Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Txepetxak beldurra galdu zuenekoa (eta 2)

Txepetxak beldurra galdu zuenekoa (eta 2)

Markos Zapiain 2018/06/22 13:57
Jose Ramon Etxebarriaren laudorioz

Lanean

Laugarren, ezin azpimarratu barik utzi Etxebarriaren lan egiteko ahalmen itzela. Eta hemen ere badago enigma bat, azaldu beharreko berezitasun bat. Nekez aurki zenezake Joserrak adina idatzita neurotiko obsesiboa ez den idazlerik. Izurrite horri ihes egin badio, izan liteke berak beti sentitzen duelako bere burua taldekide, kolektiboak direlako beti esku hartzen duen ekimenak. Hori bai, taldean erabakiak bozketaz hartzen dira eta Joserraren proposamenek beti galdu izan dute, baina hori beste kontu bat da. Edozelan ere, ez da bakarti erromantiko tormentatu bat; aitzitik, inor gutxi Etxebarria bezain komunikatibo. Adibidez, nik elkarrizketa bat egitea proposatu nion, pare bat orrialde, eta, mesedea nik berari egingo banio bezala hartzeaz gain, eskuzabaltasun hunkigarriz, jadanik badaramatzagu hogei bat ordu grabatuta.

Kantitate hutsa baino kontuan ez hartuta ere, harrigarria da Etxebarriaren lanaren emaitza; pertsona normal batengan ibilbide oparoa osatuko luke haren curriculumaren laurdenaren laurdenaren laurdenak: euskara ikasteko metodoak, testu liburugintza sarritan anonimoa, ehunka artikulu eta libururen zuzentzaile, UZEI, Elhuyar, Jakin, Karmelo Ikastola, gau eskolak, UEU, bertso eskola, liburu piloa, itzulpen mordoa, jarduera politikoa, legebiltzarkide, nuklearraren aurka, itxialdiak, irakasleria propioaren aldeko borroka eta pankarta, presoen aldeko laguntza-batzordeak, irratia, soilik Anaitasuna aldizkarian berrehun eta berrogeita bederatzi artikulu, gehi Egunkaria, Egin, Berria, Gara, Argia, euskal Wikipdeia eta abarrekoak...

Irakasle lanetan ere ez da nolanahikoa, hogeita bi urte zituela hasi zenetik izan du estatus mitiko bat, eta ez dekretuz lortua, baizik eta lan itzelaren ondorioz. Joserraren ikasle izateko zori ona izan dutenek badakite frantsesez ikasleari zergatik esaten zaion élève: irakasle onak elebatu egiten gaituelako, zauden mailan eskutik hartu eta gorabidean laguntzen zaitu. 2017-2018 ikasturte hau du azkena. Hondar urteotako bere ikasgaia, Euskara Ingeniaritzan, borondatezkoa da ikasleentzat. Urtetik urtera emendatuz joan zaio ikasle-kopurua, aurton bikoiztu. Ikasle ohi batek esanda dakit zergatik: ahoz aho zabaldu da ikasleen artean Etxebarria doktoreak benetan irakasten duela, serio hartzen duela bere ikasgaia, kalkulu zekenik gabe ematen diola bere denbora eta ardura. Bat-banaka zuzentzen dizkie lanak, lerroz lerro, hitzez hitz, errotuladore gorri batez iradokizun argiak letra argiz idatzirik.

Jose Ramonen argitasun matematiko hori inbidiagarria egiten zaigu gehienbat narrazioen, ametsen eta kaos mentalaren munduan gabiltzanoi. Batez ere kontuan hartuz gero, eta hau da ikusten eta zerrendatzen ez den Etxebarriaren beste lantegi horietako bat, bere liburuetako marrazkiak ere berak egiten dituela, orain ordenagailuz eta ordenagailuak agertu arte Rotringez. Txundigarria da nola ematen duen Einsteinen esperimentu mentalen eta Fisikako arazo eta soluzio konplexuen berri marrazki xume ezin argiago horien bidez. Marrazkiak hurbildik aztertuz gero, gainera, ikusten duzu ez direla uniformeak: esaterako, behatzaile humanoa burusoil marrazten du batzuetan, baina beste batzuetan txima darion yeye bat izaten da.

