Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Wittgensteinen pentsamendua

Wittgensteinen pentsamendua

Markos Zapiain 2008/06/04 19:47
Selektibitateko Testu Iruzkinaren 2.1. puntuari erantzuteko egokitua

Hauxe da Wittgensteinen gogoeta abian jarri zuen harridura: hitz egin, hitz egiten dugu, noski, baina zer da zehazki egiten duguna mintzo garelarik? Nola funtzionatzen du zentzuak esaldian, zer da perpausa? Kanten galdera ezagut dezakedanaren mugen gainekoa bazen, Wittgensteinek itaunduko du zer ote den era onargarriz esan dezakedana. Eta zentzuz esan dezakedanaren mugak tautologia eta kontraesana dira: tautologia beti da egia, baina ez digu ezer esaten munduaz; kontraesana beti da gezurra, eta ez digu ezer esaten munduaz.

Lehen Wittgensteinentzat, tautologiaren eta kontraesanaren artean dagoen perpausak, zentzuzkoa denean, mundua irudikatu egiten du. Izan ere, hizkuntzak eta errealitateak forma logiko berdina dute, isomorfoak dira: adibidez izenak, hizkuntzaren azken osagai definiezinak, bat datoz gauzekin, errealitatearen azken osagaiekin. Munduaren irudi legez funtzionatzen du perpaus onargarriak. Alabaina, ezin da perpausen bidez munduaren eta hizkuntzaren forma logiko komuna azaldu. Hori norberaren lokartze unea zehazki kronometratu nahi izatea litzateke. Perpausek forma logiko hori “erakutsi” egiten dute, ezin dute “adierazi”.

Tractatus-ean, hortaz, Atomismo Logiko osoan bezala, izenaren zentzua bere erreferente erreala da. Eta perpaus onargarria, era berean, mundua deskribatzen duena da, hots, Natur Zientzietakoa. Ordea, Natur Zientzietako gaiak ez dira garrantzitsuenak gizakiontzat.

Sakonkien dagozkigun gaiak etikoak, mistikoak, estetikoak dira. Baina ezin dira hitzez adierazi. Mistikaz berbetan hasten garenean ez dugu botatzen zentzugabekeriak baino. Esan daitekeena, guztiz argiro esan daiteke; eta ezin esan daitekeenaz, hobe isiltzea. Lehen Wittgensteinentzat, beraz, badago egia, mintzoz adieraz daiteke, egia adierazten hasi eta bukatu egin behar dugu, eta egia adierazi ostean isildu: jolastu, maitatu, bizi. Horrexegatik dio Tractatus-ak zati bi dituela: idatzirik dagoena eta idatzirik ez dagoena. Eta bigarrena ei da garrantzitsuena.

Betiko eta eguneroko hizkera, bestalde, ez da gai mundua artez deskribatzeko, nahasia baita. Horrenbestez, munduaren berri emateko, logikoki perfektu bilakarazi beharko dugu hizkuntza. Lehen Wittgenstein gazte suhar solipsistak hizkuntza aldatu nahi du, halatan mundua ere aldatuko duelakoan, munduaren mugak nire hizkuntzaren mugak baitira.

Heldu ahala, aldiz, baretu egingo da, eta Bigarren Wittgensteinek munduko hizkera ugari aldakorrak bere horretan onartzearen eta uztearen alde egingo du.

Ikerketa Filosofikoak liburua da Bigarren Wittgensteinen filosofiaren adierazpen nagusia.

Honen arabera, zentzuak ez du erreferentearekin zertan bat etorri: “Platon” zentzua ez zen Platon pertsonarekin batera zendu. Ez da egia munduaren eta hizkuntzaren forma logiko komunak perpausak zentzudun bilakatzen dituenik. Ostera, erabilerak erabakiko du hitzaren edo perpausaren esanahia. Hizkuntzaren adierazpenek anitz erabilera eta helburu dute eta jarduera desberdinei lotuta daude: erregutzea, eskertzea, madarikatzea, agintzea, gertaera bat kontatzea, eta abar.

Perpaus mota bakoitza hizkuntza-joko jakin baten adierazpena da. Hainbat arlotan erabiltzen dugu hizkuntza, eta erabilera horietako bakoitza hizkuntza-joko bati dagokio. Beraz, perpaus baten esanahia ezagutzeko, dagozkion hizkuntza-jokoa eta jarduera ezagutu beharko ditugu.

Beste jokoek bezala, hizkuntza-jokoek ere, funtzionatuko badute, arauak behar dituzte. Eta, argi eta zuzen jokatzekotan, arauak ezagutu behar. Desberdinak baitira zientziaren hizkuntza-jokoaren arauak, erosketan erabili beharrekoak, elizan, eta abar.

Hizkuntza-jokoek ez dute inolako funtsik. Ez dute Wittgensteinek “senide-antza” deritzona erakutsi baino egiten, joko desberdinen arteko analogiak eta berezitasunak nabaritu baino ez. Hizkuntzaren esentzia bilatzea zentzugabekeria da. Arauen deskribapen argira mugatu beharko genuke.

Edozelan ere, Lehen Wittgensteinek zein Bigarrenak antzera ikusten dute filosofiaren zeregina. Orain arte, filosofia isildu beharrekoaz etengabeko kalakan aritu da. Buru eritasun bat izan da filosofia, hizkuntzaren funtzionamendu zuzena ongi ez ulertzearen ondorio. Gramatikaren atzapar tronpariek mendean hartzen gaituzte, eta bost liburuki mardul idazten ditugu “Izatearen Esentziaz”. Orduan Wittgensteinek diosku: “begira, zu gaixorik zaude,  eta nik osa zaitzaket. Irakur ezazu nire obra, ulertu ondo, eta sendatuko zara. Eta, behin sendaturik, isildu egingo zara”. Terapia gisa ikusten du Wittgensteinek filosofia: ez dago filosofia-arazoak konpontzerik, errealitate berriren bat ezagutzera emanez adibidez, zentzubakoak baitira; filosofia-arazoak desegin egin behar dira, eta ahaztu. Arazo filosofikoa eulia da, botila barruan. Wittgensteinek botilaren zulorako bidea erakutsiko dio euliari.     

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.