Saizarbitoria eta Kandinsky
Margolariak dituzu Saizarbitoriaren liburu biren izenburuko protagonistak: Rossetti-ren obsesioa eta Kandinskyren tradizioa. Deigarria gertatzen da euskal eleberrien panoraman. Bestalde, Rossettiren eta Kandinskyren lana garrantzitsua da bi nobela horietan, halaber Klimtena. Saizarbitoria bereziki sentibera da arte plastikoengana.
Hasier Etxeberriari kontatu zionez, marrazketaren bidez ingurukoen mirespena pizten zuen, bai eskolan eta bai etxean. Ikaskideek indio bat marrazteko eskatu eta donostiarrak indio eder askoa egiten zien. Hamahiru urte inguru zeuzkala hasi zen idazten, Pio Barojaren estanpen tankerakoak. Aldi berean, idatzizko estanpak irudiztatu egiten zituen. Trebea zen, “aitak harrotasunez erakusten zizkien bisitariei nik egindako lanak. Esku ona nuen eta etengabe jarduten nuen marrazten.”
Baina, hamasei edo hamazazpi urte zituela, ustekabean, utzi egin zion: “ikusi nuen gai nintzela edozein gauza erreproduzitzeko, zernahi kopiatzeko, baina, hala ere, ez neukala alor horretan zer esanik.”
Saizarbitoriak gazte-gaztetandik hausnartu zuen ez dela aski dagoena bere horretan erreproduzitzeko ahalmena, gauza ahal bezain zehazki kopiatzeko teknika menderatzea. Artistak baino hobeto egiten du hori argazkiak. Bere kabuz heldu zen Moneten eta Kandinskyren obra erabakiko zuen gogoetara. Donostiarrak uste du, pintoreak, benetako artista izango bada, esku ona izateaz gain, zerbait berea esateko behar duela ukan, eta hori espresatzeko gai izan behar duela. Orobat idazleak. (Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan 207-208).
Saizarbitoriak nobelistei buruzko nobelak ditu laket, edo zinemari buruzko filmak. Ez abentura baten kontakizuna baizik kontakizun baten abentura; nobelaren beraren idaztea baita nobelarik interesgarriena. Unamunoren eta Ricardouren ideia hauek Kandiskyren tradizioari dagozkio.
Monet eta Kandinsky hasi ziren argia eta pintura bera pintatzen. Argazkiaren agerpenak margolaritza irauli zuen. Monet ohartu zen zentzugabea zela argazkia agertu arte pintatzen zen bezala pintatzen jarraitzea. Margotutako gauzarekiko antzekotasuna sarriegi izana zen margolanaren balioaren neurgailutzat hartua. Gauza erreproduzitzen ahalegindu beharrean gauzak eragiten zion inpresioa margotuko zuen. Ideia horiek buruan pintatu zuen Monetek Kandinskyrengan eragin erabakigarria izango zuen “La Meule de foin”, “Belar meta”. Pluralean titi parea adierazteko ere erabiltzen da “meule”: “une paire de meules”.
Kandinskyk Moskuko unibertsitatean Zuzenbidea eta Ekonomia ikasi eta hantxe ekin zion jakintza horiek irakasteari. Bertan ezagutu zuen Ania Tximiakin, bere lehengusina, eta ezkondu egin ziren. Esaten da beren arteko harremana intelektuala eta adiskidetasunezkoa izan zela gehienbat. Auskalo.
Kandinskyk berak kontatu du bi izan zirela Zuzenbidea eta Ekonomia utzi eta pinturari ekiteko arrazoi nagusiak: batetik, Wagner-en “Lohengrin” opera. Soinu eta harmonia segida bortitz hark sinestesian murgildu omen zuen. Ezustean, zeharo erreala zitzaion noten eta koloreen arteko harremana. Soinuak kolore bilakatu eta denak ikusi zituen bere adimeneko begien aurrean desfilatzen. Harmonia haiek marra basati eta zoragarriak margotzen zizkioten barne muinetan. Izugarria.
Bestetik, Moneten “Belar meta”. Kandinskyk dio lehenbizikoz ikusi zuela margolan bat zinez: “Katalogoak Belar meta bat zela zioen arren, ezin izan nuen ezagutu, eta horrek ezinegona eragin zidan. Gainera, uste nuen artistak ez zuela hain modu ilunean pintatzeko eskubiderik. Ez zitzaidan ondo iruditzen objekturik ez agertzea. Ordea, harriturik eta nahasturik, ohartu nintzen margolanak ez soilik harrapatzen ninduela, baizik oroimenean grabatzen zitzaidala: ezustean ageri zitzaidan begien aurrean, presente neukan bere xehetasun guztiekin. Oro egiten zitzaidan ulergaitz eta ez nintzen gai izan esperientzia haren ondorioak igartzeko. Garbi nabari nuena zen Moneten paletaren indar harrigarria, ordu arte ezezaguna niretzat, nire amets guztiak gainditzen zituena. “Belar meta”ri maitagarri-ipuinen ahala eta distira zerion. Objektua desakreditaturik gelditzen zen margo-elementu saihestezin gisa.”
Bi bultzatzaile horiek eraman zuten Kandinsky modeloa kopiatzeko tradizioa irauli eta esateko zeukana bestela adieraztera, Saizarbitoriak biziki maite duen tradizio berri bat abiarazirik.
Dena den, pinturari loturiko esaldi enigmatikoagoak ere idatzi ditu Saizarbitoriak: “emakumeak pintatzen dakitenek lortzen dituzte, ez maitatzen dituztenek”. (Rossetti-ren obsesioa, 85) Hurrengo baterako.