Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Tuyuka: informazio-iturria, deklinabidean

Tuyuka: informazio-iturria, deklinabidean

Markos Zapiain 2026/05/27 12:15

Mitxelenaren esanetan, hizkuntzak pertzepzioari eragiten dio, hautemateko gure gaitasuna mugatzen baitu. Hizkuntzak berak sailkaturik jasotzen ditugu hotsak. Ez ordea edozein soinu. Adibidez, hizkuntzak ez du zerikusirik musikaren hautematearekin:

“Mintzatzeko erabiltzen ditugun hotsak soil-soilik mugatzen ditu hizkuntzak. Bestela esan, hizkuntzarekiko gertakariak dira hizkuntzak mendean dituenak”. (Idazlan guztiak, II, 274)

Mitxelenaren iritziz, hortaz, sistema fonologikoak hiztunaren gogoa mugatzen du.

Eta sistema gramatikalak?

Amazoniako Tuyuca hizkuntzan, marka gramatikalen bidez adierazten du hiztunak baieztatzen duenaren informazio-iturria. "Ebidentzialtasun" deitzen zaio hizkuntza gutxi batzuek duten ezaugarri horri. Hiztunak ezin du aditz finkorik erabili, informazioa nola lortu duen adierazteko atzizki gramatikal bat erantsi barik. Esaldia ezin da neutrala izan: egia dela nola dakizun zehaztu behar duzu ezinbestez.

Esaldi osoa behar izaten dugu guk informazioa nola lortu dugun adierazteko. Beste zenbait hizkuntzak, bereiziriko partikulak darabiltzate, partikula isolatuak. Tuyucan, berriz, aditz-atzizkiak dira ebidentzialtasunaren markak.

Ebidentziaren bost paradigma daude tuyucaz, bost iturri-mota bereizten ditu:

1-zuzenean ikusia: gertaera zuk zeuk ikusi duzula adierazten du.

2-ikusi gabea (beste zentzumen baten edo zenbaiten bidez jasoa hala ere): entzun, usaindu, ukitu edo dastatu duzun zerbait baieztatzen duzu.

3-itxuran oinarrituriko inferentzia: zuzenean hautemandako seinale edo indizioetatik ondorioztatua. Esaterako, bustirik dakusazu lurra, eta euria egin duela ondorioztatzen duzu.

4-bigarren eskukoa edo bestek esana: beste norbaiti entzuniko informazioa.

5-suposizioa: logikan edo ohituran oinarritutako suposizioa: herriko arrantzaleak ordu berean joaten badira egunero ibaira, ordu jakin horretan arrantzan dihardutela suposatzea.

“Gaztea futbolean aritu da” esateko, tuyuka hiztunak bost atzizki erabil ditzake, informazio-iturriaren arabera:

1-Díiga apé-wi (ikusitakoa): jokatzen ikusi dut.

2-Díiga apé-ti (ikusmenaz bestelako zentzumenez jasoa): jokorik ez dut ikusi, baina kolpeak edo oihuak entzun ditut.

3-Díiga apé-yi (itxuran oinarrituriko inferentzia): jokorik ez dut ikusi, bai haatik jokoaren aztarnak, lokatza elastikoan edo zelaia mugituta.

4-Díiga apé-yigi (bestek esana): beste norbaitek esan dit gazteak futbolean jokatu zuela. Iraganean baino ez da erabiltzen.

5-Díiga apé-hiyi (suposizioa): ez duzue deus ikusi ez entzun, baina gazteek beti jokatzen dutenez ordu horretan, ziur zaudete jokatu duela. Ezin da orainaldiko lehen pertsonan erabili.

Azen ontzeko, 50 eta 140 bitarte kategoria nominaletan biltzen ditu tuyukak izen substantiboak. Ebidentzialtasun konplexuaren eta izenak sailkatzeko kategoria-kopuru eskerga hori dela-eta, “The Economist” britainiar aldizkariak bota zuen “munduko hizkuntzarik zailena” dela. Dena den, Mitxelenak jakinarazi zigunez, eta Wikipediak ohartarazten duenez, zientzia linguistikoan baieztapen horrek ez du inolako zentzurik.

