Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Wittgenstein 1373 hitzetan

Wittgenstein 1373 hitzetan

Markos Zapiain 2024/03/07 18:10

BIZITZA

Vienan jaio zen Ludwig Wittgenstein, 1889an, munduko familia aberatsenetako batean. Mezenasak ziren Wittgensteindarrak. Ospetsua da Klimtek Ludwigen arreba Margaretheri egin zion erretratua. 

14 urte bete arte, etxean ikasi zuen Wittgensteinek, aitak ezarritako ikasketa-plan baten arabera. Gero, Linz-eko eskola teknikoan sartu zuten, non ikaskide izan baitzuen Adolf Hitler. 

Ludwigen hiru anaia nagusiek buruaz beste egin zuten. Ludwigek ere bizialdi osoan erabili zuen etengabe suizidatzeko aukera. Anaia Paul Wittgenstein piano-joleak besoa galdu zuen Lehen Mundu Gerran, eta harentzat idatzi zuen Maurice Ravel euskaldunak “Ezkerreko eskurako kontzertua”.  

1908an, Manchesterko Unibertsitatean Ingeniaritza aeronautikoa ikasteari ekin zion, baina berehala harrapatu zuen ingeniaritzaren oinarri matematiko eta logikoarekiko jakin-minak. Halatan, Cambridgeko Unibertsitatera jo zuen,  Bertrand Russell matematikari, logikari eta filosofari ospetsuarekin ikasteko.

Zaratatsua egiten zitzaion, ordea, Cambridgeko giroa, axalekoak konbentzio akademikoak, eta bere pentsamenduan behar bezala kontzentratzeko Norvegiako fiordo batean etxola txiki bat eraiki eta hantxe bakartu zen. Ederki ikasi zuen norvegieraz mintzatzen eta idazten. 

Uko egin zion  bere herentzia itzelari. 

Lehen Mundu Gerra hastean, Austriako artillerian sartu zen, boluntario. Borrokaldi-urteetan zein Italian preso, koadernoetan idazten zituen gogoeta filosofikoak. Bertako oharretan zein Norvegiako etxolan idatzirikoetan oinarriturik idatzi zuen Tratatu logiko-filosofiko famatua. 1921an argitaratu zuten.

Tratatuak arazo filosofiko guztiak behin betiko erantzun zituela sinetsirik, Wittgensteinek, behin gerra bukatuta, filosofia baztertu zuen. Vienarraren ustez, Filosofia-irakasle duzu munduko lanbiderik absurdoena. 

1920 eta 1926 artean, Austriako zenbait herri txikitan egin zuen lan, maisu. Ikasleek sarritan ateratzen zuten bere onetik. Zoritxarreko sentitzen zen eta etsiak hartu zuen.  

Irakaskuntza utzirik, Vienara itzuli zen. Depresioa sendatzeko fraide sartzen saiatu zen, baina komentuko buruak fede-falta sumatu eta  bertako lorezain izatea proposatu zion, eta Wittgensteinek onartu.

Arkitekto lanak ere egin zituen ondoren, arreba baten etxea diseinatzen, modu harrigarriro zorrotz eta obsesiboan. 

1930ean itzuli zen Cambridgera irakastera, baina berriro bakartu behar izan zuen Norvegiako etxolan, eta horrek Filosofia-azterketak lantzeko aukera eman zion, Bigarren Wittgensteinen adierazpenik osoena.  

Hitlerren Alemania Austriaz jabetu zenean, 1938an, Britainia Handiko herritar bihurtu zen Wittgenstein. Erizain ibili zen Bigarren Mundu Gerran.

1949an minbizia aurkitu zioten eta 1951n hil zen. Wittgensteinen azkeneko hitzak: “Esaiezu zoragarria izan dela nire bizitza”. 

PENTSAMENDUA

Hauxe da Wittgensteinen gogoeta abian jarri zuen harridura: hitz egin, hitz egiten dugu, noski, baina zer da zehazki egiten duguna mintzo garelarik? 

Erantzunaren arabera, Wittgenstein bi bereizi izan dira, eta biek izan dute eragin handia filosofian: lehenbizikoak Vienako Eskolaren neopositibismoa bideratu zuen, eta bigarrenak filosofia analitikoa eta hizkuntza arruntaren filosofia. 

Tratatu logiko-filosofikoak darakutsa lehen Wittgensteinen pentsamendua. Baina kontuz: vienarrak dioenez, zati bi ditu Tratatuak: idatzirik dagoena, eta idatzirik ez dagoena. Eta bigarrena ei da garrantzitsuena.

