Pegatina
EAk argi utzi dizkio gauzak Espainiako Gobernuari: baldin kontsultaren aurkako zemaiari eutsiko balio, orduan pegatinak banatuko lituzke euskaldunen artean. To eta no. Harrapazank Txiribiton.
Gobernu espainolak eta bere morroi judizial eta mediatikoak egundoko erasoa egiten ari zaizkigu airez, lurrez eta itsasoz, EAEko lehendakariak iritzia eskatu nahi baitigu.
Eta guk kontraeraso harrigarri batekin ihardukiko diegu: errepresio politiko-judizialaren aurrean, pegatina iskilu. Piztiak erasotzaileari haginak erakutsiz erantzuten dion bezala, guk pegatina erakutsiko diogu. Lehen begiratuan xelebrea dirudi, baina gerra psikologikoan etsaiari kalte batik bat ezustekoak egiten dio. Txunditu egingo da Madril, ondoren kikildu eta azkenik kontsulta baimenduko du.
Beldur ginen Eusko Jaurlaritzak kontsultarako mahaiak prestatu eta urriaren hogeita bostean espainolek tankeak bidali eta Balzak EAEko ariketa demokratiko hori babestera eta espainolei aurre egitera ez ote zituen Ertzaintza eta Beltzak bidaliko.
Latza litzateke eta desatsegina. Pegatina lagun, beti ere, lasaiago.
Txarrena, Guardia Zibilak pegatinei tiroka hastea, gauza bera baita pegatinei tiro egitea eta pegatina daramatenei tiro egitea, eta jendeak eskuarki bihotzean eramaten du.
Beste masaila ipintzeko era modernoa izan liteke pegatina: etsaiaren mehatxuaren aurrean, bihotzean pegatina xume bat itsatsi. Garaikoetxea beti izan da oso Gandhizalea, eta pegatina ez-biolentzia aktiboaren adierazpen eta ikur dateke. Egia da ez dirudiela aktibismo handiko kontua: eskuan har eta jertsean itsats. Ordea, aurretik pegatina irudikatzeko lana duzu, irarkola, banatzea… Estresagarri izatera irits liteke; baina herriak espero bezala erantzunez gero, ez soilik gaitzerdi: hori poza!
Bide berriak jorratzen ari zaigu EA. Garrantzi berezia eskuratuko du apika pegatinak etorkizuneko gerretan. Iranek bonba nuklearra izango du berehala; guk pegatina.
Eta nik behintzat nahiago pegatina nuklearra baino. Behin gerra abiatuta, zein ote eragingarriago, nuklearra ala pegatina? Nuklearrak etsaien nuklearra erakartzen du; pegatinak etsaiaren pegatina erakarriko du, eta etsaia azken batean beste herri bat da, eta herri arrotza nuklearraren bidez baino askozaz sakonkiago ezagutu daiteke pegatinen bidez, nuklearra beti eta nonahi baita berdintsua; askotarikoa berriz pegatina eta bariedade handikoa: sumendia erakuts dezake, piramideak, xagutxoak, eguzkia, kanoa bat...
Egia da “pegatina” hitzak baduela ukitu izugarri bat, oldarraldirako egokia; baina badu halaber “ina”z bukatzen diren lau silabadun hitzen ohiko xarma: pegatina, tirolina, mandolina, bitamina, merkromina: musika, natura, botika… Guzti-guztiak biziaren aldeko.
Oso artikulu ona Markos. Benetan, barre zintzoak egin ditut honen harira. Zorionak!