Txepetxak beldurra galdu zuenekoa
UEUk Jose Ramon Etxebarriaren omenez argitaratutako "Bai, jauna, bai: Fisika euskaraz!" liburuko atala
Filosofiako bati bereziki erraza eta atsegina zaio Jose Ramon Etxebarria goraipatzea, filosofiaren hainbat helburu garbi mamiturik aurkitzen baititu gernikarrarengan.
Lehenik eta behin, gogoetarako autonomia: ezaugarri baitu Etxebarriak etxean, herrian, hedabideetan zabalduen diren iritzi eta ikuspuntuak beste barik ez onestea, alderdi politikoek edota zientziako guruek egiatzat eskaintzen digutena mesfidantzaz aztertzea, eta soilik onartzea bere adimenaren galbahe kritikotik iragazitakoa. Ume kozkorra zela ekin zion gerora egundo utzi ez duen jokabide horri: fede katolikoa jaso zuen etxean, fede katolikoa ezarri zioten ikastetxean zein gizartean, eta Jose Ramon, bolada batez fedeak aginduriko balioen arabera bizi ostean, bere buruari kristautasunaren edukiez galdezka hasi eta iruditu zitzaion, batetik, ez dutela ez hanka ez bururik, eta, bestetik, jendea mendean atxikitzeko boterearen asmakuntzetako bat direla. Inertziaz pasiboki jasoriko eduki mentalak aztertu eta fede hori geldika-geldika deseraikiz joan zen. Sasoi hartan jarri zioten hain zuzen Txepetxa ezinena Eibarren. Halaxe deitzen diote oraindik ere. Ona, txikerra izanez gero, hobea: oso pozik dago Etxebarria ezizen horrekin, Anaitasuna aldizkarira bidalitako bertsoak Txepetxa izenpetu zituen, beharbada Otañoren bertso klasikoen argitan identifikatzen delako hegazti bitxi horrekin: txikitxoa, xaltokako ibilera, fidagaitz eta eszeptikoa: hain arina izan arren, enborrik sendoenean ere saltotxo batzuk ematen ditu badaezpada ere, behar bezala eutsiko ote dion:
Txotx batek aisa jasoko luke nola karga gutxi duan,
baina gustatzen zaio jartzea adar sendoxeagoan;
amildu arren ez leike galdu dakielako hegoan,
baina arkitzen baldin bada ere burnizko aldamioan,
hiru-lau aldiz xanpatutzen du seguru ote dagoan.
Zuhurtzia alabaina ez izaki beldurra, filosofiaren betiko beste xedeetako bat beldurra gainditzea da, edozein beldur. Naturala da beldurra: ume orok dio beldurra ilunari, oinazeari, heriotzari. Beldur sakon primario horixe da botereak jendea lotzeko darabilen kateetako bat, udazken honetan Katalunian ikusi bezala; gurean ere beldurra hedatzea du helburu txio alai batengatik espetxera zaitzaketela mehatxuak, bien bitartean agintarien txotxongiloen txio mila bider ankerragoak gustura onartzen direla.
Ulergarria da beldurraren eraginez jendea ezkutatzea eta isiltzea. Zergatik ez da ezkutatzen ez isiltzen Jose Ramon Etxebarria? 70eko hamarraldiaren hasieran, Santutxuko giro euskaltzaleetan, gerora emazte izango zuen Lore Akaiturri andereño eta gozogilea ezagutu eta elkarrekin irteten hasi ziren. 1972ko irailean, Zuberoan elkarrekin aste zoragarri bat igaro ostean, Jose Ramon Eibarrera itzuli, gurasoenera, eta haiek jakinarazi zioten bezperan Guardia Zibila etxera bila etorri zitzaiola. Biharamunean bertan joan zen inozente-inozente Joserra bera Eibarko kuartelera, pentsatuz gaizki-ulerturen bat izango zela. Ez ordea. Han bertan furgonan sartu eta zuzenean La Salvera. Kontatu ETAz dakizun guztia. Tutik ere ez dakit. Hiru egunez torturatu zuten, batik bat belaunikarazi eta oin plantetan makilakadak joz. Beste tortura-molde batzuen aldean ez dirudi bereziki krudela, baina oinazea ikaragarria ei da, konortea galtzera ere iritsi zen Etxebarria doktorea. Garai hartan torturatzaileek ez zituzten aurpegiak estaltzen. Bazen ilehori bat. Deus kantatzeke irten zen ezer ez zekien Txepetxa.
