Har ezank asentsio belarra; eztiz nahastuta nahi izanez gero, baina hartu
Filosofo greko klasiko guztien artean Platonena da oso-osorik iritsi zaigun obra bakarra; aldiz, Lukrezioren maisu eta salbatzaile Epikuroren 300 liburuetatik hiru gutun, zenbait maxima eta deus gutxi gehiago heldu zaigu. Agian, Onfrayk uste bezala, idealisten herrak atomismo materialista berariaz suntsitu zuelako. Litekeena da, ordea, hain gizatiarra den utzikeriak ere nolabaiteko errua izatea.
Kontuan hartu behar baita nola transmititzen ziren obrak moldiztegia asmatu baino lehen. Liburuak papiro bilkariak izaten ziren, edo pergamino biribilkiak. Liburutegietan hezetasunak eta saguek inoiz ez zioten beren lan desegile isila egiteari uzten. Halatan, 50 urtean behin, eskribaren batek bere gain hartu behar izaten zuen testua beste bilkari batean kopiatzeko lana. Platonek Akademia Kristo aurreko 385ean fundatu zuen gutxi gorabehera, eta Akademiak bizirik iraun zuen Kristo osteko 529 urtera arte. Erakundearen baitan beti egon zen baten bat fundatzailearen obra kopiatzeko prest (hala ere, bada apokrifo franko eta obra batzuen benetako egiletzari buruzko eztabaidak). Moldiztegia agertu arteko Platonen obraren biziraupenari dagokionez, ez da ahaztu behar atenastarrak eman ziola oinarri eta egitura filosofikoa kristautasunari, hasieran ipuin eta mirari sorta bat baino askoz ere gehiago ez zekarrena. Gainera, 380an Teodosio enperadoreak kristautasuna Erromatar Inperioko erlijio ofizial bakar izendatu zuen.
Eta Leuzipo, Demokrito, Epikuro? Egia da kristauek ezin zutela deus aprobetxatu materialisten obratik; are okerrago, etsai nazkagarritzat jo zituzten. Epikurozaleei “zerri” deitzeko moda Jesukristo baino lehenagoko idealistek zabaldu zuten: zerriak ez du inoiz gora begiratzen (ezin zerua ezagutu, ideien mundua, haraindia, Jainkoa), lohian bizi da amildua, epikurozaleak bezala gorputzeko zuloetan eta lilzunkerian. Ez da harritzekoa materialisten aurkako idealisten konfabulazio liburu-erretzailearen hipotesia hain egiantzeko eta erakargarria izatea. Baina ez da ahaztu behar zein funtsezkoa den axolagabekeria giza kontuetan.
Nondik nora salbatu zaigu orduan Lukrezioren Gauzen izaeraz? Berriki egin diren latindar poetari buruzko jardunaldi batzuetan Javier Agirre irakasle eta Epikuroren euskaratzaileak iradoki du obraren poesia izaerak babestu zuela sugarretatik. Begirune berezia omen zitzaion artean poesiari.
Eta zergatik erabili ote zuen Lukreziok poesia, Epikuroren doktrina Memmio eskaintza-hartzaileari eta oro har edozein irakurleri helarazteko? Liburuan bertan dioenez, medikuak sendabelar eta botika mingotsa eztiz nahasten duen bezala, umeak har dezan, halaxe eman digu Lukreziok Epikuroren doktrina filosofiko lehorra poesiaren eztiaz adierazia, Memmioren eta gainerako irakurleon burmuinera atseginez igaroaraztearren.
Gauzen izaeraz Venusen laudorio batek abiatzen du. Bizi indar sortzaileen jainkosa da Venus. Haztea dakar fisikan, zabaltzea, hodeien, oinaztuaren eta munduaren sortzea. Etikan, berriz, bizipoza, gozamena, ugaltzea, sexua, umearen jaiotza.
Venusekin batera, haatik, Martitz jainkoak ere eragin handia du gure munduan. Martitzek indar suntsitzaileak ordezkatzen eta irudikatzen ditu, anabasa, desegitea. Heriotza eta usteltzea Fisikan. Eta Etikan oinazea, epidemia, gerra, zitalkeria, hilketa politikoa, sakrifizio erlijiosoa, soldaduen lapurreta, zaharraren heriotza, umearena…
Horrelaxe dabil mundua: plazeraren bilatzeak bultzatzen gaitu, baina Martitzek eragozten digu.
Eta Lukreziorentzat filosofia, besteak beste, Martitz baztertu eta Venus barnebildu eta adierazteko artea da. Epikurok lagunduko dio poetari kezka, ezinegona, antsia eta ikara apaltzen, giza arimako ilunpe oinazetsua argitu, onartu eta ahazten. Desiren dietetika zentzudun baten bidez lor daiteke hori, eta aintzat hartuz guztia dabilela lege naturalen arabera. Horrela eginarazten zaie atzera sufrimenduari eta erlijioari.