Tele 5en eta Antena 3ren boltxebismoa
Ez oso maiz ikustea izan daiteke behar bada Tele 5i eta Antena 3ri nolabaiteko sinpatia izateko bide bakarra... Behin batean, uda baino lehen, zapinean ari nintzela, bi-biak iruditu zitzaizkidan iraultza berdin-zalearen aldeko tresna eragingarriak, orain arte ia beti irainduak, umiliatuak eta isilaraziak izan direnei arnasa eta hitza ematen zieten heinean.
Tele 5en Belen Esteban zegoen. Andaluzian ohikoa izan da señorito harraparia, inguruko herrietako neska gazteak beretzat hartzen zituen jauntxo feudala, Feriako Duke pederasta bezala: amak berak etortzen zitzaizkion beren umeen sexua diru-truke saltzera.
Hainbat eta hainbat eskualdetan aberatsak gura legez erabili izan du pobrea, bere apetarik itsusienak betetzeko tresna mutu izan zaio. Horietakoak dituzu Janeirotarrak, Jesulin eta.
Belen Estebanekin ordea ez dute nahi dutena egin ahal izan, Tele 5i esker besteak beste, herriaren printzesa izateraino goititu baitu.
Iragarkietan Antena 3ra aldatu eta banderillero apal bat ageri zen negarrez. Zioenez, zezen-munduan karrera egin nahi, eta plazak eta lana lortu ahal izateko, apoderatuak, ugazabak, hasieran bere aurrean biluzteko agintzen zion, gero elkar masturbatzera behartzen zuen, popatik ematen zion...
Eta Antena 3k ere galtzaile xeheari ematen zion hitza, deus ez zuenari, behetik zetorrenari, jendaurrean adieraz zezan handiki harroak sekula betikoz ezkutuan nahi zukeen egia lotsagarria.
Ezustean banderilleroaren aitak telefonoz hots egin zuen, zuzenean, orduantxe jakin baitzuen semearen ibilbide ilunaren berri. Aita ere negarrez hasi zen, semearen zotinak areagotuz.
Berebiziko audientzia lortu zuten.