Okerreko zuhaitzari zaunka
Norman Malcolmek zakur bat imajinatu zuen. Ihesi doakion katua haritzera igo dela dirudi, baina azkeneko unean astigarrera egin du jauzi, eta zakurrak ez du ikusi. Zaunka hasi zaio zakurra haritzari.
Orduan guk diogu: “Zakurrak uste du katua haritzean dagoela. Tronpatu da”.
Davidsonen galdera: hala da zinez? Ez ote da areago, hori esaten dugunon ustea?
Agian zakurrak uste du katuak bistan dagoen zuhaitzik zaharrenera egin duela ihes. Edo azkeneko aldiz jazarri zitzaionean igo zen zuhaitz berera igo dela. Beharbada ez du sinesten katua haritzean dagoela. Litekeena da entrenatzen aritzea.
Alta, zaila litzaiguke berriro ere zakurrak sinets ditzakeen gauza desberdin samar horien artean bereiztea.
Joxe Azurmendi: “[Davidsonen] Objekzioari ihes egiteko ostera genezake, zakurrak ez duela uste, edo pentsatzen, arbola hori ez zaharrena dela eta ez azken aldiko bera dela, eta ez ezer, baizik eta katuak arbola horretaraxe igo duela eta deus ez besterik. Objekzioak, hala ere, zutik dirau. Zertan doi-doi datzala, uste du edo pentsatzen du zakurrak, zerbait horko zer horixe izatea, alboko leku eta inguruko edozeren diferentzian; edo ahor dagoen zer horretan, zertan datzala hori arbola izatea (arbolatasuna)?” (377. or)
Zakurrak sinets dezake objektu bat zuhaitz bat dela? Ezinezkoa dirudi, zakurrak zuhaitzei buruzko sinesmen orokor asko dituela suposatzen ez badugu behintzat: hazten diren gauzak direla, lurra eta ura behar dituztela, hostoak dauzkatela edota erre litezkeela. Ez dago zuhaitzaren kontzeptua duen norbaitek sinetsi beharreko gauzen zerrenda finkorik, baina sinesmen orokor askorik gabe ez legoke arrazoirik sinesmen jakin bat zuhaitzari buruzko sinesmena dela identifikatzeko, eta are gutxiago haritzari buruzkoa dela esateko. Antzeko gogoetak aplikatzen zaizkio zakurrak katuari buruz omen duen pentsamenduari.
Azurmendi: “Zakurrak ezin du pentsatu, juzgatu, uste izan, zerbait arbola dela, edo katua dela. Pentsatu esaten duguna, edo pentsamenduarekin Davidson-ek ulertzen duena, zakurrak ezin du egin”.
Beharbada zakurra ez da tronpatu, gure proiekzioetan izan ezik.
Davidsonek dioenez, izan ere, tronpatu ahal izateko, egia zer den jakin behar da; eta egia zer den jakiteko, besteekin bizi behar da. Beraz, pentsatzea ez da jarduera bakartia, elkarbizitzari dagokio.