Amatiño
Amatiño dio:
2026/05/27 18:16
Ebidentziaren bost paradigma horiek egia sailkatzeaz gainera, gezurra zailtzeko galbahea ote?
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2026/05/28 07:35
Beharbada bai, Amatiño. Hori bai, ebidentzialtasunak ezin du gezurra eragotzi, ez du egia bermatzen. Tuyukaz ere gezurra esan daiteke. “Oinez etorri dira Yepa eta Buhpo” esan dezakezu, igerian etorri diren arren. Dena den, hiztunak etengabe esplizitatu behar duenez gogoan baieztapena nondik atera duen, zailagoa dateke gezurra pasatzea. Euskaraz Yepa oinez etorri dela baieztatzera mugatzen gara, baina tuyukaz nik neuk ikusi dudan zehaztera behartuta nagoenez, edo entzun, edota inferitu, edota kontatu didaten, edo suposizioa ote den, ematen du egiaren iturriaren etengabeko azterketa horrek gezurra bigarren mailara eraman beharko lukeela, entretenituegia baitzaude egia zehazten. Ebidentzialtasunak ez du markatzen esaldia egiazkoa denetz, baizik eta zelako ezagutza-estatusa aitortzen dion hiztunak esaldiari. Gutxi gorabehera, saiakeretako oin-oharren eta bibliografiaren antzera: ez dute iruzurra zeharo eragozten, baina iturrien trazabilitatea ezagutzea errazten dute.
 
Agian, ebidentzialtasuna darabilen jendartean zailagoa izango da gezurra: hizkuntzak etengabe behartzen bazaitu informazio-iturri bat markatzera, orduan zure baieztapenek konpromiso esplizituagoa hartzen dute jakintzarekin, eta solaskideak edo jendarteak aiseago galde diezazuke ea benetan ikusi duzun, nork esan dizun, zergatik erabili duzun markatzaile inferentziala eta ez suposizioarena.
 
Edozelan ere, ez dago froga sendorik esateko tuyukaren hiztunak, gramatikaren eraginez, ez direla gu bezain gezurtiak. Mitxelenaren ustez ere, halako ondorio deterministak ez dira fidagarriak izaten. Doiagoa litzateke apika formulazio hau: tuyukaren ebidentzialtasunak ez du gezurra ezabatzen, baina hiztuna oharkabean gehiago entrenatzen da informazio-iturria sailkatzen eta azaltzen. Ebidentzialtasuna ez da egia ziurtatzeko gramatika; informazioaren jatorriari arreta emateko mekanismo gramatikal eraginkorra izatera mugatzen da.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
Ondo ekarria. Adibidez, ez Mitxelena ez Brassens ... Markos Zapiain, 2026/06/16 10:25
Georges Brassens (1921-1981) kantari ... Amatiño, 2026/06/11 14:50
Mila esker, Urko! Irakurri ditiat Mastodonen gai ... Markos Zapiain, 2026/06/10 21:03
Txillardegik eta Jorge Luis Borgesek hizkuntzari ... Urko Azpitarte Zubizarreta, 2026/06/09 18:42
Beharbada bai, Amatiño. Hori bai, ... Markos Zapiain, 2026/05/28 07:35
Ebidentziaren bost paradigma horiek egia ... Amatiño, 2026/05/27 18:16
Arrazoia, Amatiño, kar-kar-kar.   Josu Goikoetxea ... Markos Zapiain, 2026/05/02 22:56
Von Neumannek, matematiko eta informatiko ... Amatiño, 2026/05/02 12:11
Euskal abeslari ospetsu batek pertsona ilegabeen ... Markos Zapiain, 2026/03/12 17:55
Andoni Ortuzar zara? Markos Zapiain, 2026/01/07 17:50