Penis captivus
Aberatsak, ospetsuak, buruzagiak eta boteretsuak kexu dira, zurrumurrua batik bat beren aurka erabiltzen omen delako. Ez da egia. Esamesa sarritan desberdinaren aurka erabiltzen da, etorkinaren, baztertuaren eta bakartiaren aurka.
Adibidez, bada zurrumurru ezagun bat, koadriletan ez baizik beren kasa zebiltzan emakume bakartien aurka asmatua, entzuna nola gurasoen auzoan, Irunen, hala hemen Bermeoko Talan.
Irunen, andrea, bere zakurrarekin amodioa egiten ari zela, zakila barruan trabatu eta ezin aterarik gelditu omen zen. Esku-ohe bakar batean eraman zituzten etxetik ospitalera, zakurra gainean, desengantxatzera.
Bermeon berriz zakurraren ordez Coca-Cola botilarekin gertatu ei zen. Alu barruan hutsunea sortu eta ezin botilatxoa atera. Gero tabernetako adituek zioten horrelakoetarako Marie Brizarden botila egokiagoa dela, botila-lepoaren forma bereziak berez eramaten baitu G puntura.
Behar bezalako jende txintxoak gizarte kontrola areagotzeko asmaturiko zurrumurruak dira horiek. Francoise Rumeux-k “lintxamenduzko zurrumurru” deitzen die.
Beste aldaki bat, “penis captivus” deritzona: bikote bat leku egoki baten bila dabil, auto dotorea mendi aldera daramate, larrutan hasten dira, gizona gainean. Bat-batean oinaze gogorra sentitu du bizkarraldean eta ezin mugiturik gelditu da, andrearen barruan eta gainean. Andreak azkenik oinarekin klaxona zapaltzea lortu eta ertzainak erakarri ditu. Etorri dira, baina hain da zoritxarrekoa bikotearen jarrera, bikotea bereizteko eta autotik ateratzeko modu bakarra autoa bera ebakitzea baita.
Gizona anbulantziaz ospitalera daramate eta andrea kontsolatzen ahalegindu dira: “Lasai, berehala sendatuko da, bizpahiru eguneko kontua besterik ez.” Eta andrearen erantzuna: “Bost axola niri ospitalea. Nire kezka bakarra da nola azalduko ote diodan senarrari bere autoari gertatu zaiona!”
Reuters berri-agentziak eta Sunday Mirror egunkariak, besteak beste, egia bailitzan zabaldu zuten hiri-kondaira hori.
Adarren aurkako gurutzadaren adierazpenen tankera du hiri-kondaira horrek: adulterioa zigortzen du, baina gainera gure jendarteetan autoak duen gehiegizko garrantzia salatzen du, aditzera ematen baitu jendeari autoa apurtzea gogorragoa eta tragikoagoa zaiola ezkontza apurtzea baino. Gizon gehiegirentzat autoa, itxuraz, garrantzitsuagoa baita emaztea baino, autoa dute benetako emazte, eta hezur-haragizkoa berriz osagarri xume.
Zer ote zuen Josu Jon Imazek gogoan Espainia kautibatu beharra dagoela baieztatu zuelarik? Francok, gerra zibila irabaztean, “desarmado y cautivo el ejército rojo” aldarrikatu zuen. Ez zuen ba Imazek zeharka adierazi nahiko euskal aluak zakil espainola desarmatu eta estu harrapatu beharko lukeela.