Lehen Wittgensteinentzat, behar bezalako esaldiak mundua irudikatu egiten du. Hizkuntzak eta munduak forma logiko berdina dute: adibidez, izenak bat datoz gauzekin. Eta izenak esaldian modu jakin batean konbinatzen diren bezala konbinatzen dira gauzak gertaeran. Hizkuntzaren eta munduaren karkasa da logika.

Hizkuntzaren izaera figuratiboaren ideia auto-istripu baten inguruko epaiketa baten berri irakurri zuenean bururatu zitzaion Wittgensteini: panpinen eta figuratxoen bidez errepresentatu zituzten autoak, etxeak, jendea. Antzera irudikatuko luke esaldiak munduko gertaera edo egoera. 

Tratatu logiko-filosofikoan, izenaren zentzua bere erreferente erreala da. Eta mundua deskribatzen dutenak dira esaldi onargarriak; hots, Natur Zientzietakoak. Esaldi filosofiko klasikoak ez bezala, errealitatearekin bat etor daitezkeen esaldiak egiazkoak ala faltsuak izan daitezke. Natur Zientziak egiazko esaldi guztiak bilduko lituzke. Haatik, Natur Zientzietako gaiak ez dira garrantzitsuenak gizakiontzat. Zientziaren galdera guztiei erantzunda ere, gure funtsezko arazoak ez genituzke ukitu ere egingo. 

Sakonkien dagozkigun gaiak etikoak, estetikoak, metafisikoak dira. Baina ezin dira hitzez adierazi, ez dira gertaeren pinturak, ezin dira egiazkoak edo faltsuak izan. Hil ala bizikoak dira, baina ez dute zentzurik. Hizkuntzak ezin du metafisikaren berri eman. Ez da gai, katiluak Atlantiar Ozeanoa har ez dezakeen legez. 

Gela bat balitz hizkuntza, gelako hormen aurka burua jotzea litzateke metafisikaz zentzuz mintzatu nahi izatea. Soilik unibertsotik kanpo bageunde esan ahalko genuke zentzuzko zerbait unibertsoaren osotasunaz. Eta Wittgensteinentzat, nire hizkuntzaren mugak dira nire munduaren mugak.

Filosofia klasikoa eta arazo metafisikoak hizkuntzaren logika gaizki ulertzetik datoz. Wittgensteinen filosofatzeak ez dakar filosofia gehiago; ez dakar esaldien argitzea baino. Pentsa daitekeen guztia argiro pentsa baitaiteke. Eta ezin esan daitekeenari dagokionez, hobe isilik.

Lehen Wittgensteinentzat, badago egia, mintzoz adieraz daiteke, egia adierazten hasi eta bukatu egin behar dugu, eta egia adierazi ostean filosofia baztertu eta jolastu, maitatu, bizi. Arazo filosofiko guztiei behin betiko konponbidea eman omen die Tratatuak, eta, hortaz, ez du zentzurik aurrerantzean ere arazo horiek buruan bueltaka erabiltzen jarraitzeak. Gainera, Tratatuak bere burua deuseztatzen du. Dagoenari buruzko ikuspuntu zuzenera daraman eskailera bat da, eta, igo ostean, bota egin behar da. 

Filosofia-azterketak liburua da Bigarren Wittgensteinen filosofiaren adierazpen nagusia, eta Tratatuko Lehen Wittgensteinekin kontrastatzeak hobeto ulertzen laguntzen du. Horregatik eskatu zuen Wittgensteinek liburu biak batera argitaratzeko, euskaraz egin den bezala. 

Zenbait puntutan jarraitutasuna dago Tratatuaren eta Filosofia-azterketen artean: filosofia ez da teoria, ez doktrina, baizik eta jarduera bat, jarduera argitzaile bat, hizkuntzan zentratua.

Beste zenbaitetan ez: Bigarren Wittgensteinen arabera, ez da egia munduaren eta hizkuntzaren forma logiko komunak bilakatzen dituenik esaldiak onargarri eta zentzudun, ez baitago halako isomorfismorik. Natur Zientzietakoa ez da hizkuntza erabiltzeko moduetako bat baizik, eta ez dago besteen gainetik. 

Bigarren Wittgensteinentzat, gauzak izendatzea ez da hizkuntzaren erabilera zuzen bakarra. Zaila da zehaztea zer gauza izendatzen duten “Ez”, edo “Lagundu!” bezalako esapideek. Bestalde, izenaren zentzuak ez du erreferentearekin zertan bat etorri: “Platon” zentzua ez zen Platon filosofoarekin batera zendu. 

