Spinoza eta maitasuna
Gai nagusi bakar bat dute oinarri eta inspirazio Filosofiaren Historiako zenbait liburu erabakigarrik: mugimendua Lukrezioren Gauzen izaeraz-ek eta denbora Kanten Arrazoimen hutsaren kritika-k. Maitasuna da Spinozaren Etika-ren funtsa.
Razionalisten artean kokatzen dute Spinoza, Descartesekin eta Leibnizekin batera, eta zentzuzkoa da: arrazoimenean eta ulermenean kokatzen baitu Spinozak salbabidea eta zoriona. Ordea, razionalisten artean batere ohikoak ez diren baieztapenak ere egiten ditu: inork ez daki noraino hel daitekeen gorputza, desira da gizakiaren funtsa, gauza bera dira Jainkoa eta Natura, eta ez dute inongo xederik ez planik. Ez dago Jainko transzendenterik.
Razionalistek matematikari aitortzen dioten lehentasunari jarraikiz, metodo geometrikoz dihardu Spinozak emozioei eta sentimenduei buruz: axiometan, demostrazioetan eta korolarioetan biltzen ditu Etika-n Jainkoa, arima eta gorputza, ezagutza, pasioen menpekotasunetik askatzeko aukera, eta jakinduria eta zoriona lortzeko bideak.
Jainkoa, Unibertsoa eta Natura gauza bera da, eta infinitua da. Natura infinitutik guk ezin ditugu ezagutu ezaugarri bi baizik, materia eta pentsamendua, gorputza eta gogoa. Naturaren gainerako atributuak, infinitu ken bi, inguruan dauzkagu, gure adimen eta zentzumenentzat helezinak. Batere razionalistak ez diren sorgin batzuk mundu ezezagun horietarako sarbideak bilatzen saiatzen dira.
Bestalde, ez dago alde batetik gorputza eta bestetik arima. Txanpon beraren aurkia eta ifrentzua dira. Spinozarentzat, gorputza pizteaz batera bizkortzen da arima, eta alderantziz; aldiz, kristauentzat, zenbat ahulago gorputza, hainbat hurbilago arima Jainkoarengandik: hortik zilizioa, baraua, gurarien hildura, desira naturalak bekatu bilakatuak... Gainera, gorputz-gogoen paralelotasunak gezurtatu egiten du gorputza hil osteko arimaren iraupena; eta zer esanik ez, denboren amaierako gorputzen piztuera.
POZA ETA TRISTURA
Naturaren baitan dago gizakia ere, lege naturalei obeditzen die. Ez ditugu gauzak edo pertsonak desiratzen onak iruditzen zaizkigulako; aitzitik, desiratzen ditugulako iruditzen zaizkigu onak. Spinozarentzat, kristauentzat eta psikoanalistentzat ez bezala, desira ez da gabezia eta falta, baizik eta ahala eta poza, eta gizakiaren esentzia da.
Hiru dira desiraren funtsezko adierazpenak: conatusa (bulkada, ahalegina), poza eta tristura. Conatusak bizirik irautera bultzatzen du edozein izaki. Poza da perfekzio handiago batera igarotzeko sentimendua; tristura, alderantziz, perfekzio txikiago batera igarotzeko sentimendua. Maitasuna poza da, kanpoko ideia bat lagun daramala. Eta gorrotoa tristura da, kanpoko ideia bat lagun daramala.
Ez dago Ongi eta Gaizki orokor erlijiosorik, baizik eta ona eta txarra, komenigarria eta kaltegarria. Pozak zabaldu egiten gaitu, geure jarduteko ahalmena, eta hunkituak izatekoa, indartu egiten baititu; tristurak, ostera, jarduteko ahalmena ahuldu egiten digu, geure baitan hertsi. Bat datoz Spinoza eta euskara: hertsi, itxi, etsipen. Tristura mota oro jotzen du Spinozak tenteltzat: judu-kristauek umiltasuna, itxaropena, errukia, damua, bertutetzat dituzte, sufrikarioa eta martiritza santu-bidetzat; Spinozarentzat, berriz, akatsak dira.
Beste batekin txarto konpontzea ez da inoren errua, baizik arazo fisiko-kimiko bat: ez dugu ondo konektatzen. Intoxikazioa zatzaizkit eta natzaizu. Gure elkarketak, poza indartu beharrean, tristura erakartzen du. Esperimentatu beharra dago: zenbait jende, elikadura, liburu ondo datorkit, indartzen bainau: halakoen kontaktua bilatu behar da. Tentela da topaketak zoriaren esku uztea, eta bizitza komeni ez zaizkizun pertsona, janari edo telesailekin igarotzea.
GORPUTZA
Spinozak ez ditu gustuko gizakiari pozbidea lasai erakutsi beharrean errieta, iseka eta erantzukia egiten diotenak. Gizatxarra da besteren ezina irainez larriagotzen duena. Apaizak izaten dira horrelakoak. Betor hortaz bizitza edertu, alaitu eta aberastu egiten duen guztia; baita noski gorputzari atsegin ematen diona ere.
