Pan (I)
Pan eleberria nahi zuen Txillardegik soldaduskan euskaratu. Zertan da donostiarra liluratu zuen nobela? Eta izan ote zuen eraginik Leturiaren egunkari ezkutuan?
Leturiaren egunkari ezkutua bezala, eleberri laburra da Pan, maitasun istorio tragiko bat du kontagai, eta naturaz, desiraz, bakardadeaz eta gizakia darabiltzaten barneko indar irrazionalez ere dihardu. Oso lirikoa da.
1855eko udaberritik udazkenera bitarteko hilabete batzuk hartzen ditu kontakizunak (1859an jaio zen Hamsun, eta 1894an argitaratu zen Pan).
Norvegiako iparraldean dago kokatua eleberria, Nordlanden, itsaso, fiordo, mendi eta oihanen artean. Sirilund izeneko merkataritza-gunea da Nordlandeko gizarte-bizitzaren erdigunea. Garbi dakar Pan-ek ohiko oposizioa: batetik, basoa, natura, instintua; bestetik jendartea, zibilizazioa eta konbentzioa.
Protagonista, Thomas Glahn tenientea, ez da Sirilunden bizi, basoan baizik, txabola batean, Aesop txakur fidelarekin. Ehizetik eta arrantzatik bizi den gizon bakarti hipersentikorra da. Sirilunden ezagutuko du Edvarda gaztea, eta berehala erakarriko dute elkar. Glahnen eta Edvardaren arteko maitasun ezinezkoak osatzen du kontakizunaren ardatza.
Gertaeretatik zenbait urte igaro ostean idazten ditu Glahnek liburuaren mamia osatzen duten oroitzapenak. Hasieratik dakigu galdutako mundu bati buruz diharduela. Uda berezi bat gogoratzen du tenienteak. Kontakizuna, dena den, ez da gertakarien kronika objektibo hutsa; aldiz, sentsazioak gogoratzen ditu Glahnek batik bat: usainak, argiak, hostoak, animalien mugimenduak, gau zuriak. Naturarekiko lotura erdi mistikoan bizi da, bertan aurkitzen ditu bakea eta askatasuna, gizarte modernoaren arauetatik urruti.
Glahnentzat basoa ez da-eta paisaia hutsa, izaki biziduna baizik: zuhaitzak, hegaztiak, zomorroak, itsasoa, haizea, argia eta gaua kontzientziaren barruan sartzen zaizkio. Hamsunek modu poetikoan deskribatzen du iparraldeko eguzkia eta naturaren indarra.
Horri lotuta hartzen du hain zuzen zentzua izenburuak: basoen, artzainen, sexuaren eta natura basatiaren jainkoa baita Pan greziar mitologian. Ez bakarrik natura lasai ederrarena; natura erotiko, emankor, bortitz, irrazional eta hilkorraren jainkoa ere bada. Eta Glahnek badu panikotik franko: naturaren argi-itzalekin bat egiten du, eta traketsa bezain autosuntsitzailea da giza harremanetan.
Urtaroen bilakaera funtsezkoa da nobelan: uda iparraldeko argitasun ia amaigabearekin hasten da, natura ernatu egiten da, Glahnen desira bezala; uda amaitutakoan, berriz, gauak itzultzen dira, natura zimeltzen hasten da eta Edvardarekiko harremana hondatzen da. Paraleloak dira, hortaz, denbora psikologikoa eta naturaren denbora, Leturiaren egunkari ezkutuan bezalaxe.
