Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Titiaren lilura

Titiaren lilura

Markos Zapiain 2008/07/01 11:58

Munduko gauza on guztiak dira titien antzekoak: aldi berean praktikoak eta politak. Emakumeak titizorroa pixkanaka kentzen duenean, “paradisuko sagar jaioberriaren pare” ageri dela titia dio Juan Kruz Igerabidek ("Hauts bihurtu zineten", 76 or.)

Gure auzoko poeta batek ere modu hunkigarrian laudatu du titia: “Oi titi, oi titi/ zein ederra zaren/ bazeneki/ orduan ez zinateke/ hain eder/ hain titi”.

Poemaren amaieran errimaren indarra galtzen den arren, ederki adierazten du titiaren oharkabetasun apala eta harrokeria eza, titiaren betiko arrakastaren ezinbesteko osagai. Bularra bere edertasunaz ohartuko balitz, fini bere xarma. Zorionez, pentsamendua ez dago titian kokatua, nahiz eta ziurrenik irakurle askorentzat pentsatzea eta titiaren gainean pentsatzea jarduera berbera izan, esaterako Aimar Pinorentzat.

Hain dira bularrak politak, ez baita harrigarria jende sentsiblea itsutu eta putzura amilaraztea. Floridako Coconut Creek herriko gizaseme batek, William Winikoff jaunak, 76 urte, bere burua medikutzat aurkeztu eta bular arakatzeak doan eta musutruk egiteko gertu zegoela ziurtatu die zenbait emakumeri. Horietako bik sinetsi eta titiak auskultatzen utzi diote. Halako batean ordea ohartu dira ukitzeek gehiago zutela zirri berotik azterketa zientifikotik baino. Winikoffen irribarre pikaroak susmoa areagotu die. Azkenik andreek poliziari deitu eta atxilotu egin dute. Epaiketaren zain dago, jokaera lizunagatik salatua.

Diotenez, gustagarri edo gorrotagarri zaizunaren antza hartzen duzu bizitzak aurrera egin ahala, eta niri, hogeita hamabi urte besterik ez baditut ere, titixkak handitzen ari zaizkit, eskailerak jaistean nabaritzen dut batez ere balantza. Ez da atsegina, eta pentsatzen ari naiz faxaren bat jartzea bular aldean. Ez dakit Manu Etxezortuk eta Koldo Goitiak halako trantzerik pairatu ote duten, kate motzean lotua ote duten bularraren puztea ala gainezka egiten dien noizean behin.

Gorputzeko beste atalen aldean handia eta berezia du bularrak grazia. Titiarekin alderatuta, ez du zereginik sudurrak. Gizajale edo kanibalek duda larririk ez dute izaten gutixia gisa zer nahiago, titia ala prostata. Kanibalismoa zerabilen tribu bateko buruzagiari antropologoak “gainditu al duzue ohitura itsusi hori?” galdetu eta erantzuna “bai, ezabatu dugu, atzo bertan afaldu genuen azkeneko kanibala, titi eta guzti, nire lehengusina”.

“New England Journal of Medicine” aldizkarian argitaraturiko alemaniar ikerketa batek ziurtatzen du egunean hamar minutuz bular pare bati so emateak gizakiaren bizialdia bost urtez luza lezakeela. Dirudienez, ariketa horri esker bihotzak odol gehiago ponpatzen du, zirkulazioa bizkortzen da. Betiko eszeptikoek dena den hoztasunez hartu dute albiste pozgarri hori eta diote bost urte barik bost zentimetro luzatzen dela, eta ez bizia, baizik organo ospetsu bat.

