Pan (II)
Gosean eta Leturiaren egunkari ezkutuan legez, bat eta bera dira narratzailea eta protagonista Panen ere. Azken honetan Thomas Glahn tenientea, hogeita hamar urte inguruko ehiztari bakarti txit erakargarria. Kontraesanek bizi dute: harro bezain lotsatia da, samurra eta bortitza, maitasun-premia izugarria du baina, maitasuna jasotzen duenean, maitea suntsitzeko joera pizten zaio.
Edvarda maite du Glahnek, Sirilundeko merkatari aberats eta figura nagusiaren alaba gazte, bizi, aldakor eta apetatsua. Zerbait basatik eta misteriotsuk darama Glahnengana. Bortitza dute hasierako erakarpena eta lilura. Glahnen txabolara joaten da Edvarda. Une zoriontsuak igarotzen dituzte elkarrekin natura betean. Glahnek Edvarda idealizatzen du, Leturiak Miren bezala. Seinale txarra, noizbait etorriko baita errealitate gordinarekin talka. Glahnek ez baitu zinezko Edvarda maite, berak gogoan sortu duen irudi idealizatu kuttuna baizik. Glahn naturaren semea da, bulkada biolentoak mendean hartzeko ezgai; Edvarda, berriz, gizarte burgesaren eta joko sozialen produktua. Kontraste horrek Glahnen obsesioa elikatzen du: ezin ditu Edvardaren manipulazio zirikatzaileak ulertu, eta horrek maskulinitatea zauritu eta etsipen handia eragiten dio.
Glahn, gai bada ere naturarekin harmonian bizitzeko, ez daki beste pertsona bat maitatzen. Eta Edvardak Glahn bereganatu nahi duen arren, haren izaera basatia mespretxatzen du, Glahnek ez daki-eta gizarteak eskatzen dizkion arauak betetzen, ezta politezia ñimiño bat erakusten ere. Halatan, Glahn harroak baldar sentitzen du bere burua Edvardaren aurrean.
Glahn bezain harroa da bestalde Edvarda, eta etengabeko hurbiltze-urrutiratze neurotikoak erabakiko du harremana. Edvarda Glahnengana hurbiltzen da batzuetan; beste batzuetan, Glahn erakarri orduko, arrazoi barik, hotz jokatzen du, uko egiten dio. Ostera, Glahn urrutiratzen denean, Edvardak berriro bilatzen du. Joan-etorri estrainio horrek Glahnen obsesioa handitzen du. Desira ez da betetzen, eta horrek larridura eta mendekotasun emozional gogorra sortzen dio tenienteari.
Edvardaren arreta galtzeko beldurrez, gero eta bitxiagoa eta kezkagarriagoa da Glahnen jokabidea. Harrokeriaren, jelosiaren eta umiliazioaren joko-zelai bihurtzen da harremana, botere-borroka sadomasokista, gaur egun “toxiko” gisa sailkatuko genukeena.
Edvardarekikoa okertzen denean, Glahnek Evarengan bilatuko du aterpea. Edvardaren kontrapuntua da Eva: herriko neska soila, zuzenagoa, beroagoa eta instintiboagoa Edvarda baino, gozoagoa harreman fisiko zein afektiboetan. Naturalago erakusten ditu gorputza eta desira. Ez du noski Edvardaren sofistikazio psikologikorik.
Edozelan ere, Glahnek ezin du Edvarda burutik kendu. Orain, gizon batzuk ageri dira gainera Edvardaren inguruan: besteak beste, baroia. Etsaitzat jotzen ditu Glahnek, eta areagotu egiten zaizkio jelosia eta harrokeria.
Azkenik, hondoratu egiten da. Egun batean, tiro egingo dio bere oinari, Edvardari bere sufrimendua erakutsita neskaren errukia pizteko. Horixe baita Glahnen ezaugarri nagusietako bat: ezin du bere sentimendua mintzoz modu ulergarrian adierazi; ekintza deigarri, bortitz edo sinboliko bilakatzen du.
Edvarda ere, berdintsu: Glahn maite edo desira duen arren, ezin dio maitasun hori zuzenean eman. Komunikazioaren ordez, etenik gabeko probokazioa dago bien artean.
Trebea da Hamsun sinesgarri egiteko orduan nola jokatzen duten protagonistek beren interesen aurka: Glahnek Edvarda maite du, eta aldi berean baztertu eta min ematen dio; edo bere burua barregarri uzten du Edvardaren aurrean.
Istorioa are gehiago iluntzen da. Gero eta larriagoak dira Glahnen tentsioak Edvardaren aitarekin eta inguruko beste gizonekin, bereziki baroiarekin. Bestalde, Eva ezin da Edvardaren benetako ordezkoa izan, eta Glahnen eta Edvardaren arteko joko maltzurraren biktima bilakatuko da. Itsasontzi baten irteerarekin lotutako erakustaldi batean, tenienteak lehergailuak erabiltzen ditu harkaitz batean eztanda eragiteko, eta eztandaren ondorioz hilko da Eva.