Bigarren Wittgensteinen esanetan, bizitza errealeko erabilerak erabakiko du hitzaren zentzua. Erreminta-kaxaren antzekoa da hizkuntza, eta hitzak —mailua edo giltza ingelesa bezala— hainbat zereginetarako balia daitezke. Anitz erabilbide eta helburu dute hizkuntzaren adierazpenek, eta Natur Zientzietakoak bezain egokiak dira agindua ematea, hizkuntza batetik bestera itzultzea, istorioak eta txisteak kontatzea, erregutzea, eskertzea, madarikatzea, eta abar. Hizkuntza-joko ugari dago, eta ez dute esentzia komunik, “familia-kutsua” baino ez.    

Filosofiaren zereginetako bat hizkuntza-joko errealetako arauen deskribapen argia litzateke. Xakean ez zara hasiko zaldia dorrea legez mugitzen. Beste jokoek bezala, hizkuntza-jokoek ere, funtzionatuko badute, arauak behar dituzte. Ez da komeni “ostia” elizan erabiltzea ringeko hizkuntza-jokoen arauei jarraiki. 

Eta ez diozu arauari bakarka eta zeure kabuz jarraitzen, modu pribatuan; aitzitik, komunitateak eutsitako praktika da. Ez du zentzurik esateak norbaitek esaldi bat edo batzuk berak bakarrik ulertzen dituela, edo arau bati edo zenbaiti berak bakarrik jarraitzen diela.

Wittgensteini lagun batek ziurtatu zion berak bakarrik zekiela bere mina zer zen, eta bere oinaze propioari esker baino ez zekiela “min” hitzak zer esan nahi zuen. Wittgenstein ez zegoen ados. Ez zuen uste “min” hitzak zer esan nahi duen jakin dezakezunik, zeure min pribatua bakarrik ezagututa.

Horrela adierazi zuen Wittgensteinek bere desadostasuna: irudikatu zenbait lagun, nork bere kutxatxoa daukala, eta barruan “kakalardo” deritzoten zerbait. Inork ezin du besteen kutxan begiratu, berean baino ez; eta bakoitzak esaten du soilik bere kakalardoari begiratuta dakiela zer den kakalardo bat.

Kutxan dagoen izakia ez da hizkuntza-jokoan sartzen; beraz, Wittgensteinen esanetan, kutxan dagoenak edo ez dagoenak ez du garrantzirik. Lagunek “kakalardo” edo “min” hitza nola darabiltzaten, horrek erabakitzen du hitzaren esanahia, eta ez begiradatik gordetako balizko izaki pribaturen batek.

Bestalde, Wittgensteinek dio gure hizkuntza hiri zahar baten antzekoa dela. Batetik, alde zaharra, kalezulo eta plazen nahaspila, etxe zahar eta berriena, hainbat mendetako eraikinak pilaturik; bestetik, badaude auzo berriak ere, kale zuzen eta erregularrez osatuak, atxikiriko etxeekin. 

Hiriek eta hizkuntzek ez diote aldatzeari uzten, bertan bizi eta bertatik igarotzen diren lagunen jardueren ondorioz. Etengabe sortzen dira esamolde eta karrika berriak, noranzko bakarreko kaleak eta kalezulo itsuak.

Ataka larrian egotearekin alderatzen du arazo filosofikoa Wittgensteinek, kale itsuan galdurik.

Filosofatzearen eginkizunetako bat hiri horren planoa marraztea litzateke. Hori bai, norberak aztertu behar du hiria, plano txukuna sortuko badu gero gogoan. Inork ezin du nire txapela bere buruan jantzita nire burua estali; era berean, inork ezin du nire pentsamendua bere buruan nire ordez pentsatu.

Linguistikoak dira Wittgensteinentzat arazo filosofikoak, ez enpirikoak. Medikuak eritasuna bezala tratatzen du Wittgensteinek auzi filosofikoa. Hizkuntzak mitologia bat ezkutatzen du, ezagutza oztopatzen duena, adimena sorgintzen baitigu. Nahaste filosofikoa sortzen da ez hizkuntzaren motorra abante dabilenean, baizik eta alfertuta dagoenean. Eta metafisikak oporretara darama hizkuntza. 

Ezkutuan datzan zentzugabekeriari mozorroa kendu eta agerian uzteak bideratzen du artatzea. Ez da deus ere azaldu behar; are gutxiago kritikatu, edo hobetzen ahalegindu, edota eragina bilatu gizakiengan. Aski da deskribatzea. Wittgensteinen leloetako bat: “Ez pentsatu; begiratu!” 

Hizkuntzaren praktikei argiro antzematen zaienean desagertzen dira larridura filosofikoak. Erremedioa behar bezala aplikatzen ez den bitartean botilan harrapatutako eulien antzera gabiltza, batetik bestera burrunbaka. Behin eta berriro jotzen dugu kristala eta koskor galantak ateratzen zaizkigu. Euliari botilako zuloa erakustea du xede Wittgensteinen filosofiak, adimena eta nerbioak lasaitzea, filosofatzeari uztea eta bakea.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.