Inork ez baitaki zein den gorputzaren ahalmena. Arimak liluratu ditu fededunak, baina Spinozarentzat enigma, ikergai interesgarria, gorputza da: bere zirrikitu eta atal misteriotsuekin esperimentatu beharko genuke, nekadura, pozaldi eta intentsitate arraroekin, eta eskarmentuaren bidez ikasi.
MAITASUNA ETA GORROTOA
Esan bezala, gizakiaren funtsa ez da arrazoia, baizik desira. Eta giza desirak imitazioz funtzionatzen du, ez dugu gure kabuz eta bakarka desiratzen. Soilik desiratuko dugu besteren batek desira duela edo lezakeela sentitzen duguna. Ez dago erabat autonomoa litzatekeen desiratzailerik. Ez dago aurrena bikotea eta gero jelosia piztu lezakeen bestea, hirugarrena, sarkina, bikoteari kanpotik iristen zaiona: hirugarren hori bikotearen osagai baita berez, bikotea osatzen den unetik beretik edo lehenagotik.
Maitatzeak hobetu egiten gaitu. Dena den, maitasuna onuragarriagoa zaio maitaleari maiteari baino. Izan ere, maitasunik ederrena baita maitatua izatea itxaroten ez duena. Haatik, gizakiok ordainez maita gaitzaten bilatzen ohi dugu.
Eta maiteak alde egin diezaguke. Orduan piztuko den gorrotoa hainbat bortitzagoa izango da, nola sakona lehengo maitasuna. Beste batekin alde egiten badu, gainera, jelosia sortuko da. Orduan, maite ohiarenganako gorrotoari maitale berriarenganako bekaizkeria erantsiko zaio, geuretzat nahi dugunaz gozatzen baitu. Maitearen genitalak eta isuriak maitale berriarenekin nahasirik irudikatzeak areagotu egiten du jelosia.
Gorrotoak gorrotatzaileari egiten dio batik bat kalte. Gorrotaturikoa suntsitzeak eragiten dion poza, tristuraz nahasia da. Eta gorrotoak bultzaturik etsaia garaitu eta menderatzea ez da garaipen aratza, tristuraz zipriztintzen baitu guztia.
Maitasuna indartsuagoa da gorrotoa baino, eta maitasunak osotoro garaitu duen gorrotoa maitasun bilakatzen da. Eta maitasun berri hori, aurretik gorrotorik izan ez balitz baino sendoagoa da.
EZINBESTEZ
Jendeak ez du egiten duena egitea beste erremediorik, eta beraz alferrik da barre edo negar egitea, alferrik sumintzea edo desesperatzea; filosofiak ulertzea du helburu.
Spinozaren ustez, gizakiok zer nahi dugun jakiten dugu, baina ez dakigu zergatik nahi dugun preseski nahi dugun hori. Guztia bageneki, ikusiko genuke jendeak ezinbestez nahi duela nahi duena, eta dagiela dagiena, unibertsoan guztia gertatzen baita kausa-ondorioen kate zorrotzen arabera. Kate horietako gehienak ezezagunak zaizkigulako uste dugu libreak garela: ilusio hutsa da askatasuna, ezjakintasunaren aterpea.
Gertaeren nahitaezkotasun hori ulertzeak aska dezake apur bat gizakia pasioen morrontzatik. Oinazea eragin dizun maitearen eta gertaeraren nondik norakoak goitik behera ulertzeak etsipen pasibotik askatuko zintuzke. Zeure burua eta zure mina ere hobeto ulertuko zenituzke. Askatzaileak zaizkigu ulermena eta egia.
DOHATSUTASUNA
Norberaren baitatik eraikirikoak gehiago balio du kanpotik jasorikoak baino. Maitasun arrunta, poza den heinean, ona da; baina pasio denez, txarra da, pasibo bilakatzen baikaitu, maitearen mendean jartzen. Hobea da nork bere baitan aktiboki pizturiko sugarra, besterenetik hartua baino. Kontua ez baita erantzutea, sortzea baizik; ihardukian indarra xahutu beharrean, geure ahala bildu eta geure burua artistikoki eraikitzea, kanpokoari horrenbeste begiratu gabe.
Spinozaren ustez, izan ere, alferrik da sumintzea; alferrik dagoena deitoratu edo iraintzea. Ez ulertzeak bultzatzen gaitu moralizatzera. Spinozaren xedea unibertsoa ulertzea da. Dagoena ulertzea bere nahitaezkotasuna ezagutzea da, kausa-ondorioen ezinbestea. Eta Spinozarentzat, Artzerentzat bezala, asko dakienak asko maite du, eta asko maite duenak asko daki. Dohatsutasuna, hortaz, zorion betea, dagoen guztia ulertzeaz batera maitatzea da, helburu eder bezain zaila. Baina merezi omen du. Animo neska-mutilak!
