Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Notak ipintzeko orduan

Notak ipintzeko orduan

Markos Zapiain 2021/11/06 09:18
Justizia eskuzabala

Saihestu beharreko bi mutur dauzkagu notak ipintzeko orduan.

Batetik, joera sadikoa, zure frustrazioak ikasleen aurka proiektatzea: zein irakaslek ez ote du entzun edo esan esaldiren bat adierazten duena suspentso asko jartzeak ematen ei duen satisfakzioa. Nik, zehazki, Gaztelaniako bat, pasilloan aurrera zihoala, eskuak igurtziz eta irribarrez, “menuda escabechina que me he pegado en Segundo C”.

Horren aldaera bat da nota txar ugari jartzea beste barik identifikatzea zure ikasgaia eta lanbidea serio eta profesionaltasunez hartzearekin, eta nota onak jartzeko joera, alderantziz, errazkeriarekin, fribolitatearekin, gatazkei ihes egin nahi koldarrarekin, edo ikasle, guraso zein zuzendaritzen presioei amore ematearekin.

Kontrako muturrean intzesturako joera dago, supernia desegin eta nota altu arbitrarioen bidez ikasleen afektua zureganatu nahi izatea, noten jabe izateak ematen dizun boterea menpekoen bihotza irabazteko erabiltzea, are bikotekidea bilatzeko, modu gutxi-asko ameslarian.

Notei dagokionez ere, jarrera aristotelikoa da zuzena. Bi esajerazio horien arteko erdialdea ez da mediokritatea, baizik eta bertuterik handiena.

Halatan, notak ipintzeko orduan, justizia da nagusiarazi beharreko balio etikoa, jarrera subjektiboa gidatu behar duen helburua: ez diskriminaziorik, ez faboritismorik (nahiz eta, bestalde, normal hartu beharko genukeen irakasleak hobeto konektatzea ikasle batzuekin beste batzuekin baino; orobat, frantsesek bezala, “le chouchou du professeur” figura; halakoetan, irakasleak bere buruarekin lan etiko-psikologiko bat egin beharko luke, lotura hori notetara ez eramateko).

Justizia nagusi, noski, baina eskuzabaltasuna ere zaindu beharreko balioa da (eta ez soilik ikastetxean). Eta notak jartzeko orduan, bistan da, tarte zabal samar bat egoten da justiziaren mugak zeharkatzen ez dituen eskuzabaltasunerako ere.  

Beraz, ez da egokia nota sistematikoki eskasak dakartzan jarrera hotz zurrun agresiboa; baina ezta ere nota neurriz gain altuak sortzen dituen jarrera bero fusionalegia. Erdibide zuhurrak erakutsiko dizu distantzia egokia, alegia, justizia eskuzabala.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.