Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Unamuno eta euskara

Unamuno eta euskara

Markos Zapiain 2022/10/29 10:35


Unamuno harriturik geratuko zatekeen baldin “Bizitzaren sentimendu tragikoaz”, “Kristautasunaren agonia”, “Laino”, “Abel Sanchez” eta bere beste liburu batzuk euskaraz ikusi balitu, bere etxe ondoko ikastetxeetan D eredua dela nagusi, Unamuno Institutuan bezalaxe, badugula Euskal Herriko Unibertsitatea; edota, bere jaiotetxean, Erronda kalean, orain bertan balkoi batean Euskal presoak Euskal Herrira pankarta ikusiko balu, eta beste batean Euskaraz bizi nahi dut. Aita Bergararra zuen, ama jatorriz Arratia aldekoa. Etxean ez zuten euskaraz egiten, bere kabuz ikasi zuen. Gaztetan Euskal Herriaren eta euskararen aldeko sentimendu sakonak zituen. Nazionalista erromantikoa zen. Garai hartan idatzitako “Bakea gudan” eleberrian, karlisten aldeko eta liberalen aurkako jarrera dago. Unamunori buruzko bere liburuan, Jon Juaristik liberal handi bat izan zela dio behin eta berriz. Aldiz, Joxe Azurmendik idatzi du, “Bakea gudan” liburuaz argitaratu duen saioan, Unamuno inoiz ez zela liberala izan. Nire ustez, fidagarriagoa da Joxe Azurmendi.
 

Unamunok berak dio Sabino Aranak berari kopiatu zizkiola ideia abertzale garrantzitsuenak. Hogeita hiruzpalau urte zituela, ordea, Bizkaiko Aldundiak Euskara Katedra baterako oposizioak deitu zituen. Azkue eta Sabino Arana bera izan zituen lehiakide, eta Azkuek irabazi zuen. Kolpe ederra, arras baitzen harroa. Aurrerantzean, euskaltzaletasuna zimurtu zitzaion. Erromantizismoa utzi eta positibismoari atxiki zitzaion. Honen arabera, Historia unibertsalaren baitan herri txikiek ez dute lekurik. Ondoren, sozialista eta marxista egin zen, eta, Pablo Iglesias ezagutu ostean, PSOEko militante. Garai hartan eman zuen euskara baztertu eta ahaztearen aldeko hitzaldi sonatu hura, Bilboko Lore Jokoetan, Arriagan. Abertzale ugari zegoen entzuleen artean, eta entzun behar izan zuten euskarak ez duela bizitza modernorako balio eta hiltzen utzi behar dugula, hiltzen lagundu, hileta duin bat antolatu, santuki lurperatu, izan dadila erlikia interesgarri bat. Garrasika hartu zuten. 

Bestelako haserre zenbaiten ondorioz, PSOE ere utzi zuen, eta edozein militantzia politiko. Krisi sakon baten eraginez erlijiora itzuli zen. Oso zuen partikularra fedea haatik, eta Elizak liburu debekatuen zerrendan sartu zituen Unamunorenak. Inoiz ez zen ortodoxiarekin ondo konpondu. Konbertsioaren osteko sasoi hau, batzuek existentzialista deitzen dutena, izan zen emankorrena, orduan idatzi zituen nazioarteko ospea ekarri zioten “Bizitzaren sentimendu tragikoaz”, “Laino” eta abar.

Gero, Unamuno espainolismorik zoldazuenaren ordezkari izan zen, zein ote da Espainiaren esentzia, hau larridura, me duele España, que inventen ellos, Europarik gabeko Erdi Aro espainol batera itzulera aldarrikatu zuen. Zahartzaroan kontserbadore bilakatu zen, autoritarismoaren aldeko.

Hala ere, zaputzak gorabehera, ematen du beti gorde ziola atxikimendu sekretu bat euskarari. Espainiako diktadurak erbesteratu zuenean, aurrena Fuerteventuran egon zen, gero Parisen, eta azkenik Hendaiara etorri zen, bere lurretik ahal bezain hurbil ibili ahal izateko. Xabier Kintanak kontatu duenez, behin batean, Regoyos eta Uzelai margolariak bisitan joan zitzaizkion. (Izugarri maite zuen pintura, eta modelo-lanak ere egin zituen gaztaroan.) Txango ibili ziren, eta Pausuako muino batean zeudela, Unamunok eskuaz Gipuzkoa seinalatu eta halaxe esan omen zuen:

"Han dira Aiako haitzak, eta haien oinean Oiartzun. Eta Oiartzunen plaza bat dago. Eta plazan taberna bat. Ez dakizue asko nola gustatuko litzaidakeen gaur Oiartzunen, bertako plazan egon ahal izatea, Isabelitarekin bazkaltzeko, berarekin mintzatzeko... euskaraz! Eta ezin dut!!” (Isabelita Salamancan oso lagun izan zuen andereño oiartzuar bat zen.)

‘Gero, hasperen baten ondoan, boz etsiaz, segitu zuen: "Salamancako harri urreztatuek, askok bestela uste badute ere, oso ilusio txikia egiten didate, adiskideok. Euskal Herriko zelai berdeak, baserriak, horiexek dira nik egiaz maite ditudanak."

Behin eta berriz errepikatu zituen gisako adierazpenak. Itxuraz, gaztaroko abertzaletasun sentimentalera itzuli zen helduaroan Unamuno. Jarrera hori, dena den, Azurmendik dioen bezala, bihotzera mugatu zuen, ez zuen ideia eta proiektu gisa gauzatu. Gerraosteko belaunaldi euskaldunak egingo du hori: Salbatore Mitxelenak, Juan San Martinek, Txillardegik, Joxe Azurmendik berak…

Deigarria egiten da euskara lehenbailehen hiltzeko nahia aldarrikatu zuenak hainbeste zale sutsu izatea abertzaleen artean; ETA sortu zuenarengan, besteak beste; edo Txabi Etxebarrieta buruzagi garrantzitsuarengan, polizia bat hil zuen lehenbiziko etakidea eta poliziak hil zuen lehenbiziko etakidea, hain zuzen gaur egun Unamuno plaza izena duen horretan bizi zena.


Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.