Otzara buruan
Ezkontza-modu modernoaren biktima da Leturia, amodio erotikoak erabakitako ezkontzarena. Gurasoek edo herriak erabaki izan dute ezkontza aski berriki arte; horrek bestelako arazoak eragiten zituen, baina “Leturiaren egunkari ezkutua” libertateak maite-kontuetara dakarren ezinegon ilunaren kontakizuna ere bada, maite-kontuetan ere zailagoa baita sarritan askatasuna morrontza baino.
Orain dela berrehun urte inguru arte, garbi zeuden bereizirik ezkontza eta maitasuna. Montaigneren iritziz, konparazione, itun zibila da ezkontza, erakunde legal, sozial eta ekonomikoa, ondorengotza eta gizarte-ordena bermatzera bideratua, inondik inora ez pasiora. Ezkontideen arteko errespetuan eta adiskidetasunean behar du oinarritu. Gerora, Kierkegaardek idatziko du emazteak inoiz ez duela senarra poeta bilakarazi. Eta, gauzak ondo joango badira, amorostuak behar duela poeta izan, eta senarrak berriz umorista.
Errespetua ez bezala, pasio kontrolaezina da maitemina, bulkada sutsu aldakor menperagaitza. Halatan, akats handitzat zeukan Montaignek ezkontza eta maitasuna nahastea. Maitalearekin ezkontzea zein emazteaz maitemintzea, harremanaren bi joko-arauak haustea zela uste zuen, bakoitzak bere espazioa eta funtzioa betetzen baitzuen.
Montaignerentzat, emazteaz maitemintzea “otzaran kaka egin eta gero buruan jartzea" da (“Virgilioren bertso batzuez”, Entseiuak III, V. atala); alegia, begirunez eta txukun mantendu beharreko erakundea (ezkontza, otzara), grina itsuaren lohiaz zikintzea, azkenean zeure burua ere uhertzeko eta kaltetzeko.
Adituek XIX. mendearen hasieran kokatzen dute ezkontzaren inguruko aldaketa kulturalik handiena Europan. Emakumearen emantzipazioari lotu diote, orduantxe hasi baitziren andreak herria utzi eta hirian lanaren truke soldata jasotzen, eta beregaintasun ekonomikoak maitasunagatik ezkontzea ahalbidetu zien, ez beharturik.
Ordu arte, esan bezala, gurasoek edo herriak kontrolatzen zituen ezkontzak, erabaki ere bai maizetan, eta bikotekideetako baten desleialtasuna herriari eginiko traiziotzat hartzen zuen jendeak. Gurea baino zabalagoa zuten desleialtasunaren kontzepzioa, gainera: halakotzat jotzen zen, berbarako, alarguna bigarren bider ezkontzea. Bere gain hartzen zuen herriak kontrola eta zigorra. Protagonismo berezia izaten zuten apaizek, ofizialki xaribariaren aurka baina azpitik jazarpena bultzatzen.
XVIII. eta XIX. mendeetako aldaketa ekonomiko eta filosofikoengatik iruditzen zaigu gaur egun xaribaria bidegabea bezain higuingarria, eta maitasunari lotzen diogu ezkontza. Zernahi gisaz, Denis de Rougemont historialariak "Maitasuna eta Mendebaldea" gogoangarrian nabarmendu zuen Montaigneren garaiko ezkontza-sistemak egonkortasunaren abantaila zuela, behintzat: ez zenez maitasunean oinarritzen, orduan, amodioa piztu zein itzali, ezkontza ez zen pitzatzen. Hain zuzen, kontrakoa dugu Leturiaren eta Mirenen kasuan, eta gure munduan: maitasunean oinarritzen denez ezkontza modernoa, sentimendua hozten denean errazago suntsitzen da.
