Portuondo doktorearen irakaspen psikoanalitiko batzuk
Ikasleek argi ikus dezakete zer den saio psikoanalitiko klasikoa (protagonistaren eta Portuondoren artekoa, biak bakarrik, Portuondo bizarduna sofan eserita pipa erretzen eta protagonista dibanean etzanik); baita zer den talde-terapia ere; eta zer den antzerki-terapia edo psikodrama.
Bestalde, interesgarria da nola definitzen duen Portuondo kubatarrak maitasuna: neurosi biren arteko adostea eta doitzea. Bataren neurosiari bestearena komeni zaio. Horregatik apurtzen dira bikote asko bikotekideetako batek psikoanalizatzeari ekiten diolarik: tratamenduak aurrera egin ahala sendatzera jo eta neurosia gainditzen duenez, orduan bikotekidea nolabait bakarrik gelditzen da bere neurosian eta bat etortze eta doitze hura desegin egiten da; aurrerantzean, horrenbestez, galdua du bikoteak zentzua.
Telesailak, gainera, garbi nabarmentzen du neurotikoaren eta eskizofrenikoaren arteko aldea. Neurotiko tipikoa dugu protagonista. Halako batean, Esteban eskizofrenikoa agertuko da Portuondorenean. Eta Portuondok, Deleuzek eta Guattarik bezala, eskizofrenikoak maite ditu. Neurotikoen arazoak faltsuak iruditzen zaizkio, psikotikoenak ez bezala. Maitasuna izango da Portuondoren bidea Estebanengana hurbiltzeko, besarkatu eta "maite zaitut" bihotzez oihukatzea. Freud neurotikoa zen, eta Portuondok Freudek baino sakonkiago konektatzen du psikotikoekin.
Bide batez esanda, beste gizaki guztiok bezalaxe zen Freud neurotiko, piztia izatetik arrazoizko izatera pasatzeagatik ordaindu behar izan duguna baita neurosia. Edozelan ere, ez da ahaztu behar barruan daramagun piztiak orro egiten duelarik, arrazoia dardarka hasten dela.
Bukatzeko, artistaren figura ere goraipatzen du Portuondok. Eroa gai da inkontzientean sartzeko, baina ez du ateratzen eldarnioa baizik. Neurotikoa ezin da inkontzientean sartu, primeran moldatzen da bere buruari oztopoak eta hesiak ipintzeko. Artista ordea bai, inkontzientean sartu eta obra ateratzen du bertatik, sorkari egituratua.