarroak hartu eta kontten" esaten ditek... hire kasuan "kontainerrera fan eta kapen, aparatua berreskuratu ta kontten"!. Bejondeizuela! Urte berri on!