Pan eta Leturiaren egunkari ezkutua (eta III)
Txillardegik azkenik Pan euskaratu ez bazuen ere, Hamsunen maisulanaren zenbait oihartzun nabari dira Leturian, bai teknikari eta bai sentimenduei lotuak.
Batetik, Pani buruzko lehenbiziko testuan aurreratu bezala, Leturiaren egunkari ezkutuaren kapitulu-banaketan dago beharbada oihartzunik argiena. Panen naturaren zikloek, eguzkiak eta urtaroek Glahnen gogo-aldartea eta obsesioa gidatzen dituzten era berean, Txillardegik lau ataletan banatzen du Leturiaren bizitza, lau urtaroei lotuta: Udaberria-n maitemintzen da Mirenekin eta pizten da itxaropena; Uda da ezkonberri zoriontsuen aroa: Leturiak ez du egunkarian ezer ere idazten; Udazkena atalean, kontrara, etsipenak eta desengainuak jota, Parisera ihes egingo du; eta Negua kapituluak, azkenik, ilunpea dakar, bakardadea eta hondamendia; alegia, Mirenen heriotza eta Leturiaren suizidioa.
Bestetik, berdina da halaber narratzaile mota, formula bera erabiltzen dute istorioa aurkezteko: lehenbiziko pertsonan idatzitako egunkari edo paperen aurkikuntza. Panen amaieran Glahnen dokumentuak aurkezten dituen “beste” narratzaile bat dagoen bezala (Indian gertatutakoa kontatzen duen Glahnen ehiza-laguna), Leturiaren egunkari ezkutuan ere biltzaile ezezagun batek ematen du Joxeba Leturiaren egunkariaren berri, eta berak kontatzen du Leturiak bere buruaz beste egin duela.
Hirugarrenik, antiheroia da protagonista, eta nabarmena du hybriserako joera. Antiheroitzat jo izan da Glahn, eta Leturia da euskal literaturako lehenbiziko antiheroia. Biak dira sentiberegiak, neurotikoak, etenik gabeko gatazkan bizi dira beren buruarekin. Gehiegikeriarako joera dute, eta ezin dira jendartean eroso bizi. Pairagaitzak zaizkie kortesia bezalako konbentzioak.
Kontraposizio batek erabakitzen du hurrengo oihartzuna, laugarrena: Hamsunek Glahn basoan isolatzen duen bitartean gizarteari ihes egiteko, Txillardegik Leturia hiri-ingurune moderno eta industrializatu batean kokatzen du, parkeekin eta paisaia urbanoekin. Kokaera desberdina izan arren, hala ere, berdintsua da biek sentitzen duten bakardade existentziala: Glahn jendez inguratuta dagoenean itotzen da, eta Leturia hiriko kaleetan dabil galduta eta isolatuta.
Azkenik, nola Panen hala Leturiaren egunkari ezkutuan, suntsitzailea da maitasuna, eta suizidiora darama. Salbabide izatetik urruti, suntsipen psikologikorako motorra da amodioa. Horretan, zerikusia du amodioaren hasierako maitearen idealizazioaren biolentziak, errealitatea ez baita gai halako zoragarriak berdintzeko. Glahnek Edvarda maite eta gorroto duen dinamika toxikoaren oihartzuna ageri da Leturiak Mirenekin duen harremanean: ezkontzean desengainua dator, ondoren Parisera ihesa, eta azkenik, maite duten emakumearen galerak buruaz beste egitera daramatza bi protagonistak.
