Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Spinozaren bizitza

Spinozaren bizitza

Markos Zapiain 2025/11/11 10:55

1632an jaio zen Spinoza, Amsterdamen, eta 1677an hil, Hagan.

Errege Katolikoek Spinozaren arbasoak juduak izateagatik jazarri eta Espainiatik Portugalera ihes egin behar izan zuten. Baina 1498an Espainiak Portugal konkistatu zuen. Berriro alde egin behar. Europan barrena harat-honat ibili ondoren, Amsterdamen kokatu ziren spinozatarrak azkenik,  Europako herririk toleranteena baitzen hamazazpigarren mendean Herbehereak. Han jaio zen Baruch Spinoza. Portugalek Espainiari independentzia lortzeko gerra irabaztea poz handiz ospatu zuten spinozatarrek eta  Amsterdamgo portugaldarren kolonia osoak.

Filosofo baten bizitza heriotza-zigorraz amaitzea ez da ezohikoa (Sokrates, Giordano Bruno). Baina hilketa-saio batez eta anatema ikaragarri batez hastea bai, deigarria da.

Judaismoan hezi zuten Spinoza. Baina hogeita hiru urte zituelarik sinagogatik bota zuten, eta anatema hau irakurri zioten: “Madarikatua bedi egunez eta gauez,  Jainkoak ez dio inoiz barkatuko, suntsitu egingo du bere izena, inork ezingo du harekin komunikatu, ez hitzez ez idatziz, ez harekin gela berean egon, ez hark idatzirikorik irakurri”.

Agintari erlijiosoek —katolikoek, juduek zein kalbindarrek— ezin zuten eraman Spinozak Biblia historialariaren begiekin irakurtzea, ez teologoarenekin. Irakurketa kritiko eta zentzuzko horrek eraman zuen uste izatera Biblia ez zuela Jainkoak idatzi, baizik interesak zituzten gizaki zehatz batzuek, une historiko jakin batzuetan.

Estatua eta Elizak bereiztea aldarrikatu zuen Spinozak, kontzientzia eta adierazpen askatasuna, eta deszentralizazioari lotu zion laikotasuna, probintzien subiranotasunari. Zentzu horretan, errotik da Spinozaren laikotasuna XXI. mendeko frantziar eta espainiar jakobino zentralistak ez bezalakoa, zeinek aditzera ematen baitute laikotasunaren hedatzea ezin dela hizkuntza bakarraren inposiziotik banandu. 

Arratsalde batez, kristau fanatiko batek labankada bat jo zion Amsterdameko kale-kantoi ilun batean. Hil arte gorde zuen soingaineko arrakalatua, oroitzeko gizakiek ez dutela beti pentsamendua maite. "Caute" zuen Spinozak ikurritz, “kontuz ibili”.

Era berean, Espainiako inkisizio katolikoak militarrak eta fraideak bidali zituen Amsterdamera, Spinozaren kaleko elkarrizketak kontrolatzera, arimaren hilezkortasuna zalantzan jartzen zuelakoan, eta zerabilen Jainkoaren ideia ez zetorrelakoan bat ortodoxiarenarekin.

Mugatua zen Herbeheretako tolerantzia ere. Arazo handiak izan zituen Spinozak bere liburuak argitaratzeko. Modu anonimoan atera behar izan zuen Tratatu teologiko-politikoa, eta hil ostean Etika. Zenbait gizajo bizirik erre zuten, spinozazale izate hutsagatik. XVIII. mendean “spinozazale” izendapenak irain bat izaten jarraitzen zuen, “ateista”ren pareko. Katolikoek zein protestanteek debekatu zituzten Spinozaren liburuak, eta klandestinoki ibili ziren Europan barrena.

Harrigarri egiten da etsaia maitatzea aldarrikatzen dutenen gorroto hori guztia erakarri izana, zeren Spinoza, osasun eskasekoa, lagunik apalena baitzen. Ospeari muzin egin zion. Uko egin zion Heidelbergeko Unibertsitatean irakasteko eskaintza bati. Ez zuen nahi zoriona lortzeko bideez lasai hausnartu baino. Leiarrak lantzea eta leuntzea zuen lanbide: betaurrekoak, mikroskopioak, teleskopioak. Aditurik zorrotzenek bikaintasuna aitortu zioten zeregin horretan. Tuberkulosiak jota hil zen, 44 urte zeuzkala, leiar-hautsa biriketan sartu zitzaiolako.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.