Zakurrak ez du tronpatzeko moduko esaldirik
Datorrena ulertzeko lagungarri, definizioa: Davidsonek “pentsamendu proposizionala” deitzen dio egiazkoa edo faltsua izan daitekeen zerbaiti buruz pentsatzeko gaitasunari. Ezinezkoa da pentsaera proposizionala baldin eta aldez aurretik ez bada ulertzen gerta litekeela norberak pentsatzen duena eta errealitatea bat ez etortzea.
Gogora dezagun: Malcolmen zakurrak katua haritz batera igo dela uste du, baina katua beste zuhaitz batera igo da. Malcolmen esanetan, zakurrak okerreko zuhaitzari egiten dio zaunka.
Unamunori esker badakigu zaila zaigula ziur jakitea karramarroen eta katuen gogoan zer gertatzen den. Animaliaren barne-bizitzaz zer jakin dezakegun galdetzen du Unamunok, barne-esperientziaren ezagutza du arazo nagusi. Testuinguru horretan, ez du hizkuntzaren zeregina esplizituki aztertzen. Edonola ere, zalantzan jartzen du giza arrazoimenaren berezitasuna.
Harago doa Davidsonek Malcolmi eginiko objekzioa: zakurrari zinezko usteak egozteko, egia eta gezurra edota ustea eta errealitatea bereizteko gaitasuna beharko luke. Alta, Davidsonen iritziz, bereizketa hori ezinbestez dago giza hizkuntzari eta beste hiztunekiko harremanari lotua.
Baldintza batzuk bete behar dira zerbait uste izateko, pentsamendua eta esanahia ez dabiltza airean edozelan libre. Zakurrak bultzaturik, usteak edukitzeko baldintza kontzeptualak aztertzen ditu Davidsonek, eta ikusten du ez bakarrik ezin dugula frogatu zakurrak pentsatzen duela; gainera, ez dira zakurrari uste proposizionalak egozteko baldintzak betetzen. Esan bezala, uste proposizionalak eskatzen du norberaren ustea eta errealitatea desberdinak izan daitezkeela ulertzeko gaitasuna.
Davidson ez da mugatzen zalantzan jartzera zakurrak ustea eta errealitatea bereizteko gaitasuna ote duen. Ukatu egiten du. Zakurrak ez du bere usteak faltsuak izan daitezkeela ulertzeko behar den egia objektiboaren kontzeptua. Honela laburbil daiteke Davidsonen arrazoibidea: uste proposizionalak izateko, beharrezkoa da uste bat egiazkoa edo faltsua izan daitekeela ulertzea; horretarako, beharrezkoa da norberak uste duena eta objektiboki gertatzen dena bereiztea; bereizketa hori egin ahal izateko, ezinbestekoa da giza hizkuntza; horrenbestez, zakurrak ez du uste proposizionalik. Davidsonek ukatu egiten du zakurrak gaitasuna duenik ulertzeko gerta litekeela bere usteak eta errealitatea bat ez etortzea, giza hizkuntzaren jabetzari lotzen baitio horretarako beharrezkoa den egia objektiboaren kontzeptua.
Badaezpada ere: Davidsonen baieztapena ez da zakurraren gaitasun mentalei buruzko aurkikuntza esperimentala, ezpada pentsamendu proposizionala izateko baldintzei buruzko tesi filosofikoa.
Beraz, Davidsonen ustez, zakurra errealitatearekin bat ez datorren moduan jokatzeak ez du esan nahi oker egotearen kontzeptua duenik. Eta, hain zuzen, horixe du Malcolmekiko desadostasunaren muina.
