Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Ulergarria ez da onena

Ulergarria ez da onena

Markos Zapiain 2010/01/15 12:11

Filmetan, eleberrietan, garrantzi handiegia ematen zaio agian hariaren ulergarritasunari. Egia da zenbaitetan eskertzen dela, istorio bat hasi eta buka goitik behera ulertzeak edozer ulertzeak dakarren lasaitua eta autoestimuaren goititzea ekar dezakeela.

Ordea, batzuetan hobeki gozatzen duzu ez baldin bazara ulertzen obsesionatzen, are ahalegintzen. Gaur egun batere arazorik gabe behin eta berriz ikus dezakedan filma da The Big Lebowski, eta hamaika aldiz ikusia dudan arren, ez dut uste zeharo ulertzen dudanik. Protagonista Jeff Bridges da, The Dude. Bere lagun-mina berriz John Goodman, Walter. Eta lagun-taldea osatzen duena, Donny, Steve Buscemi. Filma hainbat bider ikusi ondoren, ulertu dut Donny hiltzen dutela. Zergatik? Ez delako bizarduna, The Dude eta Walter ez bezala.

Gidoilariek ba omen dute urrezko lege bat: ikuslea hunkitu nahi izanez gero ez ezazu bizarduna hil. Zergatik? Bizardunaren heriotzak inori ez diolako penarik ematen. Hori irakurri nuelarik, gidoilari trebeenek idatzitako filmak aztertu eta egia da, eszena erdiragarrietan ez dira hiltzen bizargabeak baizik.

The Big Lebowskiren inspirazio iturri nagusia The Big Sleep da, euskaraz Igelan daukagun Betiko loa, Raymond Chandlerrena, Howard Hawksek zinemaratua. Liburua aski korapilatsua den arren azkenik tira, muturrak ondo samar lotzen dituzu. Aldiz, filmean bada gutxienez pasarte bat zeharo ulergaitza. Nork hiltzen du taxilaria?

Filmatzen ari zirela, ez zuzendariak ez gidoilariek ez zekiten nork hiltzen duen taxilaria, edota bere burua hiltzen ote duen. Raymond Chandler eleberrigileari galdetu zioten, eta honek lagun bati kontatu: “Telegrama bat bidali didate taxilaria nork hiltzen duen galdezka, eta, arraioa, nik ere ez dakit.”

Beste gidoilari bat, kristauen Jainkoa, definizioz da onena. Definizioz halaber, ahalguztiduna da eta orojakilea. Bereziki Haitiko hondamendiaren egunotan, haatik, ez dago aldi berean bi dohainei eusterik, biotako bat aukeratu behar: onena bada, ez da inolaz ere ulergarria. Eta ulergarria bada, orduan gaiztoa da.  

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.