Artean oinak zaurituta zeuzkala eta hanpatuta, zapatak sartu ezinik, osaba batek ezagutzen zuen monseñor Añoveros Bizkaiko gotzain progresistarengana joan eta tortura kontatu zioten. Etxebarriak gotzainari galdetu zion ea hankak erakustea nahi ote zuen, zauriak ikus zitzan. Gotzainak ezetz, sinesten dizut. Handik egun batzuetara, Añoverosi egin zioten elkarrizketa batean, Euskal Herriko torturaz galdetu eta «no tengo constancia de que semejante cosa ocurra» erantzun zuen, «no he visto ningún cuerpo torturado». Eta ez zen gezurra, ez zuen-eta ikusi nahi izan. Eliza Katolikoaren hipokrisia gogoangarri hori sistematikoa da. Jose Maria Cirarda apezpikuak ere, aukera izan arren, ez zuen Martin Orberen gorputz torturatua ikusi nahi izan, eta zenbait asteren buruan hedabideetan adierazi zuen ez zuela torturaren berririk, ez zuela halakorik ikusi. Ez zuen San Paulok alferrik azpimarratu aginte oro datorrela Jainkoagandik, edozein agintariri aurka egitea dela Jainkoari aurka egitea. Etxebarriari, borrerorik gupidagabeenak eta Elizak elkarri eskaintzen dioten babesaz ohartzeak faltsukeria zer den ulertzen lagundu zion. Etxean edandako fedea, ordurako deseraikia, behin betiko zokoratzeaz gain, jendaurrean salatzeari ere ekin zion, zenbait abade adiskide baditu ere, Martin Orbe bera kasu; Joserraren dohainetako bat baita irizkide ez dituenen lagun on izateko gaitasun eder hori.
Ordurako Anaitasuna aldizkarian idazten zuen eta hamabostero joaten zen Imanol Berriatuarengana, frantziskotarren komentura, artikuluak eramatera. Itxarongela batean egoten zen Berriatuaren zain. Eta egun batean itxarongelan bera torturatu zuen guardia zibil ilehoria topatu zuen, Elizan bataio bat antolatzeko hara joana. Horrela ikasi zuen Etxebarriak Eliza katoliko apostoliko erromatarraren zale batzuek ez dutela torturatzeko eragozpenik, eta hierarkiak de facto onartu egiten duela.
Halakoak pairatu ondoren, jende askok atzera egingo luke, bizitza pribatura erretiratu, tentuz ibili. Agian torturaren bidez aginteak eragin nahi duen mututasun izutiari buelta ematen asmatu zuelako egiten da Etxebarriaren ibilbidea eta bere mintzaera hain tolesik gabea, hain zuzena, hain argia. Lau hizkuntzatan inprobisatzeari ere ez dio beldurrik. Normal hizketan ere sumatzen zaio barne askatasun handi hori. Torturaz geroztik, hamaika bider izan da salatua, kolpatua, atxilotua, epaitua. Poliziek ez bakarrik ohiko egurra, bestelako elementu natural jatorrizkoak ere erabili dituzte Joserra kikiltzeko: esaterako, ura, ertzainen mangerazoen zurrusta biolentoak. Ertzain batena zen halaber Etxebarria ahuspez etzanaren burua zapaltzen zuen bota, aurpegia eta ahoa lurraren aurka bortxatuz. Egurra, ura, lurra... litekeena da sua ez erabiltzeko bezain zozoak izateagatik ez lortu izana Txepetxa oilotu eta mututzea. Nolanahi ere, oker jo die kukuak: torturatua izateari beldurra galdu dionak edozein beldur gainditu baitu, eta adore lasaiz egin diezaieke aurre bidegabekeriari eta zurikeriari.
Hain zuzen, eta hirugarrenik, borroka molderik filosofikoena da Etxebarriak darabilena: Montaigneren adiskide Étienne de la Boétiek, Thoreauk eta bestek teorizatutako intsumisio eta desobedientzia zibilaz baliatzen da injustizia iraultzeko, legediak injustizia konpontzeko biderik eskaintzen ez duelarik. Txit interesgarria da Jose Ramonen borroka-moldea: ohikoa denez, hitza darabil bidegabekeriak salatzeko, xedeak argitzeko, eta abar; baina gorputza ere erabiltzen du. Bere gorputza injustizia iraunarazten duen botereari ezustekoa eta deserosoa zaion lekuetan kokatzea izan da Etxebarriaren taktiketako bat: itxialdiak, hamabost urtez goizero unibertsitate atarian pankarta baten atzean, unibertsitatetik kanporatua izan ostean ustekabean eta Protecsa eta gainerako seguratei izkin eginez campuseko edozein gunetan agertzea... Beldurbakoaren borrokak ezusteko bideak hartzen ditu, eta ezustekoa ezin da zeharo makurrarazi. Behin torturaren izua gaindituta, aurrera bolie, eta, ikusita zenbat eraso jasan behar izan dituen, bistan da ez diola beldurrik ez atxilotua izateari ez espetxeari; ezta heriotzari ere: katebegi iragankor izatea filosofiaz barneratuta, ez du batere kezkatzen ezinbestez hil beharrak.