Edonola ere, baten batek egunean hamar minutuz begiratu nahi badizkit, lizunkeriarik gabe, soilik bizialdia bost urtez luzatzeko, ez diot kobratuko berrehun euro baizik, saio bakoitzeko.
Eli
Eli dio:
2008/07/02 11:13

Titiak aldi berean "praktikoak eta politak" direla idatzi duzu eta berehala etorri zait gogora Desmond Morrisen "Tximino biluzia" liburua. Morrisek idatzi zuenez, titiak ez dira praktikoak. Haatik, traba handia egiten die emakumezkoen titien formak haurrari, edoskitzeko orduan.Animalien titiak hobeto diseinaturik omen daude horretarako: biberoi forma dute, titiburu luzangekin, kumeen ahoan erraz sartzeko modukoak. Emakumeenak, ordea, oso ezerosoak dira edoskitzeko: ez dira erraz sartzen ahoan, titiburua motzegia delako; haurraren sudurra ixten dute erraz. Diseinua eskasa denaren froga da titia hartu ondoren, giza-haurrak korroskada ateratzen jarri behar direla, esnea hartzeko orduan aire asko sartzen dutelako. Animaliekin ez da halakorik gertatzen.

Zergatik dute, orduan, titiek forma trakets hori?

Morrisen arabera, titiek ipurdia imitatu nahi dute.

Forma bete borobilak dituzte giza titiek, emakumeen aurrealdea ipur-masailen antzeko formekin hornitzeko. Horren bidez, gizonezkoak engainatzen dituzte, larrua aurrez aurre jotzeko, ez eta atzetik, beste ugaztun guztiek bezala. Ez dut ondo gogoratzen zer lortu nahi den eboluzioaren amarru horren bidez, baina gizakien sozializazioan laguntzeko omen dela imaginatzen dut.

Beraz, titiak tranpa semiotiko bat dira, beste gizakiak nahasteko. Engaina ez gaitezen: gizonezkoek gustuko dutena ez dira titiak, ipurdiak baizik.

markos zapiain
markos zapiain dio:
2008/07/03 22:59

orduan, eli, bilakaeraren hurrengo urratsa bi titien arteko ipurtzuloa izango da apika, engainua behin betiko finkatzeko edo engainu izateari utz diezaion/ abisatuko diot arrateri

markos zapiain
markos zapiain dio:
2008/07/03 22:57

jozulin, zientziak gaur egun ez du zuk eskatzen diozun zehaztasuna ematerik, soilik Filosofiak/ seguru ikerketa gauzatu duen aleman hori bere bizioa zuritu nahian dabilen begiluze lizun bat dela/ dirudienez atera beharreko ondorioa oso orokorra da: titiei begiratzea ona dela, eta kito/ dena den, gaur lantokian arazoak izan ditut, artikuluaren kopia bat neraman arren nire ezohiko jokaera zuritzeko

Jozulin
Jozulin dio:
2008/07/01 18:47

Esperimentua 200 gizonekin egin zutela diote, bost urtez; subjektuen erdiek egunean 10 minutuz begiratzen zieten andreen bularrei eta beste erdiek ez. Baditut zenbait galdera:

  • Eta beste erdiak bost urtez egon ziren inongo emakumeren bularretan begiak pausatu gabe? Bost urtez? 1.825 egunez? Nola aguantatu zuten? Lotu egin zituzten? Begiak estali? Drogaren bat eman zieten? Zoratu egin ziren esperimentuaren amaierarako?
  • Begiratu behar diren bularrak emakume berberarenak izan behar dira? Berdin luzatuko digu bizitza emakume baten bularrak bost aldiz –esaterako- begiratzeak eta bost emakumerenei behin so egiteak? Hau da, titi aniztasunak laguntzen du?
  • Begiratzearen eragina progresiboa al da? Alegia, egunean hamar minutuz begiratzeak bizitza bost urtez luzatzen badu, bost minutuz begiratuta bi urte eta erdi soilik gehiago biziko gara? Zenbat denbora eman behar dugu begi-lanean hirurehun urte bizi ahal izateko, adibidez?
  • Kontuan izan al dute bost urtetan begiak gehiegi luzatzeagatik jaso daitekeen zaplasteko kopurua, eta berauen eragina subjektuen –gure- osasunean?
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.