Trobalari modernoen errepideak
Mugitzearen poza, inon ez geratzearen poza. Ez dizute geldirik egoteagatik ordaintzen. Jack Kerouacen “Errepidean” maisulanaren eguneratze bat da Willie Nelsonen Errepidean berriro hau.
Errepidean ibiltzeak, kantu honetan, azken belaunaldiko autobusean bidaiatzea esan nahi du: pantaila zapaleko puntako telebista, taberna totala, erreginaren ohea atzealdean, hainbat litera, bakoitza mundu bat, ederki hornituriko sukalde erosoa, larruzko kabinak, dutxa, eta, batzuetan, lurrun-bainua ere bai. Autobusa da errepideak eskaintzen duen onena. Inoiz ez zara benetan inora joaten, busean zaude, ordu gutxi batzuetarako atera, kontzertua, busera itzuli eta segi aurrera. Horrelakoxea da banda ibiltarien bidea, Van Morrisonek “Hard Nose the Highway” abestian pintatua. Van hegazkinez ibiltzen da ordea. Beharbada ez du gaia bertatik bertara ezagutuko, baina kontatuko zioten.
Willie Nelsonen kantuak errepidearen mugimendua ematen dizu, baina autobusean sentitzen den bezala, ez sedanean edo anbulantzian. Errepidean zaudenean, maite duzun bizimodua bizitzen ari zara. Lagunekin musika sortzen eta bizimodua ateratzen. Abesti zoriontsua da. Esaldi etsigarri bakar bat ere ez. Edonon kanta zenezake, azokan zein Herri Irratiko Musika Aretoan. Elkarrekikotasuna du gai nagusi, komunitatea. Country erlijioso antzeko bat da.
Dena den, amesgaiztoaren kutsuko kanta ere sor liteke gai beraren inguruan, bidaiari nekatuaren gainean pilatutako batxe eta sumindurez betea. Egin litezke bertsoak autobuseko aireztatze hautsiez, hoteletara itsatsitako sirena-hotsez, miaketa sutsuegiez Texasko mugan, antibiotikoekiko erresistentea zen gonorrea gogor hartaz, Mexiko Berriko kontzertu baten ondoren musikarien eta birako langileen artean zabaldu zena. Mikrouhin labeko burrito zalantzagarriak, arropa berriro garbitu arteko egun eta kilometro luzeak, bus-gidariaren dibortzioari buruzko informazio gehiegi. Errepidean berriro.
Eta beste abesti bat ere idatzi beharra dago, errepidera itzultzeko irrikaren benetako arrazoien gainean. Inor ez da haserretzen ez duzulako zaborra atera, ezagunak ez datozkizu bisitan abisatu gabe, auzokoek ez dizute begizkoa egiten haizea aldatzen den aldiro. Bidean zaudela deusek ez zaitu trabatzen. Ezta berri txarrek ere. Atsegin ematen diozu jendeari, eta zure atsekabea zeuretzat gordetzen duzu.