Bakarrik biziko balitz, mendi puntako zenobio batean, idazteaz aparteko ardurarik gabe, ulergarriagoa litzateke Etxebarriaren ekoizpenaren oparotasuna. Baina gainera ez da gogoan proiekzio publikoa baino besterik ez duen kanpoeder horietako bat: arras bizitza aktiboa du lagun-taldean; koro batean abesten du; beti egiten du harrikoa eta, bazkalostean, egunero jokatzen du emaztearekin eta amaginarrebarekin kartetan, gehienetan seikoetara. Sarritan irabazten dio ehun eta bat urte bete dituen amaginarrebak, baina kiroltasunez onartzen omen du Jose Ramonek, zer erremedio. Hiru alaba ditu, Lear erregeak bezala, eta goitik behera inplikatu da haien heziketan; onerako ala txarrerako, auskalo. Orain bilobekin antzera: ateri denean biloba Hodei kotxetxoan paseatzen aurki dezakezu Santutxuko Europa Parkean. Udazkeneko arratsalde goibel batean topatu nituen nik, Hodei seko lo eta Jose Ramon pentsatzen, hau da, bere buruarekin hizketan, hori baita Etxebarriarentzat pentsatzea. Aurrerantzean, jubilatu ondoren, euskal Wikipedia hornitzen jarraitzeaz gain, hizkuntzak lantzeko asmoa du. Nik aurkitu nuenean frantsesez ziharduen bere buruarekin, teknologia berriak giza garunetan eragiten ari diren aldaketei buruzko Michel Serresen liburu bati bueltak ematen.

Bakanak dira pentsalari originalak. Gaur egun Europan ez dirudi hamar baino gehiago direnik, ia denak ezkutuan lanean. Liburu gehienak iraganeko pentsalarien brikolajeak izaten dira. Ideia zinez berrien sortzaileek goititu eta edertu egiten dute giroa. Jose Ramon Etxebarria duzu horietako bat. Beti izan du oso harreman estua, fisikoa, hizkuntzekin; oroz gain euskararekin, baina gaztelania, frantsesa eta ingelesa ere badakizki. Zer da ordea hizkuntza bat jakitea? Etxebarriaren erantzunak Fisikako ekuazio soil baina aldi berean zabalaren dotorezia dauka, eta bere-berea da: hizkuntza bat daki hizkuntza horretan patxadaz inprobisatzeko gai denak. Auskalo zergatik ez den definizio hori Adolfo Suárezi Fisika euskaraz irakasteaz eman zion erantzuna bezain popularra izatera heldu, baina badu aski kalipu eta meritu, Herri Batasunako ordezkariek, Etxebarria bera barne, Espainiako errege Juan Carlosi Gernikako Juntetxean Eusko Gudariak abestu ziotenekoaz eman zuen txepetx-azalpenak bezala: «Hitza debeku genuenez, kantuari ekin genion».

Horra egia zientifiko bat: ez dugu zorte makala Jose Ramon Etxebarriaren garaikideak izanik. Hain da aparta Joserraren ahalmena bere kabuz pentsatu eta lanean zein borrokan buru-belarri engaiatzeko, hain gutxitan suertatzen da pertsona bakar batengan tamainako inteligentzia, eskuzabaltasuna, ausardia eta grazia biltzea, ezen ez da batere zaila ez bakarrik hura filosofikoki laudatzea, munduko gauzarik errazena egiten da orobat Txepetxa maitatzea.

 

 

Mikel Mendibil
Mikel Mendibil dio:
2018/12/28 12:38
Arte Ederrak EHUn ikastera pasa den milurtekoan joan nintzenean Joserra eta beste irakasle kaleratuak ezagutzeko aukera eta ohorea izan nuen, baina egia esan, Markos, zure kontaktua sarean bilatzen aritu naiz irratian Bermeoko sorginaz mintzatzen entzun zaitudanetik. Ahal baduzu idatzidazu, mesedez. Zerbait berezia egin nahiko nuke horren inguruan.
Ongi izan!
Mikel
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2018/12/28 17:21
Eskerrik asko, Mikel, baina ez dut zure eposta, ez dakit nora idatzi
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.