Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Terapia

Terapia

Markos Zapiain 2024/02/25 08:40

Medikuak eritasuna bezala tratatzen du Wittgensteinek auzi filosofikoa. Ezkutuan datzan zentzugabekeriari mozorroa kendu eta agerian uzteak bideratzen du artatzea.

Metafisikak burua harrapatu dion gaixoari Wittgensteinek jartzen dion tratamenduak hamaika alde ditu. Hona hemen horietako batzuk:

Batetik, sinpletasuna bilatuko du Wittgensteinek. Sinpletasunak eta egunerokotasunak ezkutatzen digute garrantzitsuena. Ez dugu ikusten, beti daukagulako begien bistan. Ez da harritzekoa, beraz, metafisikatik eguneroko bizitzara ekartzea Wittgensteinek hizkuntza. Metafisikak bereganatu duen kontzeptua eguneroko hizkuntza-jokoetan nola dabilen erakutsiko digu. Kontzeptu horiek bizitza errealeko egoera konkretuetatik urrutiratzen ditugunean sortzen baitira buruhauste metafisikoak. Hortaz, jende arruntak bizimodu arruntean noiz eta nola darabiltzan, horixe izango da argitu beharrekoa.

Bestetik, ezinegon metafisikoaren labirintoan galdurik, ez dugu ikusten gabiltzan bidea eta alboko hesiak baizik. Wittgensteinen teknikaren arabera, berriz, kontzeptu arazotsua erabiltzen den ahal adina hizkuntza-joko hartu behar dira kontuan, errealak zein posibleak. Ikuskera orokorra da lortu beharrekoa, ikuskera sinoptikoa, labirinto osoaren eta labirintotik atekoaren perspektiba. Hori lortzeko, kontzeptuaren erabileren arteko konexioak ikusi behar dira: “Liburu ona da” zubia izan liteke “Kamamila ona da” eta “Alkate ona da” esaldien artean. Soilik konexio amaigabe horietan arreta jarrita ez gara erredukzionismoan jausiko. Bigarren Wittgensteinentzat, filosofoaren zeregina oroitzapenak biltzea eta konexioak gogoratzea izaten da, helburu jakin bati begira, hala nola ikuskera sinoptikoa. 

Hirugarrenik, azaleko gramatika eta sakonekoa bereiziko ditu Wittgensteinek. Zentzu horretan deitzen die Wittgensteinek Filosofia-azterketei “ikerketa gramatikalak”. Noski, Wittgensteinek ez du “gramatika” hizkuntzalarien moduan ulertzen.

“Izan” edo “adierazi” aditzen sakoneko gramatika eta azalekoa ez datoz bat. Berdintsuak dira azalean “Aulki berri bat du”, “Buruko mina du” edo “Leibnizek arrazoi du”; sakonean ez, ordea. Baina ez gara berehala ohartzen, eta gramatika biak nahasteak eragiten dizkigu ispilatze eta begitazio metafisikoak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.