Primerako zauriak
Aita hil zitzaigunean, ospitalean, azken hatsa eman bezain laster senide batek gelako airea eskuz seinalatu, eta esan zuen: “hementxe egongo da orain”. Eta beste batek: “ireki leihoa, gora joatea erraztu behar diogu”. Nik ezin izan dut horrelakorik sinetsi. Uste dut hiltzen zarenean gorputza, arima eta beste guztia doala zulora edo kontainerrera. Eta erabaki eskuzabala haurrideei begira ez da badaezpada ere zeure gorpuzkinak ehortzirik gordetzea, denboren amaierako gorputzen piztueraren itxaropen gutxi-asko lausoak bultzatuta, baizik eta aprobetxagarriak liratekeen zeure organoak ematea.
Edozein gisaz, hainbat sinesmen erlijioso egoistak eta estrabaganteak iruditzen zaizkidan arren, edota ulergaitzak, hala ere, ezinegona eta beldurra uxatzen laguntzen badute, zoritxarra lasaiago eramaten, edota poza erakartzen, orduan zorionak eta gora bihotzak. Egoitza ugari baititu laikotasunaren etxeak. Ondo begitantzen ez zaidana da sinesmen horiek jendartean ezarri nahi izatea, badaude-eta partekatzen ez dituzten hiritarrak. Errespetua merezi dugu agnostikoek eta ateoek ere.
Printzipio orokorra da hori. Baina gero, eguneroko bizitzan, onartu beharra dago eztabaida sutsu bezain aberrante eta barregarriak bideratzea dela sinesmenaren onuretako bat, kontsolamenduarekin eta erruki eskuzabalarekin batera. Eta hor bai, poxelu eta min egiten diote elkarri fededunek eta fedegabeek.
Espektakulu globalaren osagai garrantzitsua dira Aste Santuko prozesioei lotutako ika-mikak —magufoak ote diren kristauak—, Santa Teresa Jesusenaren eskeletoaren erakusketa makabroak piztu dituenak… Hain zuzen, azken horrek ez al du berriro adierazten ondo ez dabilen zerbait dagoela kristautasunaren oinarrian? Heriotza maite duen jende mordoa erakarri du, kristautasunak hasieratik erakutsi duen ukitu tanatofiloak. Astero ikusten zuten Mel Gibsonen La pasión de Cristo gure izebaren komentuan. Christopher Hitchens fidagarriaren iritziz, kristau gay sadomadoz osaturiko merkatu zabalaren bila ibili zen Gibson antisemita, eta asmatu zuen.
Behin batean, Calahorran, elizaren ondoko plazatxoan eserita geundela, ilunabarrean, soineko arrosa estrainio bat zeraman andre bat agertu zen, 70 urte ingurukoa, Poltergeisteko mediumaren oso antzekoa. Venid, venid, que os enseño la iglesia, que tengo las llaves. Elizan sartu, eta Jesu Kristo gurutziltzatu batengana hurbildu gintuen, dena odol eta tristura. Orduan, eskua hartu zidan, Jesusen zaurietara eraman, eta bat-banaka ukiarazi zizkidan, haren eskua nirearen gainean gidari, eta “mira, fíjate qué heridas más estupendas” esan zidan.