Separatismoaren faboretan
“Herri” izenak hainbat esanahi dauzka, bat ez datozenak “pueblo” edo “peuple” hitzekin. Esanguratsua da nola jarri behar izan zuen Jaucourteko zaldunak arraina bere isatsari hozka ilustratuen Entziklopediarako “herri” (peuple) definitu behar izan zuelarik: “Izen kolektiboa, definitzen zaila, zeren “herri” kontzeptuaren ideia diferenteak sortzen baititugu munduko toki desberdinetan, garai desberdinetan eta gertaeren izaeraren arabera”. Baliteke gizakiak elkarrengandik bereizten dituena ez izatea berdintzen dituena bezain garrantzitsu, baina duda barik Sarkozy ez da kubatarra. Gizatasuna herri desberdinetan ageri da. Jakina, mestizaiak eta mugen lausoak zaildu egiten dute herrien arteko bereizte argia. Konstituzionalistek muturra okertzen dute “herria” irakurtzen dutenean, zaharkin hori, amaginarreba ikusten dutenean bezala. Ordea, noizean behin paseatzera atera beharra dago nola amaginarreba hala herria, frexkatu daitezela momiak.
Inork ez daki zehazki zer ote den herria. “Herria” esaten denean (txetxeniar herria, korsikar herria, euskal herria, maputxeen herria) aipatu nahi izaten da edo Estaturen batek pairatu beharreko odoluzkia, edo bestela Jainkoaren edo G puntuaren antzeko zerbait, definitzen zaila baina baten batek sentitu omen duena. Bizirauten tematurik dabilen herri baten aurkako gerra ideologikoan, etsai inperialak argudiatu ohi du euskal herria ez dela existitzen, haluzinazio hutsa dela, beren burua euskalduntzat jotzen dituzten ero batzuk direla euskaldunak.
Egia esan, irudimenezkoa ez da soilik herria; gizabanakoa ere irudimenezkoa da, David Hume eskoziar filosofo ospetsuak ederki erakutsi zuenez, zeina (berak kontatua) eskoziar izate hutsagatik ingeles orok urkaturik nahi baitzuen. Izena duen herri baten existentzia ukatzeko arrazoiak berdin-berdin erabil litezke edozein identitate pertsonal ukatzeko ere. Ben Gurion, Golda Meir eta Israelgo presidente ia guztiek errepikatu dute palestinar herria ez dela exisitzen, konstituzionalisten ideologo batzuek legetxe euskal herriaz. Eta ez zaie arrazoirik falta; ezta ere eleberri txarren atarietako ohiko oharraren aldaera interesgarri honi: “Eleberri honetako pertsonaia guztiak fikziozkoak dira, bizitza errealeko pertsonak bezal-bezalaxe”. Santi Leoneren nortasuna herri maputxearena edo espainolarena bezain irudimenezkoa da. Edonola ere, irudipenek ondorio errealak eragiten dituzte. Bestalde, ez dut hil nahi, sentimendu natural eta bidezkoa.
Espainiako Konstituzioak, onartu ez genuen arren euskaldun gehienak menpean gauzkanak, lege bortizki antidemokratikoak ditu; hala ere, bada Konstituzioak zapaldurik sentitzen ez den jendea, abertzaletasun konstituzionala deiturikoa aldezten duena. Zozokeria dirudi abertzaletasun konstituzional horrek lehen begiratuan, baina, zozokeria gehiegiren antzera, iruzurra ezkutatzen du: exijitzea bezala da Athletic edota Barca baztertzea eta ahaztea, futbol unibertsalaren maitasunaren izenean, alegia, Real Madridenean, arbitroen laguntzarik gabe titulu bakar bat ere irabazteko gai ez den taldea bestalde.
Espainiako separatismoek gero eta maizago erabiltzen dituzte zentzu komunari dagozkion arrazoibideak, pragmatikoak eta kontsekuentzialistak: Euskal Herriaren tamainak era azkar eta eragingarrian ahalbidetzen du berrikuntza sozial eta ekonomikoei egokitzea eta arazo zehatzen kudeaketa; gainera, jakina, Euskal Herri independente batek hobeki bermatuko luke euskararen iraupena. Aldiz, konstituzionalisten argudioak nahasiak eta mitologikoak izaten dira, edo beldurrean oinarrituak (ez badira mehatxu zuzenak), edo bestela ez dira argudioak. Gaur egun aldarrikatzea estatuak XIX. mendeko kontua direla (baina ezein herrik ez dio borondatez uko egiten halako fosilari, atxikitze susmagarria inondik ere); aldarrikatzea independentziak Europatik at kokatuko gintuzkeela; aldarrikatzea heresia litzatekeela ama aberriaren batasun sakratua eta honen gorputza zatitzen uztea; aldarrikatzea aukera independentista hedatuz gero “tankeak bidaliko ditugu, Konstituzioko zortzigarren artikuluak agintzen baitu”... bistan da honezkero aukera dependentista gelditu dela zaharkiturik, eta ziurgabeen erasokorkeria arriskutsuak itsustu egiten duela.
Independentzia lasaibide eta ongizate litzaiguke, besteak beste PPk, Francoren espirituaren oinordekoak, 10 milioi boto inguru lortzen dituelako Espainian hauteskundea joan hauteskundea jin, eta egiturazko indar hori etengabeko mutur-sartze vaticanista/tardofrankista bilakatzen delako, jokaera politiko, judizial eta mediatikoan; traba itogarria barren, gainetik lehenbailehen astindu beharrekoa.