Putnamen inurri marrazkilaria eta garunak tangan
Joxe Azurmendik Hilary Putnamen zenbait arrazoi baliatzen ditu Jerry Fodorren eta gizakia nagusiki arrazoimen konputazional baten arabera ulertzen duen tradizio kartesiar mekanizistari aurre egiteko. Putnamen galdera ironiko hau dakar Azurmendik Humboldt-liburuan: “Zelan pentsatzen da innatoki karburagailu edo burokrata?” (408) Putnamen pentsamendu-esperimentu ezagunek galdera horren atzean dagoen arazo filosofikoa argitzen laguntzen dute. Etekin ederra atera zien Cristina Serranok Egia eta errealitatea Hilary Putnamen filosofian doktore-tesian.
Inurria eta Churchillen aurpegia: antzak ez du esanahia sortzen
Reason, Truth and History liburuaren hasieran irudimenezko esperimentu hauxe dakar Putnamek: inurri bat hareatzan dabil atzera eta aurrera, eta arrastoek Winston Churchillen aurpegia osatzen dute. Galdera: inurriak Churchill marraztu du? Izan ote du Churchill irudikatzeko asmorik?
Ezezkoa da Putnamen erantzuna. Inurriak ez du Churchill ezagutzen, ez du inoiz haren irudirik ikusi eta ez du ezer marrazteko asmorik izan. Marrek Churchillen aurpegiarekin duten antz fisikoa ez da nahikoa irudikapena edo erreferentzia sortzeko. Bere horretan, gauzaren eta bere irudiaren arteko antzekotasunak ez du esanahirik sortzen.
Orduan, zer behar da irudi batek zerbait irudika dezan, edo hitz batek zerbait adieraz dezan? Putnamen iritziz, erreferentzia dagoen tokian asmo edo intentzionalitate mota bat ere badago. Inurriaren kasuan, marrazkia ez da Churchillen irudia zentzu semantikoan, inurriak ez duelako Churchilli buruz pentsatzen.
Harago jotzen du Putnamek: asmo hutsa ere ez da azken azalpena. Churchillen aurpegia marrazteko asmoa izateko, lehenago Churchillengan pentsatzeko gaitasuna behar da. Beraz, oinarrizko galdera ez da zer den intentzionalitatea, baizik eta nola lortzen duten gure pentsamenduek kanpoko errealitateari erreferentzia egitea.
Horregatik, Putnamen inurriak zalantzan jartzen du esanahia forma fisiko hutsetatik ondoriozta daitekeela. Marrazkien egitura grafikoak berdinak izan arren, ez dira gauza bera inurriaren arrastoak eta margolariak berariaz eginiko Churchillen erretratua. Esanahia ez dago sinboloaren forma materialean, ezpada sinboloak munduarekiko eta beste hiztunekiko harremanetan betetzen duen eginkizunean. Humboldt, Davidson eta Azurmendi sentitzen ditugu blowing in the wind.
Garunak tangan: barne-egoerak ere ez dira aski
“Brains in a Vat” da Arrazoia, egia eta historia liburuko bigarren pentsamendu-esperimentua, “garunak ontzian”. Descartesen jeinu maltzurraren hipotesia gaurkotuz, irudika dezagun garun bat tanga batean, ordenagailu bati konektatua. Ordenagailuak garunaren esperientzia guztiak kontrolatzen ditu; halatan, garunak uste du mundu arrunt batean bizi dela, zuhaitzak ikusten dituela, lagunekin hitz egiten duela eta liburuak irakurtzen dituela. Ordenagailu horren beraren barruko programazioaren eta datuen bidez sortzen dira estimuluak (irudiak, usainak, soinuak…), ez dira kanpoko mundutik iristen; alegia, simulazioa da garunaren mundua. Ordenagailuak errealitate birtual oso bat du programatuta bere memorian (fisika-legeak, gauzak, paisaiak, beste pertsona batzuk...). Ez du kanpoko kamerarik edo sentsorerik erabiltzen benetako mundua grabatzeko. Garunak “esku bat mugitu” edo “burua biratu” nahi duenean, nerbio-bukaeretatik seinale elektrikoak bidaltzen ditu, eta ordenagailuak seinale horiek irakurtzen ditu. Seinale horien arabera, ordenagailuak kalkulatzen du zer ikusi, entzun edo usaindu beharko lukeen garunak ingurune birtual horretan. Ondoren, bulkada elektriko berriak sortu eta zuzenean bidaltzen dizkie garuneko gune sentsorialei. Ordenagailuak berak kalkulatzen eta asmatzen du guztia denbora errealean, bideojokoak pantailan irudiak sortzen dituen bezala. Ordea, datuak pantailara bidali beharrean, garuneko neuronei bidaltzen dizkie.
Galdera: garun horrek “zuhaitza” pentsatzen duenean, benetako zuhaitzei egiten die erreferentzia? Putnamen ustez, ez. Garuna hasieratik ontzian egon baldin bada, eta inoiz ez baldin badu zinezko munduarekin loturarik izan, orduan garunaren hitzek ez dute gure hitzen erreferentzia bera. Esperientzia subjektiboa gurearen berdina izan liteke, baina ez esanahia.
Ondorioa da barne-egoera mental berdinek ere ez dutela ezinbestez esanahi bera bermatzen. Gizakiari adimenean gertatzen zaiona ez da aski giza pentsamenduen erreferentzia azaltzeko. Descartesengandik datorren tradizioaren aurka jotzen du horrek, ezagutzaren oinarri ziurra adimenaren barrualdean kokatzen baitu Descartesek. Putnamek erakusten du gizakiaren barruko egoerak ez direla nahikoa esanahia finkatzeko.
