Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Tsez hizkuntzak, 64 kasuko deklinabidea

Tsez hizkuntzak, 64 kasuko deklinabidea

Markos Zapiain 2026/05/25 09:55

Hizkuntz erlatibistek diotenez, ez dago Logika bakarra, hizkuntzek zeinek bere erara mamitzen dutena; hizkuntza bakoitzak dauka bere logika propioa. Logika fonologiko desberdina dute Ginea Berriko rotokas hizkuntzak: bost bokal eta zazpi kontsonante; eta Botswanako taa hizkuntzak: 58 kontsonante, 31 bokal eta lau tonu.

Desberdinak dira, halaber, hizkuntzen morfologiaren eta gramatikaren logikak. Adibidez, badira bai latinaren eta bai euskararen logikatik zeharo urrutiratzen diren deklinabide-sistemak. Eta zentzuzkoa da pentsatzea deklinabideak nolabaiteko eragina duela mundu-ikuskeran. Ez dut uste berdin-berdinak direnik datiborik, ablatiborik eta inesiborik gabeko hizkuntzaren erabiltzailearen eta euskaldunaren mundu-ikuskerak. Baina zertan ote da alde hori?

Latina eta hizkuntza neolatinoak flexiboak dira (generoa, numeroa eta kasua amaiera bakar batean nahasten dituzte); euskara, ostera, aglutinatzailea da (elkarren segidan itsasten ditu atzizkiak). Txit bestelakoak iruditzen zaizkigu horretan latina eta euskara. Badira ordea euskararen zein latinaren eskema horiek goitik behera hausten dituzten hizkuntzak, hala nola groenlandiera eta inuitera bezalako hizkuntza polisintetikoak.

Latinak eta euskarak ez bezala, hizkuntza polisintetikoek ez dituzte hitz isolatuak deklinatzen; esaldi osoak deklinatzen dituzte, hitz bakar baten barruan. Aditz-erro batek izenak, adberbioak eta kasu gramatikalak bereganatzen ditu, atzizki-kate erraldoi baten bidez. Hitzak adierazpen oso baten funtzioa betetzen du, eta “deklinabideak” zehazten du nork egiten duen zer, nori, non eta nola, dena pakete bakar batean trinkoturik.

Bestalde, latinak sei kasu ditu eta euskarak hamabi-hamalau. Ipar Kaukason 35.000 lagunek darabilten tabasaranerak, berriz, 48 inguru; eta Kaukasoko ipar-ekialdeko tsez hizkuntzak (15.000 bat hiztun), 64 kasu.

Tabasaraneraz eta tsezez ez ditugu subjektu-objektu kasu abstraktuak, baizik eta koordenatu espazialen matrize hiperkonplexuak. Oso zehatza da kasu bakoitza: badute kasu bat “likido baten barruan” egotea adierazteko, beste bat “objektu baten azpian hura ukitzen” egotea adierazteko, edota “zerbaiten ertzeranzko norabidea” adierazteko.

Azkenik, swahilia bezalako hizkuntzek ez dute deklinatzen funtzio sintaktikoaren arabera (subjektua/objektua), izenaren izaeraren arabera baizik. 10etik 20ra “genero” edo klase dituzte (gizakiak, landareak, tresnak, gauza abstraktuak, lekuak). "Deklinazioa" esaldi osoko aurrizkia aldatzean datza, izen nagusiaren klasearekin bat etor dadin.

Ba ote du horrek guztiak zerikusirik hiztunaren gogo-jardunarekin? Eta hala balitz, zer-nolakoa?

Irulegiko eskuaren lehenbiziko hitzak eztabaidak piztu ditu: datiboa ote den, genitiboa, ergatiboa. Oker ez banago, Gorrotxategik esan zuen arriskutsua dela egungo euskararen kasuak aitzin-euskarara edo dena delakora proiektatzea.

Gure sistema aski zaigu munduan bizitzeko: itsasotik dator, itsasora doa, amari eskainiko diot, herriko plazan dago… Mendez mende, euskararen sistema aglutinatzailea inguruko hizkuntza flexiboen sistemei egokitu diogu, eta aski erraz egiten ditugu gaur egun itzulpenak. Asimilatu eta integratu gara eta gaituzte, erosoago bizi gara.

Haatik, polita da irudikatzea zer zatekeen euskara zeharo bestelakoa litzatekeen deklinabide-sistema batera heldu izan balitz, tabasaraneraren, tsezaren edo swahiliaren kasu zenbait bereganatu izan balitu —hala nola "likido baten barruan egotea"—, eta datiboa eta inesiboa baztertu.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.