Glahnen mundua desegiten ari da. Natura, hasieran paradisu erotikoa zirudiena, heriotzaren agertoki bilakatu zaio. Jasangaitza zaio gainera Edvarda baroiari salduta ikusi beharra. Halatan, Norlandetik alde egitea erabaki eta Edvardari jakinarazten dio. Edvardak Aesop txakurra eskatzen dio. Glahnek oraindik maite du Edvarda, baina hain dago harremana gorrotoz, harrokeriaz eta oinazez kutsatua, non, Edvardari ahalik eta minik handiena egiteko asmoz, Glahnek Aesop tiroz hil, eta ondoren txakurraren gorpua Edvardari bidaltzen baitio. Ekintza hori da Glahnen obsesioaren adierazpenik bortitzena.
Opari makabro horrek baitarakutsa Glahnen psikologiaren muina: biziki maite dute txakurra nola Glahnek hala Edvardak. Alta, ezin dio bizirik eman, eta maitasunaren ordez heriotza bidaltzen dio. Aldi berean, Glahnek bere bizitzaren eta buruaren zatirik ederrena ere hiltzen du horrela, Aesop izan baita tenientearen alde instintiboaren eta basoko bizimodu zoriontsuaren laguna eta ikurra, nobelako izakirik fidelena eta garbiena. Ordea, Edvardari erakutsi nahi dio haren erruz edozer suntsitzeko gai dela.
Aesop hil ostean joango da Glahn Nordlandetik. Hor buka zitekeen eleberria: uda amaitu da, Edvarda galdu du, Eva hil da, Aesop hil du eta paradisua desegin zaio. Hala ere, Hamsunek epilogo harrigarri bat erantsiko dio.
SEI URTE IGAROTA
Sei urte igaro dira Aesopen hilketatik, 1861ean gaude. Nobelaren azkeneko orrialdeek Norvegiatik ihes eginiko Glahn erakusten digute, Indiako oihanetan, beste europar batekin ehizan. Ehiza-kide hori dugu orain narratzailea, berak kontatuko dizkigu Glahnen azkeneko egunak.
Betiko arazoa errepikatzen zaio Indian ere Glahni: berriro ageri da gizon erakargarri, misteriotsu eta probokatzaile gisa, emakume batek interesa erakusten dio, eta horrek ehiza-lagun narratzailearen jelosia pizten du. Aurrerantzean, gero eta arriskutsuagoa da Glahnen portaera.
Pixkanaka ulertzen dugu zertan dabilen: bere heriotza prestatzen ari da. Ehizaldietako batean, Glahnek behin eta berriro probokatzen du ehiza-kidea. Azkenean, lagunak tiro egin eta Glahn hiltzen du.
Ehiza-istripu edo liskar baten antza daukan arren formalki, kontakizunak argi iradokitzen du Glahnek berak bilatu duela, suizidio disimulatua izan dela. Indiako oihanetan ere, Edvardaren itzalak gidatzen ditu tenientearen azken ekintzak.
Esanguratsua: Glahnek ez du bere buruaz beste zuzenean egin. Beste norbait behartu du bera hiltzera. Jokabide hori bat dator Nordlanden erakutsitakoarekin. Glahnek ezin du sentitzen duena zuzenean adierazi, eta beste muturreraino joko du: Edvarda maite du eta beraz min egiten dio. Aesop maite du eta beraz Aesop hiltzen du. Azkenik, Indian, sakonki maite du bizitza eta beraz bere heriotza eragiten du.
Glahnen tragedia ez da soilik Edvarda galdu izana. Beste alde hau ere barnebiltzen du: naturarekin komunikatzeko gaitasun ia magikoa duen gizonak ez du gizakiekin komunikatzen asmatzen. Basoko bakardadean harmonia aurkitzen du; jendartean, berriz, senezko bulkadek agintzen diote. Arazoa ez da bakarrik Glahnen izaera basatia. Animalia da —beste guztiok bezala—, baina astunegia zaio kontzientziaren pisua. Bat dator Glahn naturarekin, baina ez dator bat ez beste gizakiekin ez bere buruarekin. Glahnen patuaren bitartez, ederki adierazten du eleberriak naturaren eta kulturaren arteko gatazka, eta maitasunak zelan eraman dezakeen jendea eromenera eta burua suntsitzera.
Hortxe dago Hamsunen aitzindaritza: Pan ez da bakarrik XIX. mendeko maitasun tragiko bat. Protagonista, kontraesankorra ez ezik, zatiturik du barrualdea: badaki zer nahi duen, baina, Leturiak bezala, behin eta berriro egiten du kontrakoa.
