Unamunoren karramarrotik Davidsonen zakurrera
Etsenpluak eta pentsamendu-esperimentuak asmatzeko, aspalditik dugu filosofian zomorroak eta animalia txikiak erabiltzeko joera emankor askoa, Zenonen dortokatik hasita, Azurmendik ere ederto aprobetxatua. Unamunok ez zuen uste gizakia gainerako animalietarik bereizten gaituena arrazoia denik, sentimendua baino, eta idatzi zuen ezen “maizago ikusi dut katua arrazoiketan, barrez edo negarrez baino. Baliteke barrutik barrez edo negarrez ari izatea, baina litekeena da, halaber, karramarroak berak ere bigarren mailako ekuazioak ebazten jakitea.” (Bizitzaren sentimendu tragikoaz, Xabier Kintana itzultzaile)
“Hezur-haragizko gizakia” du Unamunok filosofiaren erdigunetzat, eta gizakiaren definizio klasikoa itutzat: animal rationale, animalia arrazoiduna. Aristotelesengandik datorren tradizio horren aurrean, Unamunok sentimenduaren lehentasuna aldarrikatzen du. Gizakia ez da, funtsean, animalia arrazoiduna, sentimenduduna baino, sufritzailea, heriotzaren beldur beti, eta hilezkortasunaren irrika. Zergatik aipatzen ditu katua eta karramarroa?
Katuaren ohiko jokabidean, irudimena lar behartu barik, arrazoiketaren antzeko zerbait suma genezake; zailagoa zaigu, katuari so, barrearen edo negarraren baliokideak nabaritzea. Eta karramarroaren ekuazioen aipamenak arrazoimenaren inguruko ziurtasunak barregarri uzteko balio du. Giza berezitasuna arrazoimenaren bidez definitzeko inertzia zalantzan jarri nahi du Unamunok.
Umorea darabil: ekuazioak ebaztea hartu ohi da arrazoimenaren adierazpen gorentzat, batez ere matematikarien artean. Unamunok jarduera hori krustazeo bati egotzita erlatibizatzen du arrazoiaren prestigioa. Bistan da Unamunoren asmoa txiste-paradoxa bat egitea izan zela.
Dena den, Unamunoren asmotik urruti bada ere, badago karramarroaren kasua bestela ere interpretatzea, Azurmendiren Humboldt-liburutik hurbilago; adibidez, jokabidearen eta esanahiaren arteko harremanen arazoa planteatzeko.
Ideia bi bereiz daitezke Unamunoren azken esaldian: “Baliteke [katua] barrutik barrez edo negarrez ari izatea, baina litekeena da, halaber, karramarroak berak ere bigarren mailako ekuazioak ebazten jakitea”. Batetik, anbiguoak izaten dira gorputzen mugimenduak eta portaerak, eta kanpotik ikusten dugunak ez digu beti barne-esperientziaren berri ematen; eta, bestetik, izakien gaitasun mentalak ez dira zuzenean ondorioztatzen haien itxuratik.
Unamunoren karramarro matematikariak, jatorrizko testuinguruan, gizakia animalia arrazoidun gisa definitzeko tradizioa ironikoki zalantzan jartzen du. Alabaina, ateraldiak badu Unamunok esplizituki garatu ez zuen beste ahalmen filosofiko bat: neurea ez beste adimenen arazoa iradokitzen du. Nola jakin dezakegu beste izaki baten portaeraren atzean zer pentsamendu edo esperientzia dagoen? Kanpoko mugimenduak ez dira berez nahikoa barneko jarduera mentala identifikatzeko. Karramarroaren mugimenduek ekuazio baten ebazpenarekin bat egingo balute ere, horrek ez luke besterik gabe frogatuko karramarroak kalkulu matematikoa ulertzen duenik. Are, AAk ekuazioak ebazteak esan nahi du ekuazio horiek ulertzen dituela? “Ulermen” hitzaren zein zentzutan?
Hortaz, Unamunoren zirtotik abiatuta, beste eztabaida batera igaro gaitezke: zer baldintza bete behar dira portaera fisiko bati benetako pentsamendua, ulermena edo esanahia egozteko? Galdera horrek Davidsonen hizkuntzaren filosofiara garamatza. Davidsonen arazoa eta Unamunorena berdinak ez diren arren, zilegi dirudi Unamunoren karramarroa baliatzea Davidsonen arazo azurmenditarra aurkezteko, ez baitu bilbotarraren planteamendua desitxuratzen.
EZAGUTZAREN MUGAK ETA ERREALITATEAREN MUGAK EZ DATOZ BAT
Guztiarekin ere, Malcolmen eta Davidsonen zakurrari ekin baino lehen, komeni da izpiritualista batzuek egin duten karramarro matematikariaren interpretazio interesatua deseraikitzea. Karramarroaren kasuak erakusten digu kanpoko portaeraren behaketak ez digula zuzenean erakusten izaki baten barne-esperientzia. Epistemologiari dagokio baieztapen hori. Eta ezin da baieztapen ontologiko honekin nahasi: adimena eta arrazoimena ezin dira errealitate fisikora edo biologikora murriztu. Lehenbizikoak ez baitu bigarrena frogatzen.
Kasurako, materialista batek onar dezake ezin dugula karramarroaren kontzientzia zuzenean behatu, eta, hala ere, kontzientzia hori —halakorik balego— prozesu neurobiologikoen ondorio dela defendatu dezake. Alegia, ezagutzaren mugak ez dira ezinbestez errealitatearen muga ontologikoak. Halatan, karramarroaren adibidea ezin da, besterik gabe, materialismoaren edo fisikalismoaren aurkako argudio gisa erabili.
